Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udalak indarkeria matxistaren aurkako arreta-zerbitzua bermatuko du urte amaiera arteko jai eta ekitaldi nagusietan

Hondarribiko Udalak indarkeria matxistaren aurkako arreta-zerbitzua aktibatuko du urte amaierara bitartean hirian ospatuko diren jai eta ekitaldi nagusietan. Neurri honen bidez, Udalak berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jai-eredu baten aldeko konpromisoa berretsi nahi du, indarkeria matxistarik gabeko espazio seguruak sustatuz.
Zerbitzua Inauterietan martxan izango da, baita urtean zehar egingo diren beste hainbat hitzordu esanguratsuetan ere: besteak beste, Hondarribia Festibalean, Gazte Olinpiaden amaieran, Gazte Egunean, Jai Nagusietan eta Fenomena Jaialdian. Ekitaldi bakoitzaren ezaugarrien arabera, informazio-guneak, artatze-puntu fisikoak eta telefono bidezko arreta eskainiko dira.
Igor Enparan Araneta alkateak azpimarratu duenez, “Hondarribiko jaiak gozamenerako, errespeturako eta elkarbizitzarako espazio seguruak izatea nahi dugu, pertsona guztiek askatasunez eta lasaitasunez parte har dezaten. Hondarribiko Udalak indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantzia du; horregatik, prebentzioa eta arreta uztartzen dituzten baliabideak aktibatuko ditugu data esanguratsuenetan”.
Ildo beretik, alkateak nabarmendu du arreta-zerbitzu hauek ez direla soilik erasoen aurrean jarduteko baliabideak, baizik eta “prebentzioa lantzeko, informazioa emateko eta herritarrak sentsibilizatzeko tresna eraginkorrak” ere badirela.
Inauterietako arreta-zerbitzua
Otsailaren 14an indarkeria matxista salatzeko eta artatzeko telefono-zerbitzua aktibatuko da 21:00etatik 08:00etara. Telefono zenbakia urterokoa izango da: 688 718 797.
Horrez gain, edozein erasoren aurrean laguntza jasotzeko edo abisua emateko ondorengo telefonoak eskuragarri daude:
- SOS Deiak: 112
- SATEVI: 900 840 111
- Indarkeria Sexuala: 800 840 188
- Udaleko Gizarte Zerbitzuak: 943 11 12 91
- Udaltzaingoa: 943 11 13 13
Hondarribiko Udalak herritarrei dei egiten die guztiontzat gozagarriak eta seguruak izango diren jaiak sustatzera, edozein indarkeria egoeren aurrean esku-hartzera eta arreta jasotzeko edo gertakariak salatzeko indarkeria matxistaren aurkako arreta-zerbitzura jotzera.