Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udalak helduentzako gimnasia-aparatuak jarri ditu Biteri kalean eta Kasino Zaharrean

Hondarribiko Udalak 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan herritarrek egindako proposamenak aurrera eramateko lanean jarraitzen du. Guztira, 12 proiektu jarriko dira martxan, eta dagoeneko lehen ekimena gauzatu da: helduentzako gimnasia-aparatuak instalatu dira Biteri kalean eta Kasino Zaharrean.
2025eko azaroan abiatu zen aurrekontu parte-hartzaileen prozesua, herritarrek udal aurrekontuetako 200.000 euro zertara bideratu erabakitzeko helburuarekin. Parte-hartze zabal eta askotariko horren emaitza izan ziren jasotako proposamenak, eta Udalak bideragarriak ziren guztiak gauzatzea erabaki zuen.
Proposamen horietako bat udalerriko hainbat gunetan, aire librean, helduentzako gimnasia-aparatuak jartzea izan zen, jarduera fisikoa sustatzeko eta, bereziki, pertsona helduen eta adinekoen osasuna eta ongizatea hobetzeko. Gauzak horrela, proiektua aurrera eramateko 14.371,78 euroko inbertsioa egin du Udalak.
Guztira, gorputzeko hainbat atal lantzeko diseinatutako 12 aparatu instalatu dira: sei Biteri kalean eta beste sei Kasino Zaharrean. Lupe Queiruga Oronoz kirol zinegotziak onartu du elementu horiekin aurrerantzean Hondarribian ohitura osasungarriak sustatuko direla: “Eta, gainera herritarrek gero eta gehiago erakusten duten kirol-ekipamenduen inguruko interesari erantzun diogu”.
Aparatuak jartzeko kokalekuak irizpide funtzionalak eta erabilgarritasuna kontuan hartuta aukeratu dira. Biteri kalea oinezkoen joan-etorri handiko gunea da, eta inguruan hainbat kirol eta zerbitzu ditu, hala nola Jostaldi pilotalekua, euskaltegia eta berdeguneak. Kasino Zaharrean, berriz, eraikinaren atzealdeko espazio zabal eta berdeak ingurune lasai eta egokia eskaintzen du aire librean ariketa fisikoa egiteko.
Bide batez, ekimen honekin, Hondarribiko Udalak herritarren proposamenak errealitate bihurtzeko konpromisoa berretsi du, eta, aldi berean, bizi-ohitura osasungarriak eta udalerriko espazio publikoen erabilera aktiboa sustatzen jarraitzen du.


Gainerako proiektuak
Hasieran aurreikusitako partida 200.000 eurokoa zen. Baina udaleko teknikariek proiektuen bideragarritasun teknikoa aztertu ondoren, irizpide guztiak bete zituzten proposamenen aurrekontua 210.148 eurokoa zela ikusita, Udalak 10.148,49 euro gehitu zituen guztiak gauzatu ahal izateko.
Horrenbestez, aurrekontu parte-hartzaileen bidez gauzatuko diren proiektuak ondorengoak dira:
- Puntaleko haur parkea berritzea: 87.120,00 €
- Guadalupen zabuak jartzea: 42.350,00 €
- Butroi pasealekuko komunen ordutegia zabaltzea: 4.071,57 €
- Akartegi auzoan bankuak jartzea: 1.815,00 €
- “Asto bidea” konpontzea: 18.150,00 €
- Bizikleta-bideen arteko loturen azterketa: 14.520,00 €
- Helduentzako gimnasia-aparatuak Biteri kalean eta Kasino Zaharrean: 14.371,78 €
- Hondarribiko euskararen inguruko azterlana: 17.545,00 €
- Bizikleten aparkalekua Jaizkibel Hiribidean: 1.085,37 €
- Alde Zaharreko parkinen seinalizazioa hobetzea: 5.747,50 €
- Zebra-bideen argiztapena Amuten eta Kosta kalean: 2.286,90 €
- Amute kirolguneko kartelak berritzea: 1.085,37 €