Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Larunbatean hasiko dira San Telmo gazteluaz gozatzeko bisita gidatuak

Hondarribiko Udalak San Telmo Gaztelua irekiko die hondarribiarrei eta interesa duten pertsonei. Hala, lehen bisitak larunbata honetan hasiko dira. Hala eman du aditzera Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Alkateak,
“Duela bizpahiru aste esan genuen Udalaren asmoa “Hondarribiko ondarea berreskuratu eta kontserbatzearen aldeko apustu sendoa egitea dela. Ondarea kohesio sozialaren eta garapen ekonomikoaren eragile gisa ikusten dugu, eta horretarako beharrezkoa da herritarrek parte hartzea, bai bertatik bertara gozatuz programatuko ditugun bisita gidatuekin, bai etorkizunean gazteluaren etorkizunari buruzko erabaki egokiak hartzen lagunduko duen kontsulta-prozesuarekin.
Orduan esan genuen abenduan zehar hasiko genituela bisita gidatuak, eta zentzu honetan aipatu nahi dut larunbata honetan hasiko direla bisita gidatu hauek. Euskaraz eta erderaz izango dira, 12 pertsonentzako taldeak osatuko direlarik, eraikinaren ezaugarriak ikusita egokia iruditu zaigu muga hori jartzea.
60 minutuko iraupena izango dute bisitek, ARMA PLAZA Fundazioarekin lankidetzan egiten ditugularik. Mugikortasun-arazorik izanez gero, erreserba egitean jakinarazi beharko da. Udaletik argi daukagu herritar guztiei ireki nahi diegula San Telmo gaztelua, eta behar den esfortzua egingo dugula hiritar guztiek goza dezaten Hondarribian daukagun altxor honetaz”.
Ordutegiak eta izenemateak
Bisitak asteartetik igandera egingo dira. Asteartetik larunbatera 11:00, 12:30 eta 16:00etan izango dira, eta igandetan aldiz, 11:00 eta 12:30ean.
Nahitaezkoa izango da aurretik izena ematea, Udal web orrian,www.hondarribia.eus/santelmo gunean.