Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak Agintaldi Plana %75ean bete du

- COVID 19aren pandemiari aurre egin zaio, HAPO berriaren tramitazioari erantzun zaio, eta planifikatutako 4tik 3 proiektu garatu ditu Udal Gobernu Taldeak
- Txomin Sagarzazu Alkateak esan du Udalak 2019-2023 agintaldi bereziari ongi erantzun diola, hondarribiarrak erdigunean jarri eta haien beharrei erantzuteko plangintza egin eta gauzatuz
2019ko ekainean hasi eta 2023ko ekainean amaituko den legealdia azken asteetan murgildu da. Horren harira, Txomin Sagarzazu Alkateak EAJren Udal Gobernu Taldeak egindako Agintaldi Planaren balantzea egin nahi izan du, gaur Alkatetzako bulegoan emandako prentsaurrekoan.
“Nire bigarren agintaldia oso berezia izan da. Lehenbizikoan betetako helburuez gain, abian genituen hainbat proiektu agintaldi honetan garatzeko eta beste berri batzuk ere zehaztu bagenituen ere, bi gertakari nagusik eragin digute hasierako asmoa errealitate berrira egokitzea: pandemiari aurre egitea, alde batetik, eta 2017ko Hirigintza Plan Orokorra baliogabetzeari Plan Berriaren bidez erantzun behar izatea” esan du Sagarzazu Alkateak.
Pandemiari dagokionez, esango nuke Hondarribiko Udalak ongi erantzun diola. Aldaketa oso handia izan da, aurretik genituen lehentasunak berriro aztertu behar izan genituen, eta herritarrak erdian jarriz, elkartasun-sare bikaina sortu da eragile sozial, herriko ikastetxe eta Udalaren artean. Hiria bizirik eta indartsu jarraitzeko hainbat iniziatiba hartu ditugu eta aurrera eraman, adibidez ‘Itxeki Hondarribia’ Dirulaguntzak autónomo eta enpresei, bide publikoaren okupazioa ez kobratzea edo bono kanpaina arrakastatsuak.
HAPOren baliogabetzeari dagokionez, hirigintza arloko lehentasunak aldatu behar izan dira, lan handia egin da Udalean orduz geroztik, eta datozen asteetan HAPO beraren haserako onarpena egin nahi dugu, eta gainera, lehen garabiak laister ikusiko ditugu Presa Iean lanean babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen.
“2019-2023 Agintaldi Planaren garapen maila bataz beste %75ekoa izan da. Planaren 7 ardatz nagusiak -Gizarte Politikak, Herritarrak, Tokiko Ekonomia, Mugikortasun Jasangarria, Hirigintza eta Etxebizitza, Garapen Iraunkorra eta Gobernu ona- kontuan hartuta batez beste %75eko betetze-mailara iritsi garela neurtu dugu. Arestian aipatutako eraginak kontuan hartuta Hondarribiko Udalak bere helburuei oso ondo erantzun diela uste dugu” zehaztu du Sagarzazu Alkateak.
Agintaldi Planak 43 helburu ditu eta 103 proiektu, https://www.hondarribia.eus/eu/gardentasuna atalean ikus daiteken moduan. 39 proiektu nabarmenen artean, %67k garapen maila altua dute, %28k ertaina eta %5ek baxua. Balorazio positiboa egin behar da, eta aipatu behar da ere autobusa jartzeko proiektua martxan jartzea ez dugula lortu eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa ezta” gehitu du Sagarzazuk.
Garapen maila altua
Garapen maila egokia duten proiektu nabarmenen artean, Gizarte Politiketan Zerbitzu-Karta osatu dugu eta gizarteratu dugu, Berdintasun Plana onartu eta lan-ildo eta ekintza nagusiak abian jarri ditugu, 75 urtetik gorako pertsonen ikerketa egin dugu, besteak beste.
