Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Lau traineru estropada eta jarduera ugari izango dira asteburu honetan Hondarribiko Arraun Festan

Hondarribiko Udalak eta Hondarribia Arraun Elkarteak elkalanean antolatuta, beste urte batez, Arraun Festa ospatuko da Hondarribian asteburu honetan. Izenak dioen moduan, arrauna izango da asteburuko protagonista nagusia, guztira lau traineru estropada jokatuko baitira: larunbatean, XVIII. Txingudiko Bandera (ETE Liga) jokatu da nahiz Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XX. Bandera (ARC1 Liga); eta, igandean, aldiz, Emakumeen Balfego Banderaren (Euskotren Liga) eta Hondarribiko XXXIX. Bandera - Gran Premio Mapfreren (Eusko Label Liga) txanda izango da. Gure uretan, beraz, punta-puntako arraunlariak izango dira.
Igor Enparan Araneta alkateak bi egun horiek herrian duten garrantzia oso handia dela azpimarratu du: “Hondarribia ez litzateke ulertuko arrauna gabe, eta arrauna Hondarribia gabe. Gaur egun kirola da, baina lanbidea izan zen, horrexegatik dago sustraituta gure izaeran”. Urteroko hitzorduan giro berezia sortzen dela gaineratu du, jendartea batzen duen asteburua baita “harro sentiarazten gaituen asteburua”. Kamiseta, bandera eta zapi berdeak janztera animatu ditu herritarrak. “Nik neuk Hondarribiri eskainiko diot nire animorik handiena”, onartu du.
Bide batez, antolakuntzan lanean diharduten herritar guztiak eskertu nahi izan ditu alkateak, bolondres moduan lanean jardungo duten pertsona guztien ekarpenik gabe ezinezkoa izango litzateke-eta guztia antolatzea. Baina asteburuko lana soilik ez, urte osoan Arraun Elkarteko kideek egiten duten lana azpimarratu nahi izan du Enparan alkateak. “Harrobitik beteranoetaraino, entrenatzaile, laguntzaile eta Arraun Elkartearen inguruan lanean ari diren pertsona guztien lana goraipatu nahi dut. Izaera ireki eta lagunkoiarekin, Arraun Elkartea herri osoaren isla da”.
Joxemi Elduayen Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak asteburu honetan herria arraunlarien hiriburu bihurtuko dela adierazi du: “40 traineru arituko dira, 25 herrietakoak eta, guztira, 560 arraunlari izango ditugu gurean”. Asteburu ederra izango dela gaineratu du: “Berdez jantzi eta gure neska mutilak animatzeko unea da. Urte guztia entrenatzen dramate, eta etxean jokatzen dutenean herritarrok euren ondoan egon behar dugu”.
Jaime Quevedok, Gipuzkoako Mapfre Aseguruetako aholkulari arduradunak, bere aldetik, Hondarribiko Bandera babesten hemeretzi urte daramatzatela aipatu du, harrotasunarekin eta ohore handiarekin. Datorren urtea 20. urteurrena izango da, horregatik, “zerbait berezia” egiteko aukera mahaigaineratu du.
Datorren urteko hitzordua iritsi aurretik, ordea, asteburu honetan hamaika ekitaldi izango dira herrian eta Udalak jaia errespetuz, elkarbizitzaz eta giro onean bizitzeko deia egiten du.
Egitaraua
Abuztuak 8, larunbata
- 10:30: ABIYUAN fanfarrea kirol kaitik estropada eremura
- 11:00: ESTROPADAK
Abuztuak 9, igandea
- 8:30: DIANA Jostallu dultzaineroak
- 10:00: Suziria eta ABIYUAN fanfarrea
- 11:00: KALEJIRA herrikoia San Pedro kaletik
- 11:25: ESTROPADAK
- 13:00: IZUGARRIA konpartsa
- 14:30: BURRUNBA elektrotxaranga
- 18:30: EZTANDA erromeria
- 21:30: DJ KANUPI