Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu
Habiaratutako portletak
Gaurkotasuna
Atzealdea

Kalean abandonatuak dauden txirrindak jaso eta birziklatzeko proiektua aurkeztu dute Udalak eta Balazta Elkarteak

2023·01·23
Hondarribiko Udalak eta Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak elkarlan bat jarri dute abian, herriko kaleetan abandonatuak edo utzita dauden bizikletak jaso, berreskuratu eta bigarren erabilera bat emateko asmotan.

Hondarribiko Udalak eta Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak elkarlan bat jarri dute abian, herriko kaleetan abandonatuak edo utzita dauden bizikletak jaso, berreskuratu eta bigarren erabilera bat emateko asmotan. Ekimenaren informazio gehiago emateko, prentsaurrekoa egin dute gaur Uria Harresia kalean dagoen bizikletak aparkatzeko gunean, eta han izan dira Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotzia, Patxi Aristizabal Udaltzain burua, eta Manu Eizagirre Balazta Elkartearen izenean.

“Azken aldiotan gero eta txirrinda gehiago aurkitzen ditugu abandonatutako egoeran. Aparkatzeko guneak jarri genituenetik are gehiago ikusten dira, eta horren aurrean zerbait egin behar genuela ikusi genuen. Balazta Elkartetik izan dugun laguntza eskertu egin nahi dut, lankidetza-akordioa sinatu dugu eta beraiekin,  eta elkarlanean ongi  ari garelako” esan du Juan Luis SIlanesek.

Prozesua nola izango den zehaztu du Silanes zinegotziak. “Abandonu zantzuak dituen bizikleta bat topatzen denean, Udaltzaingoak informazio moduko pegatina bat jarriko dio bizikletari. 15 egun pasata bizikleta bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramango da txirrinda.

Ondoren, bizikletari argazkia atera, kodea eman, eta argazkia Udal web orrira igoko da katalogoa gaurkotzeko (www.hondarribia.eus/catalogo-bicicletas). Bi hilabete pasa eta gero, bizikleta hondakin bihurtu daiteke, baina bizikleta hori norbaiti eman baino lehen, beharrezkoa da nahitaez Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea, jarraian hilabete bateko epea eman behar zaio eta jabeari bizikleta berreskuratzeko aukera emanez.

Epeen inguruan

Epe hori pasata, (2 hilabete gordailuan + 1 boletinean publikatua), bizikleta hondakin bihurtzen da. Udaletik erabaki dugu  bizikleta hori Balazta Elkarteari ematea, ‘BIR-ZIKLATU’ programaren bidez bizikleta berreskuratu eta behar duen pertsona bati eman diezaion. Hitzarmen bat sinatu dugu eta hori egingo dugula hitz eman dugu bertan” zehaztu du Silanes zinegotziak.

Gizarte ikuspegi bat eman nahi zaio proiektuari, eta Gizarte Zerbitzuetako departamentuarekin lankidetzan, Hondarribian familia batek txirrinda baten beharra izango balu, berreskuratutako bizikleta hori helarazi egingo litzaioke akordio honen bidez.

Pertsona batek katalogoan dagoen bizikleta bat berreskuratu nahi izanez gero, Udaltzaingoan egin beharko du eskaera. Horretarako, NANa eta bizikletaren titulartasuna berea dela adierazten duen agiriren bat: argazkiak, fakturak, etab.