Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribiko Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga onartu du

2026-10-01
Zerga 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Hondarribiko Udalbatzak hasierako onarpena eman dio egonaldi turistikoen gaineko zerga arautuko duen ordenantzari, aho batez. Zerga 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Zerga honen helburua turismoak udalerrian sortzen duen eraginari eta horrek dakartzan kostuei erantzuteko baliabideak indartzea da. Hondarribiak bisitari ugari hartzen ditu urte osoan zehar, eta turismo-jarduerak eragin zuzena du trafikoaren antolaketan, garbiketan,hiri- eta natura-ondarearen zaintzan, eta, oro har, udal zerbitzuen antolaketan. 

“Turismoa Hondarribiko ekonomiaren parte da, eta egiten duen ekarpena aitortu behar dugu. Baina, era berean, turismo-jarduerak udalerriari eragiten dizkion beharrei eta kostuei ere erantzun behar diegu. Zerga honen bidez, oreka hori bilatu nahi dugu: bisitarien egonaldiek sortzen dituzten baliabideen zati bat Hondarribiak eskaintzen dituen zerbitzu eta espazio publikoetara itzultzea”, azaldu du Udalak. 

Ordenantzak udalerrian turismo-ostatu gisa jarduten duten establezimendu eta etxebizitzei eragingo die. Zerga egonaldi jarraitu bakoitzeko sei gaueko gehieneko mugarekin aplikatuko da eta tarifak ostatu motaren eta urteko sasoiaren arabera zehaztuko dira. Horrela, martxoaren 15etik urriaren 15era, udaberri eta uda garaian, oinarrizko tarifari %25eko errekargua aplikatuko zaio. Urriaren 16tik martxoaren 14ra, berriz, oinarrizko tarifa aplikatuko da.

Tarifa baxuena nekazalturismoei aplikatuko zaie, 0,60 eurokoa pertsona eta eguneko udazkeneko eta neguko aldian, eta 0,75 eurokoa udaberrian eta udan. Erabilera turistikoko etxebizitzek izango dute tarifarik handiena; 6 euro pertsona eta eguneko sasoi baxuan eta 7,50 euro denboraldi altuan. Ostatu mota horiei aplikatu dakiekeen zerga-tartearen goiko aldean kokatu da tarifa. 

Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, denboraldien arteko bereizketak turismo-jardueraren intentsitate desberdina kontuan hartzea ahalbidetzen du, eta zergaren aplikazioa urteko okupazio- eta bisitari-mailara egokitzea du helburu: “Sasoiaren arabera tarifak ezberdintzea elementu berritzailea da, eta Hondarribiko errealitatera egokitzeko aukera ematen digu. Turismoaren presioa eta udalerriko ostatuen erabilera ez dira berdinak urte osoan, eta zergak ere errealitate hori islatu behar du”.

Turismo-sektorearekin elkarlanean prestatutako proposamena dela nabarmendu du Udal gobernuak: “Egonaldi turistikoen gaineko zergaren ordenantza turismo-sektorearekin egindako lanketa-prozesu baten ondorioa da. Udalak sektoreko eragileen ekarpenak eta Hondarribiak turismo-jardueraren inguruan dituen behar eta ezaugarriak kontuan hartu ditu zerga-eredua diseinatzerakoan”.

Ostatu mota eta kategoria Udazkena eta negua Udaberria eta uda
5 izarreko hotelak edo baliokidea 4,80 € 6,00 €
4 izarreko hotelak edo baliokidea 4,00 € 5,00 €
3 izarreko hotelak edo baliokidea 2,40 € 3,00 €
2 izarreko hotelak edo baliokidea 1,60 € 2,00 €
1 izarreko hotelak edo baliokidea 1,00 € 1,25 €
Erabilera turistikoko etxebizitzak 6,00 € 7,50 €
Apartamentu turistikoak 2,40 € 3,00 €
Pentsioak, kanpinak, landetxeak, aterpetxeak 1,00 € 1,25 €
Nekazalturismoak 0,60 € 0,75 €
Beste ostatu turistiko batzuk 2,40 € 3,00 €

Ordenantzak, halaber, hainbat salbuespen jasotzen ditu, zergaren aplikazioa proportzionatua izan dadin eta egoera sozial edo partikular jakin batzuk kontuan har daitezen. 

Udalaren aurreikuspenen arabera, egonaldi turistikoen gaineko zergak 700.000 eta milioi bat euro arteko urteko diru-sarrerak sor ditzake. Baliabide horiek udalerrian turismo-jarduerak sortzen dituen beharrei erantzuteko baliatu ahal izango dira, besteak beste, espazio publikoen mantentze-lanetarako, mugikortasunerako, garbiketarako, hiri- eta natura-ondarea babesteko, kultura sustatzeko eta herritarren bizikidetza eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Hasierako onarpenaren ondoren, ordenantzak dagokion administrazio-tramitazioarekin jarraituko du. Behin betiko onarpena eta indarrean sartzeko beharrezko izapideak amaitu ondoren, zerga 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu ahal izango da.

Ordenantza fiskalak

2027an zergak bere horretan mantenduko dira, eta Ondasun Higiezinen Zergari (OHZ) dagokionez, ordenantzak nabarmen indartuko ditu hobariak.

Aldaketa nagusietako bat ohiko etxebizitzaren OHZren hobaria guraso bakarreko familiei eta etxeko edo genero-indarkeriaren biktima diren familia-unitateetako titularrei zabaltzea izango da. Horrela, kolektibo horiek familia ugariekin parekatuko dira. Kasuaren eta betetzen diren baldintzen arabera, hobariak %10etik %90era bitartekoak izango dira. 

Era berean, kalteberatasun ekonomikoan dauden ohiko etxebizitzen titularrek %60ko hobaria jaso ahal izango dute, baldin eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGG) edo kotizaziopekoa ez den pentsioa jasotzen badute. 

Alokairuaren sustapenarekin lotutako hobariak ere indartu egingo dira. Orain arte Bizigune programaren barruan zeuden etxebizitzen jabeek %50eko hobaria zuten. Hobari hori mantentzeaz gain, beste alokairu-programa batzuetara zabalduko da. Horrela, ASAP programan edo antzeko xedea duten autonomia-erkidegoko beste programa batzuetan parte hartzen duten etxebizitzen titularrek ere %50eko hobaria izango dute. Helburua etxebizitza-eskaintza handitzea eta etxebizitzak alokairu eskuragarrira bideratzeko pizgarriak indartzea da. 

Ordenantza fiskalen berritasunen artean dago, halaber, ezaugarri bereziko higiezinei aplikatuko zaien OHZren tasa zehaztea. Kasu honetan, Hondarribiko Aireportuari %0,7ko tasa aplikatuko zaio, hau da, higiezin mota horietarako araudiak baimentzen duen gehieneko tasa. 

Ual-tasei dagokienez, %2ko eguneratzea aplikatuko da 2027an, KPIaren bilakaeraren azpitik, igoera ahalik eta neurritsuena izan dadin. 

Esaterako, ordenantza fiskal berriek aldaketa bat ekarriko dute TAO txartelaren ordainketan. Orain arte, urte osoko tasa ordaindu behar zen. Araudi berriarekin, urtean zehar txartelari uko eginez gero, erabili gabeko hiruhilekoei dagokien tasaren zati proportzionala itzuliko da. Era berean, txartela urtea hasi ondoren eskatzen bada, tasa modu proportzionalean kalkulatuko da, eskaera egiten den hiruhilekoaren arabera. Helburua herritarrek ordaintzen duten zenbatekoa txartelaren benetako erabilera-aldira egokitzea eta kudeaketa erraztea da.