Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Jaizkibel mendiko ekialdeko hegaleko euri urak jasotzeko proiektuaren bigarren fasea abian da

Obra irailaren amaieran hasi zen, iraupena 14 hilabetekoa izango da, eta aurrekontua 1.130.000 eurokoa, osorik Gipuzkoako Foru Aldundiaren kargu.

2021·10·14

Jaizkibel mendiaren ekialdeko hegalean uholdeak prebenitzeko proiektuaren bigarren fasea abian da. Gipuzkoako Foru Aldundiak osorik ordaindutako obra irailaren amaieran hasi zen, eta 2022ko abendurako amaitzea espero da, 1.130.000 euroko aurrekontuarekin.

Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Arrokako biribilgunearen inguruan egin den prentsaurrekoan parte hartu du, eta berarekin batera José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua, Enrique Ramos Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendaria, eta José Antonio Santano Txingudiko Zerbitzuetako Mankomunitetareko presidente eta Irungo Alkatea egon dira.

Obra horien bidez, sare bereiziak sortuko dira Baserritar etorbidean, Jaizkibelgo mendi-hegaletatik ura sartzea saihestuz, bai eta Ramón Iribarren pasealekuan ere. Horrela, itsasargiaren errepideak jasotzen dituen eta Foru kaleko biribilguneko galeriara bideratzen diren euri-uren bilketa osatuko da. Era horretan, uholdeak saihestuko dira Jaizkibel mendiaren hegal horretan.

Hondarribiko Alkate den Txomin Sagarzazuk, nabarmendu du lan hau oso beharrezkoa dela udalerriarentzat: “Ikusten ari gara lan honen emaitzak lehenengo fasea burutu ondoren. Horri esker, dagoeneko ez da uholderik izaten inguruan euri asko egiten duenean. Horrela, Jaizkibel inguruko bizilagunek irabazten dute, eta hondarribiar guztiek ere irabazten dugu”. Era berean, Sagarzazuk eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari, “denoi segurtasun handiagoa ematen digun proiektu honen alde egindako apustuagatik”.

Saneamendu sare unitarioak

Proiektuaren beharra honako honetan oinarritzen da: Hondarribiko hirigunean egindako saneamendu-sareak unitarioak dira, hondakin-urak euri-urekin nahastuz, hiri-urak zein ibar naturaletatik datozenak. Euri-ur naturalen edo landa izaerakoen eta hiriko isurketa unitarioen arteko nahasketa horrek hainbat arazo sortzen ditu. Arazo horien artean nabarmentzen dira, batetik, uholdeak, eta, bestetik, araztu behar ez liratekeen ur garbien bilketa, ibilgura itzuli beharko liratekeelako. Horregatik, honek araztegietan tratatu beharreko emariak murriztea eta egon litezkeen arintzeen kontrol hobea ekarriko luke.

Lanak aurtengo irailean hasi ziren, eta 14 hilabeteko epea dute egiteko. Obra horien kostua 1.130.000 eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ordainduko du. Urbycolan SL eraikuntza-enpresa ari da obrak egiten. Obra Hondarribiko Jaizkibel mendiko ekialdeko isurialdeko errekastoetan uholdeak prebenitzeko proiektu integralaren bigarren faseari dagokio. Proiektu hori Txingudiko Zerbitzuek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dute, eta 6. eta 8. kolektoreak egitea aurreikusten da.

Horri dagokionez, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok gogorarazi du Departamentuaren helburu nagusia dela «ur-hornidurako sistemen bermeak indartzea eta hondakin-uren saneamendua osatzea». «Egindako inbertsio materialari eta giza inbertsioari esker, gure ibaien osasuna eta gure etxeetara iristen den uraren kalitatea gainerako erkidegoetakoa baino askoz hobea da», adierazi du Asensiok.

Baserritar etorbidean (6. kolektorea), euri-urak jasoko dira, 270 metro inguruko luzeran, 1000 mm-ko diametroko hormigoizko euri-uren kolektore berri baten bidez, gaur egun lehen fasean egiten ari den kolektorera isurtzeko. Hiriko ur beltzak eta unitarioak biltzeko, 500 mm-ko diametroko hormigoizko kolektore berri bat egingo da, eta egungo sarearekin lotuko da itsasargira doan errepidearekiko bidegurutzearen inguruan.

Ramón Iribarren pasealekuan (8. kolektorea), bestalde, kolektore bereizleak egitea planteatzen da, gutxi gorabehera 140 metroko luzeran, Iterlimen urbanizaziotik Foru kaleko biribilguneraino. Horrela, bertan behera geratuko da egun dagoen bilketa bateratuko galeria. Euri-uren kolektore berria hormigoizkoa izango da, 1200 mm-ko diametrokoa, eta ur beltzen kolektorea, berriz, 400 mm-ko diametrokoa. Biak Iterlimen urbanizaziorako sarbidetik abiatuko dira eta lehen fasean Foru kaleko biribilgunean egindako kutxatilan amaituko dira. Bertan, euri-uren galeriarekin eta ur beltzen sarearekin konektatu ahal izango dira, hurrenez hurren.