Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua Talaia Bordari ikastetxean izan da bertako hezkuntza proiektua eta egindako lanak ezagutzen

2023-03-27
Ikastetxeak duen hezkuntza-proiektua eta darabilen ikasketa kooperatiboko metodologia ezagutu ditu Txomin Sagarzazu Alkatearekin batera

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hondarribiko Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxera egin du bisita gaur goizean, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatearekin eta eta Gipuzkoako Hezkuntza lurralde ordezkari Amaia Urzelairekin batera. Bertako zuzendaritza taldearen eskutik, eskolako instalazioez gain, Talaia ikastetxe publikoak bultzatzen duen hezkuntza-proiektua ezagutu ahal izan du.

2022-2023 ikasturte honetan, Hondarribiko Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak 800 ikasle inguru ditu, 2 eta 12 urte bitartekoak, ikastetxea osatzen duten hiru eraikinetan banatuta. Guztira, hezkuntzako 90 profesional arduratzen dira ikasle horietaz.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “gaur egun pozgarria da. Hezkuntza Sailak markatzen dituen erizpide pedagogikoak jarraituz, eta noski, Ikastetxearekin batera, argi daukagu Udalak egin beharreko lanak bidelagun izatea direla. Bertako seme-alabak dira ikastetxeko ikasleak, eta bat egiten dugu markatu diren erizpideekin, eta gaurkoa bezalako argazki ederrek bidea erakusten digute”.

Jaione Bikuña ikastetxeko zuzendariak esan duenez, “duela gutxi amaitu ditugu hobekuntza eta antolamendu lanak, espazio argi eta zabal hau izateko. Eskerrak eman nahi dizkiet Hezkuntza Sailari eta Udalari bere inplikazioagatik, eta gure erronka da orain eremu guztiak pedagogikoki antolatzea, ikasle guztiak hemendik igaro daitezen. Ilusioa eta gogoa ez zaizkigu falta”.

Metodologia berritzailea

“Talaia Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak ilusioz beteriko unea bizi du egunotan; izan ere, bertako instalazioetan ia-ia amaituta baitaude espazio berriak egokitzeko egiten ari diren lanak. Bertako zuzendaritza eta irakasle taldea ikastetxe honetan urteetan ezartzen ari diren hezkuntza-proiektuarekin eta metodologia berritzaileekin guztiz bat datozen espazio berrituak ditu Talaiak” gehitu du Bildarratz sailburuak.

Espazio berritu eta egokitu hori, hainbat gune edo txokotan banatzen da, ikasleek gune horietako bakoitzean egingo duten zereginaren edo lanaren arabera (taldean lan egitea, informazioa bilatzea, aurkezpenak egitea, ikus-entzunezko edukiak eta multimedia-edukiak sortzea…). Nolanahi ere, espazio argiak eta malguak dira, ikasleen arteko parte-hartzea, elkarrekintzak eta eztabaida sustatzen dutenak. Altzari mugikorrak eta moldakorrak dituzte, baita gailu digitalak ere ikaskuntza-prozesua gauzatzeko. Azken batean, ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko muga gainditu nahi dute.

Baina berrikuntza eta eraldaketa metodologikoa ez dira berriak Talaian, eta ez dira hutsetik abiatzen gai horretan. Talaia HLHIk urteak daramatza ikasgeletan ikasketa kooperatiboa lantzen; Hondarribiko ikasleentzat proiektuen bidez ikasteko esperientzia ez da batere arrotza; eta urteak dira Talaia Telebista eta Talaia Irratia, lan-tresna bat gehiago bailiran, ikasgeletako jardueran integratuta daudela.

Bertako ikasleek badakite zer den partekatuz, lankidetzan arituz eta elkarreraginean ikastea. Orain, espazio egokitu berriek aukera emango diote ikastetxeari bere berrikuntza metodologikoa modu integratuagoan ezartzeko, egunerokoan ikasgelan egiten duten lanaren luzapen gisa.