Herritarrei dagokienez, kultur programazioa egiten jarraitu dugu, ondarea ARMA PLAZA Fundazioaren bidez gizarteratzen jarraitu dugu, San Telmo gaztelua erosi, herritarrekin partekatu eta plangintza lantzen ari gara, Harresien Plan Zuzentzailea egin dugu, Ikastetxeei COVID-19aren ondorioz sortutako egoera berrietan lagundu diegu eta kirol taldeekin harreman estuan segitu eta kirol elkarteak diruz lagundu ditugu. Euskararen erabileran eragin dugu Euskaraldiarekin, Saindua Gaztelekua egokitzeko lanak Pazko Astean hasiko ditugu, eskola kirolean lagundu dugu… besteak beste.
Tokiko ekonomiari dagokionez, Hondarribiko campus teknologikoa jartzeko kudeaketa-lanak egin ditugu, Itxeki Hondarribia aparteko diru-laguntzak eman dizkiegu enpresa eta autonomoei eta Hiriko ekonomia indartzea sustatzeko bono-kanpainak egin ditugu, Hondarribia Abian enplegu programan jarraitu dugu, besteak beste.
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, Kalez kale Hondarribia hobetzen mugikortasun jasangarrirako programa nagusia gauzatu dugu, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana onartu dugu, indarrean jarri eta informazio- nahiz sentsibilizazio-kanpainak eginez zabaldu dugu, aparkalekuen azterketa geoteknikoak egin ditugu, eta Ama Guadalupekoa, Talaia Bordari eta Institutuaren sarrera egokitu ditugu, besteak beste.
Hirigintza eta Etxebizitzari dagokionez, HAPOren izapidetze berria egiten ari gara, Presa Iean alokairuzko etxebizitza publikoak egiteko lan egin dugu, Mendeluko lan mahaian auzoko etxebizitzen errehabilitazioaz ari gara, Arrantzale Auzoa eta Santiago kalea 1-21 berriritartzeko proiektuak aurrera doaz, eta Damarrin 86 etxebizitzako sustapen berria abian jartzeko lanak burutu ditugu azterketa geoteknikoak eginez, besteak beste.
Garapen Iraunkorrari dagokionez, 2030 Agendaren ekintza plana egin dugu, hirian zehar 6 komun publiko jartzeko lanak egiten ari gara eta Jaizkibel mendiko ur bilketaren bi fasean bukatu dira, besteak beste.
Gobernu Onari dagokionez, Herritarrek parte hartzeko egitasmoa garatzen jarraitu dugu eta Udal langileen belaunaldi-aldaketa egiteko plana jorratu dugu, besteak beste.
Balorazio positiboa
Sagarzazu Alkateak honako balorazioa egin du. “Ondo erantzun dio Hondarribiko Udalak 2021-2023 agintaldi berezi eta exijenteari: hondarrribiarrak erdigunean jarri eta haien beharrei erantzuteko plangintza eta gauzatzea egin du. Datuek horixe erakusten dute. Eta aurrera begira garatu beharreko egitasmoak bideratzen hasi da.
Agintaldiaren balantze honetan Hondarribia hobea dugulakoan gaude. Denon lanak Hondarribia hobetzeko balio izan duela argi dugu, hondarribiarrentzat axola handikoak eta beharrezkoak diren proiektuak jorratu ditugu.
Etorkizunari aurre hartzeko oinarrien artean ezinbestekoa izango da Hondarribiko Udalak 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak bete-betean jorratzea.
EAJren Udal Gobernuaren gobernantza-ereduari buruz ere aipamen bat egin nahi nuke: guk badugu hiri ikuspegia eta herritarrek eman diguten konfiantzaz baliatuta proposatu, planifikatu, kudeatu eta gauzatu egin dugu agintaldi honetan. Dena gaizki dago, kudeaketa txarra egiten ari zarete behin eta berriz esaten digunari erantzuteko gure modua gure eguneroko lana eta gauzatutako proiektuen berri ematea da. Badakigu badirela gaur egungo politikan populismoaren bidezidorrak eta berehalako erantzun errazaren bila ibiltzen direnak, baina guk nahiago ditugu bide argi eta zabalak” amaitu du Txomin Sagarzazu Alkateak.