Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribiko Udalaren komunikatu instituzionala

2025-01-24
Hondarribiko Udalak bere gaitzespenik gogorrena adierazi nahi du gure udalerrian Gabon Zaharreko festan DJ lanetan ari zen emakume batek jasandako eraso matxistaren aurrean, eta gure babes eta hurbiltasun osoa adierazi nahi diegu erasotutako emakumeari eta haren inguruari.

Hondarribiko Udalak bere gaitzespenik gogorrena adierazi nahi du gure udalerrian Gabon Zaharreko festan DJ lanetan ari zen emakume batek jasandako eraso matxistaren aurrean, eta gure babes eta hurbiltasun osoa adierazi nahi diegu erasotutako emakumeari eta haren inguruari. Udalak erasoa jasan duen emakumearen esku jarri du eskura duen informazio eta baliabide guztiak, bai eta bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere. 

Hondarribiako Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu eta kontrastatu ondoren, Indarkeria matxistaren aurkako erantzun publikoa emateko Protokolo instituzionala aktibatu du informazioa baloratzeko eta, biktimari edo bere gertukoei egokia den arreta eman ahal izateko, beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko. Arreta egokia bideratu dela ziurtatu eta informazioa baloratu eta gero, Hondarribiko Udalak hurrengo erabakiak hartu ditu: alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume  guztiena.

Indarkeria matxistak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko  gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen  jabe izateko.

Hondarribiko Udalak ardura osoa du udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko. Beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin  honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Langintza horren barruan, ezinbestekoa da adierazpide egokiak eskaintzea Hondarribiko herritarrei, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzetsi ditzaten. Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute. Ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia zital horren ahalmena, emakumeei erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei, berriz, ekintza makur horien ondorioak ordainaraziz.