Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribiko Udalak eta Residencial Montañenea sustatzaileak 84 etxebizitza inguru eraikitzea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu dute

2025-06-11
Heren bat babes sozialeko alokairurako etxebizitzak izango dira eta guztiak hondarribiarrentzat izango dira.

  • Heren bat babes sozialeko alokairurako etxebizitzak izango dira eta guztiak hondarribiarrentzat izango dira.
  • 2020an etxebizitza erreserbatu zuten pertsonei orduko salmenta-prezioak errespetatzea adostu dute.

Montañenea eremurako Udalak Residencial Montañenea sustatzailearekin sinatutako hirigintza-hitzarmen honek aldaketa esanguratsua dakar Hondarribian, interes orokorra eta etxebizitza duin baterako eskubidea lehenetsiko baitu etxebizitza libreen salmentaren gainetik.

Honela, atzo arratsaldean udaletxean sinatutako hitzarmenak Montañenean 75 eta 84 etxebizitza artean garatzea posible egingo du. Banaketa honela izango da: 

  • Hirutik bat babes sozialeko alokairurako etxebizitza izango da, amaituta entregatuko dena Udalari, eta Hondarribiko herritarrentzat izango dena.
  • Beste herena 2020an etxebizitzak erreserbatu zituzten pertsonei zuzenduko zaie. Promotoreak orduko salmenta-prezioak errespetatu beharko ditu, beraz, etxebizitza horiek merkatuaren egungo baldintzak baino hobeetan salduko dira. 
  • Gainerako herena etxebizitza libre arrunta izango da.

Igor Enparan alkateak ziurtatu du hitzarmen honek hirigintza alorrean Hondarribira datorren aldaketa sakon baten lehen urratsa izan dela. ”Gizarte eredu bat defendatzen dugu non hondarribiar guztiok gure bizi-proiektuak Hondarribian garatzeko aukera erreala izan behar dugun”. 

Alkateak azaldu duenez, hitzarmen hau lehen urratsa da, datorren astean udal plenoan bozkatzera aurkeztuko den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) segida emango baitio Montañearako atzo sinatu zen hitzarmenaren filosofia berari. 

 Etxebizitza larrialdia dela-eta, premia hain handia da Udalak baldintza ezinbestekotzat ezarri duela babes sozialeko etxebizitzak eta libreak aldi berean eraiki behar izatea, eta ezingo direla erabilera-baimenak eman etxebizitza guztientzat batera ez bada. Neurri honek oreka bermatzen du eta etxebizitza babestua atzeratzea eragotziko du. Horretarako Residencial Montañenea sustatzaileak prestutasun osoa adierazi du.

Udalak, bere eskubideengatik diru-konpentsaziorik jaso ordez, 5,1 milioi eurotako balioa duen babes sozialeko etxebizitzetarako eraikin amaitua jasoko du, udal ondarean sartuko dena. “Horrek aukera emango digu etxebizitza sozialaren alokairua zuzenean kudeatzeko, sortzea aurreikusita dugun Etxebizitza Sailaren bitartez. Horren bidez, etxebizitzak hondarribiarren benetako beharrizanei erantzungo zaie, batez ere gazteei, familia-kargak dituzten emakumeei eta egoera zaurgarrian dauden adinekoei” gaineratu du alkateak.

Udalak zorrotz jarraituko du eraikuntza prozesu osoa. Horretarako Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Udaleko eta sustatzailearen ordezkariek osatua, eta aldian-aldian elkartuko da hitzarmena betetzen dela ziurtatzeko eta proiektu eraikitzaileak zehazteko lanean jarraitzeko. Udalak 25 eta 32 etxebizitza artean jasoko ditu, eraikitzen diren etxebizitzen batazbesteko tamainaren arabera, herritarren beharrei egokitutako erantzun onena bilatuz.

Residencial Montañenearen izenean hitzarmena sinatu duen Gorka Araneguik adierazi du “bi aldeak asebetetzen dituen hitzarmena dela, negoziazio luze eta konplexu baten ondoren lortutakoa. Eskerrak eman nahi dizkiegu familiei urteetan zehar proiektu honen aldeko apustua egiten jarraitzeagatik erakutsitako konpromisoagatik, eta eskerrak Udalari, alde guztientzat akordio ona lortzeko izan duen prestutasunagatik. Horrek sustatzaileok etxebizitza-arazoari irtenbide berriak ematen laguntzera bultzatzen gaitu.” Alkatea ere pozik agertu da enpresa sustatzaileak erakutsitako jarrerarekin.

Azkenik, Igor Enparan alkateak hirigintza alorrean ere, Hondarribian aldaketa bide egiten ari dela ziurtatu du. “Bi urte daramatzagu lanean amesten dugun Hondarribia hobeago bat egiten, hondarrabiar guztiok hobeto bizi gaitezen. Eta horretarako hirirgintza alorrean oso pragmatikoak izango gara. Bizitzeko Hondarribia nahi dugu eta horrez gainera Hondarribia bizia” amaitu du esaten. 

Udalaren aurreikuspenak beteko balira, datorren urtea amaitu baino lehen hasiko lirateke lanak.