Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Janus Lester, Neomak, Latzen, Amparanoia, Cuatro Pesos de Propina eta beste hainbat artista aurtengo Jai Nagusietan

Hondarribiko Udalak aurtengo Jai Nagusietako musika egitaraua aurkeztu du. Helburua, aurten ere, adin eta gustu guztietarako eskaintza anitza, kalitatezkoa eta orekatua osatzea da, herriko taldeei aukerak eskeiniz eta, aldi berean, Euskal Herriko nahiz nazioarteko artistak herrira ekarriz.
Ortzi Alonso Kultura zinegotziaren hitzetan, "Jai Nagusietako egitaraua herriarekin eta herriarentzat eraikitzen dugu. Horregatik, kultur eragileekin elkarlanean aritu gara, belaunaldi eta publiko guztiei zuzendutako egitaraua osatzeko. Gure herriko taldeak izango ditugu, baina, horrekin batera, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko artista esanguratsuak ere igoko dira oholtzara. Jaiak kultur topagune eta bizipen partekatu bihurtzea da gure asmoa."
Alonsok azpimarratu duenez, aurtengo kartelak estilo musikal eta kultur adierazpen askotarikoak uztartzen ditu: rocka, ska, fusioa, popa, musika elektronikoa, erromeria, rantxerak, etab.
Horien artean nabarmentzekoak dira Janus Lester, euskal poparen belaunaldi berriko ahots esanguratsuenetako bat; Amparanoia, estatuko fusio musikaren aitzindaria; Neomak, gaur egungo euskal musikaren proposamen arrakastatsuenetako bat; oholtzetara itzuli den eta euskal rock doinuak ekarriko dituen Latzen taldea, edo Cuatro Pesos de Propina, Uruguaiko ska eta reggae eszenako talde erreferentea.
Horiez gain, Paramoundras eta Zker Band elektrotxaranga herriko musika sormenaren ordezkari izango dira. Alonsok azpimarratu duenez, “tokiko talentuari ikusgarritasuna ematea” Jai Nagusietako programazioa osatzerakoan garrantzitsua da: “Harro gaude herriko musikari eta sortzaileei protagonismoa emateaz, baina, aldi berean, kalitate handiko kanpoko artistak ekartzeko apustu sendoa egiten dugu. Oreka horrek ematen dio nortasuna Jai Nagusietako kartelari".
Kultura zinegotziak aurreratu duenez, kartela ez dago oraindik erabat itxita, eta abuztuan zehar artista gehiago iragarriko dira.
Musika egitaraua
- Irailak 4, Bentan - SKABIDEAN eta PARAMOUNDRAS
Skabidean Iruñerriko reggae, ska eta rocksteady taldea da. Jamaikako musikak berezkoak dituen erritmoak dira nagusi taldearen kantuetan eta euren zuzenekoetan erritmo bizia nagusitzen da. Ondoren, Psilocybenean jaiotako Paramoundras taldeak Hardpop soinuak eramango ditu oholtza gainera. Azaroan Hondarribian eskainitako lehenengo kontzertuaren ondoren, berriz itzuliko dira etxera.
- Irailak 5, Bentan - AMPARANOIA eta KE TE KALLES
Amparanoia, Amparo Sánchezek gidatutako proiektua, estatuko fusio musikaren erreferente nagusietako bat da. Ska, reggae, rumba, cumbia eta Latinoamerikako erritmoak uztartzen ditu, nazioarteko ibilbide oparoarekin. Bartzelonako Ke Te Kalles taldeak soul eta hip-hopa nahasten ditu. Emakumeek eszenatokietan duten presentzia aldarrikatzeko sortutako talde hau lau emakumek osatzen dute.
- Irailak 6, Bentan - JANUS LESTER eta DJ Siwanaba
Janus Lester euskal poparen belaunaldi berriko ahots nabarmenetako bat da. Berako abeslariak pop garaikidea, indie ukituarekin, eta azken urteotan ibilbide sendoa egiten ari da Euskal Herriko agertokietan. DJ Siwanabak emango dio amaiera gauari. DJ euskaldun-nikaraguarra da, eta Karibeko nahiz Erdialdeko Amerikako doinu eta erritmoak uztartzen ditu, iraganeko klasikoak elektronika garaikidearekin nahastuz.
- Irailak 8, Bentan - CUATRO PASOS DE PROPINA
Cuatro Pesos de Propina, Uruguaiko talde ezaguna, ska, reggae, rock eta musika latinoaren arteko nahasketa bereziagatik nabarmendu da. Latinoamerikako eta Europako agertokietan aritutako taldea da, eta lehen aldiz iritsiko da Hondarribira.
- Irailak 9, Bentan - LATZEN
Latzen euskal rockaren historiako talde esanguratsuenetako bat da. 1990eko hamarkadan entzute handia izan zuen, eta azken urteetako itzulerarekin, belaunaldi desberdinetako publikoak elkartu ditu berriz ere.
- Irailak 9, Arma Plazan - ME VALE MADRE
Me Vale Madre taldeak rantxeren eta Mexikoko musika herrikoiaren festa giroa ekarriko dute. Seikote honek José Alfredo Jiménez edota Chavela Vargasen kantuekin gozatzeko aukera izango da.
- Irailak 10, Bentan - NEOMAK eta TRIKIZIO
Gaur egun euskal musikaren panoramako proiektu arrakastatsuenetako bat da Neomak. Tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen ditu, trikitixa eta panderoaren sustraiak soinu elektronikoekin eta pop kutsuko ekoizpenekin nahasten baititu. Trikizio taldea arduratuko da erromeria giroa sortzeaz. Ia 30 urteko ibilbidearekin, hondarribiarrak ere dantzan jarriko ditu.
- Irailak 10, Portuan - ZKER BAND
Zker Band, Hondarribiko elektrotxaranga, Arrantzale Egunean izango da kaleak musikaz eta festaz girotzen.
- Irailak 10, Kasino Zaharrean - COLECTIVO MALEZA
Colectivo Maleza musika elektroniko garaikidearen proposamen berritzailea da. Soinu elektronikoak, esperimentazioa eta ikus-entzunezko elementuak uztartzen ditu.