Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Jaizkibel mendian XVI. mendean 25 harlanduzko harrobi zeudela ondorioztatu da

Aranzadi Zientzia Elkartea, Hondarribiko Udalaren babesarekin, ‘“ERROTARRI HARROBIAK JAIZKIBEL MENDIAN, Hondarribiko XVI. mendeko gizartea eta ofizioak” proiektua garatzen ari da. Burutzen ari diren ikerketaren inguruan informazio zehatza emateko prentsaurrekoa eman dute gaur Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, eta azterketa taldeko Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadiko herpetologia saileko kidea) eta Denis Alvarez Perez-Sostoa (EHUko doktorea eta irakaslea). Taldearen zuzendaria Javier Castro da eta laugarren kidea Joseba Alonso.
Txomin Sagarzazu Alkateak eskerrak eman dizkie “gaur lan interesgarri hau egi bihurtu duten kideei. Herriko pertsona jantziek bere denbora aportazio bikain hauek egiteko erabiltzea oso pozgarria da. Iaz udal talde guztiei azaldu ziguten proiektua, Jaizkibelen bertan egin genuen mendi irteera batean.
Oso egokia zela ikusi genuen eta orduan hasitako lankidetzari eutsi nahi diogu orain ere. Apirilean aurrekontuaren kreditu aldaketa egitean lan honetan jarraitzeko bidea erakutsi digute eta interesa dugunez, aurrera egingo dugu”
Iñaki Sanz-Azkuek azaldu duenez, “hasiera batean, errotarri harrobiak bilatzea xede zuen ikerketa abiatu genuen. Dokumentu zahar bat bagenuen, eta bertan ikusi zitekeen Jaizkibelen errotarri harrobiak bazirela, baina ez zehazki non. Ordutik aurrera hasi genuen lana, ez bait genekien konkretuki non eta zer zegoen.
25 harlanduzko harrobi
Horretarako, arrastoak jarraitzen hasi ginen, eta 79 laginketa eremu izendatu ditugu, banan-bana ikertu, eta 25 harlanduzko harrobi aurkitu ditugu, zeinetatik 7 interes handikoak direla uste dugun”.
Denis Alvarez Perez-Sostoak zehaztu duenez, “aipatutako 7 harrobi horietako batean gezterak egiten zirela jakin ahal izan dugu, hau da, aizkorak egiteko balio dezaketen zorrozteko harriak. XVI. mende hasieran Lope de Isasti izeneko Lezoko historialariak, kronika batean esaten zuen Jaizkibelgo gezterak Ameriketara eramaten zirela. Ziurtatuta baldin badugu errotarriak Sevilla eta Cadizera eramaten zituztela, eta ez badira bertan erabiltzeko, agian gure susmoa da Amerikar kontinenetara eramaten zirela Jaizkibeleko gezterak, bertan XVI. mendean gizarte berri bat sortzen ari zen eta”.
Orain, hipotesi horri eutsi eta ea noraino iritsi ziren jakin nahi dugu, horretarako lanean jarraitu nahi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari emandako babesarengatik, eta denon artean lanean jarraitzeko asmotan gaude”.
“Udaletik lantaldeak egin duen lan bikain hau nola gizarteratu aztertzen ari gara. Baliteke ARMA PLAZA Fundazioaren bidez egitea, baita bisita gidatu batekin ere, baina oraindik ez daukagu finkatua” amaitu du Sagarzazu Alkateak.