Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udalaren adierazpen instituzionala ekainak 28a dela eta

Aniztasuna gizakiaren eta haren sexualitatearen ezaugarri nagusienetakoa da, eta LGTBI+ komunitateko kideek borroka luzea egin dute herritarren sexualitatea zein genero-identitatea askotarikoa izan daitekeela jendarteratzen. Joan bitez adierazpen instituzional honetako lehen lerroak, haientzat. Jendarte askatzaileago bat eraikitzeko lan konprometitua egin duten horientzat. Hasi New Yorkeko Stonewall tabernatik, segi Euskal Herriko LGTBI askapen mugimendutik eta gure etxera, Hondarribira ailegatu arte.
Badakigu, bai. Lan handia daukagu egiteko. Horren jakitun gara. Ikusi besterik ez dagoelako LGTBIfobia nabarmen igartzen dela jendartean. Izaera kulturala daukaten, eta aspalditik ezarrita dauden aurreiritziak ditugu barneratuta. Eta horren ondorioa da zisa, heterosexuala eta normatiboa ez dena bazterrean kokatzeko daukagun joera.
Azken urteetan gorroto-delituek gora egin dute. Irainak, jipoiak, hilketak izan ditugu Euskal Herriko luze zabalean. Eta gure hirian ere sufritu ditugu eraso LGTBfoboak. Sarritan ikusten ditugu sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko edo afektu adierazpenagatiko erasoak. Eskoletan ere jazarpen kasuak izan dira homofobia edo transfobiagatik.
Horregatik guztiagatik, Hondarribiko Udaletik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko konpromisoan berresten gara. Aldi berean, LGBTIQ+ mugimenduaren eta instituzioen arteko zubi eta elkarlanean sendotzeko, erabaki konpartituetarako bideak ezartzeko lan egingo dugu. Egon daitezkeen erasoen aurrean, bakoitzak beretik, eraikitzen jarraituko dugulako. Lege gehiago, baliabide gehiago, espazio gehiago.
Udal honek ere bidelagun izan nahi du denontzat askatzaileagoa eta anitzagoa den gizarte bat eraikitzen. Hala jokatu du orain arte, eta hala jokatu nahi du aurrerantzean ere. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu LGTBI+ komunitateak antolaturiko ekintzetan parte hartzera. Hondarribia izan dadin anitza. Izan dadin askatzailea.