Aplikazio habiaratuak
Menu Kultura - Kultura
Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Eduki publikatzailea
Atzealdea Joseba Irazoki kontzertua

Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II)
Otoroku harro sentitzen da Joseba Irazokiren album miragarri eta liluragarri hau aurkeztean: bakarlari modura egindako gitarra inprobisazioen bilduma bat. 23 pistatan zehar, albumaren bi zatiek ia ispilu fraktral gisa jokatzen dute; bietako bakoitzak ezin konta ahala maneratan islatzen du bestea, entzunaldi bakoitzean hari eta konplexutasun berriak agerrraraziz.
Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II) dugu 2017an Irazokik berak plazaratu zuen Gitarra Onomatopeikoaren jarraipena, eta album hari zerion batere loturarik gabeko jakin-min baten sentipena berriz ere aurkitzen dugu honetan, baina are gehiago handitua. Uztartu egiten dituelarik gitarrarekiko konpromiso erabatekoa eta ukimenezko arintasun bat, ia egorik gabea, Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II) honek oinarritzat hartzen du Gitarra Onomatopeikoa haren gama zabala, eta emaitza zinez zorabiagarria da.
Diskoa irekitzen duen Ro 276ko tonu-soinu itxi eta melodia urragarrietatik hasita, 3KOko bultzada hipnotiko eta hunkigarriraino; 396267ko estribillo irrikatsu eta krepuskularrak eta MUko joaldi delikatu eta harmonikoa; HOR CHESHIRE HOTELeko birtuosismo akustikotik OSOLeko duo elektroniko erdi-nahasiraino, Irazokik kolore-paleta harrigarriro zabala baliatzen du. Hala ere, deus ez da bortxatua denik nabari, deus ez da erakusteagatik egiten; sentitzen da jakin-min eskuzabal bat eta bihotz irekitasun guztizkoa, horixe besterik ez.
Beste esku txikiago batzuetan, estilo nahiz forma aldetik hain zorabiagarria den ibilbide honek helmugaren sakontasunera ez iristeko arriskua izanen luke, baina Irazokik ez du irudimenik falta bere instrumentuaren ahalbide guztiei ekiteko, eta gainera saiakera hori azken porturaino eramateko behar diren gaitasun teknikoen jabe da. Konposizio bakoitzean proposatzen zaigun lehen asmoak beti harrituko gaitu; aukera guztiak ateratzen dira jokora, deus gorde gabe, eta ekimenaren emaitza da sormenaren indar erakustaldi bat, piezaz pieza dena batzearen ondorioz osotasun bat lortzeko, atalen batuketa hutsa baino askoz ere handiagoa dena.
Aspalditik OTOren faboritoak diren Rhodri Davies eta Raphael Roginskiren ekarpenekin, ofizio eta ikuskera apartako obra da Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II), bestelako zerbait.
Biografia
Joseba Irazoki (Bera, 1974)
Trebetasun anitzeko euskal musikari betigosea, dotorea eta pragmatikoa; ia 20 diskoko diskografia zabala osatu du. Konposizioan bezala inprobisazioan ere interesaturik, Joseba Irazokik proiektu, abentura eta ekimen multzo heterogeneo batean utzi du bere arrastoa, eta, azkenean, bere izaera introspektibo eta pertsonalena askatu du bere izenarekin sinatzera ausartu den lanetan. Horiekin guztiekin, Irazokik ateak zabaldu dizkio unibertso zintzo eta zuzen bati, aratza eta landua dena, zeina sortzen baita sei soken tradizioaren ikerketa sakonetik eta esperimentaziotik, bai eta nortasun espezifiko baten bilaketa sutsutik ere, zeina azkenean aurkitu baitu bere baliabide propioak erabiliz. Horrela, oinarritzat hartzen ditu gitarra irudimentsu batzuk; betiko ezagunak balira bezalako naturaltasuna darien bukleak egiteko gaitasuna; ahots garbi, seguru eta zirraragarri bat; eta melodia bikainak bakantzeko dohaina. Joseba gitarrista oparoa da, ausarta eta zentzuduna, hurbila eta, aldi berean, xokogune miresgarriz betea. Beti konposizioaren, inprobisazioaren eta esperimentazioaren artean ari da, proposamen artistiko harrigarri eta sailkaezina osatzen.
Bere izenarekin sinatutako sormen-lanez gainera, beste musikari batzuekin batera aurkitzen dugu proiektu eta kolaborazio zerrenda luzean, haietan parte hartuz saioko musikari gisa eta zuzeneko gitarrista modura; besteak beste, honako bidaide hauekin: Nacho Vegas, Duncan Dhu, Mikel Erentxun, Rafa Berrio, Amateur, Petti, Rudiger, Rafa Rueda, Anje Duhalde...
Gainera, Joseba Atom Rhumba talde ospetsuko kidea ere izan da, eta nazioarteko artisten ondoan aritu da eta haiekin birak egin ditu: Terry Lee Hale, Barrence Whitefield, Damo Suzuki...
Hainbat diskoetxetan argitartu ditu bere lanak: Lucky kitchen, Creative sources, Glasvocht records, Important records, Con-V, Moonpalace records, Hirusta records, Bidehuts, Brown interior music, Mascarpone discos...
2001etik hasita gaur egun arte disko ugari argitaratu ditu, haietan bilduta lan instrumental, esperimental eta inprobisazioan oinarritutakoak, alde batetik — Tokian tokiko (2005), Olatuetan (2006), Pertsona (2007), Gitarra onomatopeikoa (2017), Ez-Nostalgia (2019) —, eta bestetik kantu formatukoak: Irri eta solas (2004), Gizona zakur egin zen (2005), Pobre gara (2007), Euria ari du (2010)... Bere azken diskoak J.I.E.L (Joseba Irazoki eta Lagunak) bezala sinatu ditu: I (2014), Zu al zara? (2018) eta III (2021). Bestalde, bi disko grabatu ditu Beñat Achiary eta Julen Achiaryrekin, BASHOAN izenekoak, Robbie Basho musikari amerikarra omentzeko asmoz eginak, eta ONDDO eta ON BENITO taldeen sortzaile eta konpositorea izan zen.
