Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udalak informatika zerbitzua udal egituran integratzea proposatuko du biharko Udalbatzan

Hondarribiko Udalak udal informatika zerbitzua barneratzeko proposamena aurkeztuko du bihar egingo den Udalbatzan. Udal gobernuaren asmoa da gaur egun kanpoko enpresa baten bidez ematen den zerbitzua udal egituraren barruan integratzea, zuzenean kudeatutako zerbitzu bihurtuz.
Neurriaren helburua da udal jardunerako gero eta estrategikoagoa den arlo bati erantzun eraginkorragoa ematea. Azken urteotan, teknologia sistemek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute administrazioaren eguneroko funtzionamenduan, hala nola herritarren arretan, espediente elektronikoen kudeaketan, barne komunikazioan, datuen segurtasunean eta sareen mantentze-lanetan.
Udal txostenen arabera, kanpoko zerbitzuen menpekotasunak hainbat muga sortzen ditu: gorabeherei berehalako erantzuna emateko zailtasunak, udal sail guztien beharrei modu integralean erantzuteko oztopoak, plangintza teknologiko propioa garatzeko mugak eta ezagutza teknikoa udal barruan mantentzeko zailtasuna.
Eredu aldaketa estrategikoa
Udal gobernuak azaldu du proposamena legegintzaldi hasieratik udal kudeaketa eredua modernizatzeko abiatu den norabidearen parte. Igor Enparan Araneta alkatearen hitzetan, “zerbitzu publikoak hobetzea, udal egitura indartzea eta herritarrei arreta eraginkorragoa eskaintzea izan dira lehentasunak hasieratik”.
Neurriak, gainera, bat egiten du agintaldi planean jasotako kontratazio eredua antolatzeko eta planifikatzeko helburuarekin. Udalaren ustez, “beharrezkoa da baliabide teknikoak modu egonkorrean antolatzea eta epe luzerako ikuspegiarekin kudeatzea”.
Alkateak azpimarratu du administrazio moderno batek ezin duela kanpoko baliabideen menpe egon hain arlo estrategiko batean: “Informatika zerbitzua udal jardun osoaren oinarrietako bat da, eta beharrezkoa da gaitasun hori etxe barruan sendotzea”.
Bestalde, egungo egoera juridikoa ere nabarmendu du Enparanek: “Kontratua amaituta dago eta zerbitzua estaldura juridiko egokirik gabe ematen ari da. Egoera hori ezin da luzatu”.
Langileen ongizatea eta egitura sendotzea
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Egunarekin bat eginez, udal gobernuak azpimarratu du neurriak ez duela soilik ikuspegi teknologiko edo antolaketazkoa, baizik eta langileen ongizate integrala ere erdigunean jartzen duela, “informatika zerbitzua udal egituran txertatzeak euren lan baldintzetan eragin zuzena izango baitu”.
Proposamenaren arabera, informatika zerbitzua udal plantillaren baitan antolatuko litzateke, bi lanpostu sortuta: bi teknikari laguntzaile.
Udalaren arabera, zerbitzua barneratzeak hainbat onura ekarriko lituzke: lan dinamika arinagoa eta koordinatuagoa, udal sailen arteko harreman sendoagoa eta behar teknologikoei erantzun egokiagoa. Halaber, gorabehera informatikoen aurrean erantzun azkarragoa ematea ahalbidetuko luke, administrazioaren etenak gutxituz. Gainera, datuen segurtasuna eta sistemen gaineko kontrola indartuko lirateke, eta urteetan pilatutako ezagutza teknikoa udal barruan mantenduko litzateke.
“Herritarrek askotan ez dute ikusten atzean dagoen lana, baina sistemek huts egiten dutenean denok nabaritzen dugu. Horregatik da hain garrantzitsua zerbitzu hau sendotzea”, azaldu du alkateak.
Etorkizunari begirako apustua
Alkateak azpimarratu du erabakia ez dela soilik egungo beharrei erantzuteko, baizik eta etorkizunari begira hartzen dela. “Datozen urteetan administrazio digitala are gehiago garatuko da, zibersegurtasun eskakizunak zorrotzagoak izango dira eta baliabide teknologiko berriak etorriko dira. Horretarako prestatuta egon behar dugu gaurtik hasita”.
Aurkeztutako memoria ekonomikoaren arabera, bi lanpostu berrien urteko kostua 55.469 eurokoa izango da. Langile hauek barneratzean jatorrizko hitzarmeneko baldintzak aplikatuko zaizkie. Ondoren, zerbitzua egonkortu ostean, asmoa da langileen batzordearekin hitzarmen berri bat adostea, udal langileen baldintzekin parekatzeko, bai egutegiari, bai ordutegiari, bai soldatari dagokienez.
Udal gobernuak azpimarratu du Udalaren helburua ez dela soilik irizpide ekonomiko hutsetan oinarritzea, baizik eta, horiek kontuan hartuta, zerbitzu publikoen kalitatea, kontrola eta epe luzerako jasangarritasuna bermatzea. “Gaur hartzen dugun erabakia ez da zenbakien ingurukoa soilik; eredu baten, norabide politiko baten adierazpena da. Zerbitzu publiko sendoagoak bermatzea da helburua”, gaineratu du.
Proposamena biharko Udalbatzan eztabaidatuko da, eta onartuz gero, Hondarribiko Udalak urrats garrantzitsua emango luke bere barne antolaketan eta administrazio digitalaren garapenean.