Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udalak HIGERTOKI eta ZALDUNBORDA BERRIren aurka kereila penala jarriko du, diru publikoa defendatzeko

Hondarribiko Udalbatzak, alderdi politiko guztien babesarekin, HIGERTOKI, S.L.U. eta ZALDUNBORDA BERRI, S.L.U.ren aurkako kereila penala jartzea onartu du, bai eta prozedura judizialean aurkeztutako dokumentazioari dagokionez erantzule izan daitezkeen pertsonen aurkakoa ere. Aipaturiko bi sozietateek 13.795.026 euro erreklamatzen dizkiete Udalari eta dagoeneko deseginda dagoen Hondarribia Lantzen udal-sozietate publikoari.
Erreklamazioaren jatorria 2017ko urrian sinatutako salerosketa-kontratu bat da. Enpresen arabera, kontratutik eratorritako betebehar jakin batzuk ez zituen bete Udalak, eta, ondorioz, balizko kalte eta gastuengatik 13,8 milioi euro inguru erreklamatzen dituzte.
Erreklamazioaren zenbatekoa kontuan hartuta, eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko nahiz erreklamatutako kopuruak benetakoak eta behar bezala justifikatuak ziren argitzeko, Udalak auditoretza sakona egin du.
Zenbateko hori eskatzeko aurkeztutako dokumentazioa ikuskatu ondoren, zerbitzu juridikoek ikusi dute erreklamatutako gastuen ia %92 gurutzatutako eta elkarren artean loturak dituzten sozietateen arteko barne-fakturetatik datozela, eta dokumentazio horretan hainbat inkoherentzia larri antzeman dituzte. Besteak beste:
- Ustez gastu horien oinarrian dauden kontratuetako jatorrizko fakturekin bat ez datozen datak eta zenbatekoak ageri dituzten fakturak.
- Lurrak eskuratzearekin lotutako gastuak, nahiz eta aztertutako dokumentazioaren arabera lurzoru horiek aurrez esleitu eta erosiak izan.
- Ordainketak egin eta urte batzuetara emandako ziurtagiriak, fakturak justifikatzeko aurkeztuak; horrek zalantzak sortzen ditu ordainketa egin zen unean faktura horiek existitzen ziren edo behar bezala justifikatuta zeuden ala ez.
- Aitortutako zenbait kobrantza eta ordainketaren eta aztertutako banku-mugimenduen artean antzemandako aldeak.
Udalak nabarmendu du halako erreklamazio baten aurrean eta aurkeztutako dokumentazioan antzemandako balizko irregulartasunak aintzat hartuta, eskura dituen tresna juridiko guztiak baliatu behar dituela udal-ondarea eta diru publikoa babesteko.
"Ia 14 milioi euroko diru publikoaz ari gara. Erreklamazio bat aurkeztu dute Udalaren aurka, eta gure betebeharra da geure burua eta, batez ere, hondarribiarren interesak defendatzea. Horregatik, dokumentazio guztiaren auditoretzak eta azterketa sakonak egin ditugu. Anomalia larriak aurkitu ditugu, eta Justiziaren esku jarri beharreko dokumentazioa eta bestelako elementuak ditugu".
Udalak azpimarratu du lehentasuna diru publikoa babestea dela, Administrazioaren aurkako edozein erreklamazio ekonomiko egiazko dokumentazioan, egiaztatuan eta juridikoki baliozkoa den dokumentazioan oinarritzen dela bermatzea ere.