Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribiko udalaren adierazpena Jesus Carreraren erailketaren 80. urteurrenean

2025-01-16
Gaur, 2025eko urtarrilaren 16a, 80 urte betetzen dira diktadura frankistak Jesus Carrera Olascoaga erahil zuenetik.

Gaur, 2025eko urtarrilaren 16a, 80 urte betetzen dira diktadura frankistak Jesus Carrera Olascoaga erahil zuenetik. 1945eko urtarrilaren 16ean, goizeko ordu txikietan, Jesus Carrera Olaskoaga Alcala de Henareseko kartzelatik atera eta bertako hilerri kanpoan erail zuten.
 
1911ko abuztuaren 17an jaio zen Jesus, Hondarribian kokaturiko Ipar kalean, alde zaharraren bihotzean. Gaztetatik kultura eta politikagintza uztartu zituen, Kerizpe elkarteko eta UGT eta Irungo Gazte Komunisten kide baitzen.

Bigarren errepublikaren eztanda geroztik, bere ibilbide politikoa emankorra izan zen, UGTko Idazkari Sindikal izatetik Euzko Gudarosteko “Gernikako Arbola” erreserbako batailoi komunistako komandante izendatzeraino. Frankoren garaipena gertu zegoelarik erbesteratu eta 1939 eta 1940 urteetan zehar Argeles, Saint Cyprien, Gurs eta Rivesaltesgo Konzentrazio zelaietan egon zen. Alderdi Komunistak azken konzentrazio zelai hartatik erreskatatu zuen Alderdi Komunistaren berrantolaketa bere gidaritzapean utziz. 1942an, Espainiako Alderdiko Komunistako idazkari nagusi izendatu zuten.

1943ko martxoan Madrilen atxilotu zuten eta 1944ean ospatu zen 121.548 prozesu sumarisimoan, heriotza zigorra ezarri zioten, espioitza eta komunismo delituak egotzita. 1945eko urtarrilaren 16ean bete zuten erabakia eta Jesus Carrera Alcala de Henaresen fusilatu zuten, bere gorpua 78 urtez hobi komun batean ahanzturan geratuz. Herriko historialariek egindako lanketari esker Kandido Saseta gudalburuaren gorpuzkiak 2008an Hondarribira itzuli baziren, Jesus Carrerarenak 2018ko uztailean ekarri ziren.

Hondarribiko herritar asko izan ziren 1936tik 1975era bitartean bonbardaketak, fusilamenduak, espetxeratzeak, deportazioak, erbesteratzeak, lan-garbiketak, zigor ekonomikoak, salbuespenezko auzitegiek eragindako prozesuak eta kondenak, baita giza eskubideen beste urraketa mota batzuk ere jasan zituztenak. 

Eta hau esanda, gaur Hondarribiko Udala osatzen dugun alderdi politiko guztiok (ABOTSANITZ, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH BILDU) Jesus Carrera Olascoaga ekarri nahi dugu gogora, diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat aitortuz, eta Jesus Carreraren familiari bere elkartasuna adieraziz.