Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Indarrean da ELE ordenantza: euskararen eragina kontuan hartuko da udal jardun guztian

Ordenantza honen bidez, Hondarribiko Udalak beste urrats bat eman du hizkuntza-politikan, udal jardun osoa euskararen normalizazioarekin modu sistematikoan lerrokatzeko. Hemendik aurrera, udaleko arlo guztiek kontuan hartu beharko dute esku artean dituzten plan, proiektu eta egitasmoek euskararen errealitatean izan dezaketen eragina.
Hori dela eta, udal langileek ELE egiteko aplikazioa erabiltzen ikasteko prestakuntza-saioa jaso dute, tresna behar bezala aplikatzeko eta prozeduraren nondik norakoak sakon ezagutzeko.
“Prestakuntza-saioa udaletxeko areto nagusian egin dute, UEMAko teknikaria den Goizane Aranaren eskutik. Helburua ELE aztertzeko aplikazioa erabiltzen ikastea eta prozeduraren funtzionamendua sakon ezagutzea izan da”, adierazi du Garoa Lekuona Izeta Euskara zinegotziak. Izan ere, ordenantzak zehazten du zein kasutan egin behar den nahitaez eragin linguistikoaren ebaluazioa - Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuan ezarritakoa betez- eta zein egoeratan aztertuko den ebaluazioa egin ala ez.
Funtsean, herriko egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen plan eta proiektuak ikuskatuko ditu Udalak. Lekuonaren esanetan, helburua ez da tramite administratibo hutsa betetzea, baizik eta udal jarduna modu sistematikoan euskararen normalizazioarekin lerrokatzea. “Hizkuntza-politika ez da Euskara Sailaren ardura soilik; udal arlo guztiek dute zeresana. Hirigintzatik kulturara, kiroletik turismora, hartzen diren erabakiek eragina dute herritarren hizkuntza-ohituretan eta aukeretan”.
ELEren helburua da Hondarribian gauzatzen diren egitasmo eta jarduera publiko zein pribatuek euskararen egoeran izan ditzaketen balizko eraginak aurreikusi, identifikatu eta ebaluatzea, betiere Udalaren eskumenen barruan. “Adibidez, hiri-antolamenduko planak edo kale eta espazio publikoetako seinaleztapena aztertuko dira, euskararen presentzia bermatuko dela ziurtatzeko. Era berean, turismo, aisialdi edo merkataritza proiektuek herriko hizkuntza-ohituretan izan dezaketen eragina kontuan hartuko da. Gainera, kultura edo aisialdiko ekitaldi handiek eta etxebizitza edo turismo proiektuek ere ikuspegi linguistikoa kontuan hartu beharko dute, herriko hizkuntza-ohituretan izan dezaketen eraginagatik. Helburua da proiektu horiek guztiak abian jarri aurretik hizkuntza-eragina aztertzea eta, beharrezkoa bada, euskararen erabilera indartzeko neurriak proposatzea.”
Era berean, Lekuonak gaineratu du ELEk ikuspegi prebentiboa ere baduela: “Askotan, hizkuntza-eragina ondorioetan nabaritzen dugu. Tresna honen bidez, ordea, aurretik jarduteko aukera izango dugu, balizko eragin negatiboak saihesteko eta, ahal den neurrian, euskararen presentzia eta erabilera indartzeko neurriak proposatzeko”.
ELE Udalari ez ezik, Udalarekin lotura duten erakunde autonomo eta publiko guztiei ere aplikatuko zaie. Era berean, udalerriaz gaindiko proiektu eta planak onartzeko prozeduretan Udalak egin beharreko izapideak zehazten dira, eta Udalarekin hitzarmenak dituzten edo udal-dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde pribatuekin ere hartuko dute aintzat.
Azkenik, ELEren garapena eta jarraipena bermatzeko, Udalak Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako Batzordea eratuko du. Batzordea honako kide hauek osatuko dute: Euskara arloko zinegotzia (lehendakari gisa), Euskara teknikaria, dagokion arloko udal teknikaria eta zinegotzia, UEMAko teknikaria eta, ELE haiek egiten badute, kanpo-enpresetako langileak.