Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Julia Lasaren “Hutsa - Desierta” erakusketa ikusgai Maddalen Arte Gunean

2026-02-03
Julia Lasa Goikoetxea artistaren (Hondarribia, 1996; ilustratzailea, artista plastikoa eta diseinatzaile grafikoa) “Hutsa - Desierta” erakusketa ikusgai egongo da otsailean zehar, Maddalen Arte Gunean.

Julia Lasa Goikoetxea artistaren (Hondarribia, 1996; ilustratzailea, artista plastikoa eta diseinatzaile grafikoa) “Hutsa - Desierta” erakusketa ikusgai egongo da otsailean zehar, Maddalen Arte Gunean. Proiektuak ikus daitekeenaren eta ikusi ezin denaren arteko espazioa aztertzen du, eta bisitariari geldialdia, isiltasuna eta hausnarketa proposatzen dizkio.

Erakusketak diziplina eta material ezberdinak uztartzen ditu. Alde batetik, Miriam Loidik egindako paper artisauan sortutako obra plastikoak aurkezten dira; bestetik, Nepalera egindako bidaiako argazkiak, Laura Gallegorekin elkarlanean garatzen ari den film esperimental baten parte direnak; eta, azkenik, DANEBAT liburu solidarioko irudiak, Katmandun Nepaldala GKEko neskatilekin egindako tailerretan sortuak. Lan guztiak proiektuaren abiapuntuko galderei buruzko fanzine poetiko batekin elkarrizketan daude.

Obra plastikoa hiru eremutan antolatuta dago: materia, pentsamoldea eta arima. Formatu txikiko piezek gorputzaren ahultasuna lantzen dute; neurri ertaineko obrek pentsamenduaren mugak aztertzen dituzte; eta formatu handiko lanek espiritualtasunerako espazio ireki bat proposatzen dute. Azken pieza horiek Atrezzo-k enkoadratu ditu.

Proiektuaren beste ardatz garrantzitsu bat femeninoaren eta hizkuntzaren inguruko hausnarketa da. Artistak azaldu duenez, obra guztiak femeninoan izendatu dira, historian zehar emakumeen eta nesken baitan mutatu diren emozio eta lurraldeei lekua emateko.

Erakusketaren testuinguru soziala Nepalera egindako bidaiak markatzen du. Bidaia horretan, Julia Lasak Bajhang eskualdea bisitatu zuen, Nepaldalak Miren Erquicia emaginarekin batera amatasun-proiektu bat garatzen duen eremua. Prekarietateak eta amatasun-heriotza tasa altuak markatutako errealitate hori argazkien eta DANEBAT liburu solidarioaren bidez islatzen da, eta erakusketaren parte da.

Erakusketa eta tailerrak

Erakusketa otsailean, ostegun eta ostiraletan bisitatzeko aukera izango da 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Ordutegi horretatik kanpoko bisitak hitzordua eskatuta egin ahal izango dira, julialasagoikoetxea@gmail.com helbidera idatzita. 

Era berean, hainbat tailer egingo dira larunbatetan, adin guztietarako proposamenekin.

01. Arte abstraktua Julia Lasarekin. Otsailaren 7a, larunbata 

  • 1. taldea: 11:00 – 12:00 (4–12 urte, 12 lagun) 
  • 2. taldea: 12:00 – 13:00 (4–12 urte, 12 lagun) 

Jolasaren eta sormenaren bidez formak, koloreak eta emozioak esploratzeko tailerra. Parte-hartzaileek pinturarekin eta adierazpen askerekin esperimentatuko dute, taldean sentsibilitate artistikoa garatuz. 

02. Meditazioa eta arte sinbolikoa Julia Lasarekin. Otsailaren 21a, larunbata, 11:00 – 13:00 (+12 urte, 12 lagun) 

Barne-begirada eta sormena uztartzen dituen topaketa. Meditazio ariketak eta arte sinbolikoko elementuak erabiliz, parte-hartzaileek beren barne-mundua aztertuko dute eta sentsazioak formetan eta koloretan islatuko dituzte. 

03. Papel artisaua Miriam Loidirekin eta ilustrazio botanikoa Julia Lasarekin. Otsailaren 28a, larunbata, 11:00 – 13:00 (+16 urte, 12 lagun) 

Esperientzia praktiko eta sentsoriala: papera modu artisauan sortzea eta ilustrazio botanikoa lantzea. Parte-hartzaileek erakusketako lanak sortzeko prozesua ezagutuko dute, eta aldi berean beren adierazpen sortzailearekin konektatuko dute. 

Erakusketa “txin txin” batekin amaituko da otsailaren 28ko tailerraren ondoren, 13:00etatik 14:00etara.