Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen bidez jasotako proposamen bideragarri guztiak gauzatuko ditu

Hondarribiko Udalak 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu gaur, herritarren parte-hartze “zabal eta anitza” nabarmenduz. Iazko azaroan abiatu zen ekimen honen helburua izan da herritarrek udal aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzea.
Lehen esperientzia honetan, herritarrek guztira 228 proposamen egin dituzte.Proposamen horietatik 191 online bidez jaso dira, eta 37 aurrez aurreko kanaletan (BAZen eta kalean jarritako postuetan). Parte-hartzaileen profila ere askotarikoa izan da, genero eta adin-tarte guztietako herritarren ekarpenekin.
Herritarren ahotsa erdigunean
Igor Enparan Araneta alkateak balorazio positiboa egin du prozesuaren inguruan, herritarren inplikazioa eta ekarpenen maila azpimarratuz: “Lehen aldiz aurrekontuaren zati bat herritarren esku utzi dugu, eta esperientziak argi erakutsi digu bide egokia dela. Prozesu honek erakutsi du herritarrek badutela interesa eta konpromisoa herriaren garapenean modu aktiboan parte hartzeko. Gainera, halako ekimenek komunitatearen kohesioa indartzen dute, herritarrak erabaki publikoen parte bihurtzen baitituzte. Herritarrek badute zer esana, eta badute nola esana ere. Gure konpromisoa da ahots hori entzun eta errealitate bihurtzea”.
Enparanen hitzetan, ekimen honek udal-gobernuaren norabidea berresten du: gardentasunean, elkarlanean eta konfiantzan oinarritutako eredua sendotzea da helburua, non herritarrek ez duten soilik iritzia ematen, baizik eta erabakiak hartzen ere parte hartzen duten.
Proposamenak jasotzeko fasea amaitu ondoren, udaleko teknikariek haien bideragarritasun teknikoa aztertu dute, eta 20 ekarpenek gainditu dute lehen iragazkia. Behin filtro teknikoa gaindituta, Berme Taldeak —udal teknikariek eta alderdi politiko guztietako ordezkariek osatua— proposamenak baloratu ditu hiru irizpide nagusiren arabera: herri nortasuna eta kohesioa indartzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta kolektibo edo espazio jakinei onura ekartzea.
Hasiera batean aurreikusita zegoen moduan, proposamen egokiek bozketa fasera igaro behar zuten. Hala ere, prozesua egokitu da; izan ere, irizpide guztiak betetzen dituzten eta bozketara pasako liratekeen proposamen guztien aurrekontua 210.148 eurokoa da. Hasieran aurreikusitako 200.000 euroko partidatik oso gertu dagoen kopurua denez, Udalak 10.148,49 euro gehituko ditu proposamen guztiak gauzatu ahal izateko.
Testuinguru honetan, udal teknikari eta alderdi politiko guztietako ordezkariek osatzen duten Berme Taldeak aho batez erabaki du prozesua egokitu eta bozketa fasea ez egitea. Erabaki hau hartu da, besteak beste, bozketarako nahikoa proposamen-bolumenik ez zegoelako eta baldintzak betetzen zituzten proposamen guztiak gauzatzeko aukera erreal eta orekatuena zelako.
“Ez luke zentzurik bozketa egiteak, baldintzak betetzen dituzten proposamen guztiak gauzatuko baitira. Bozketa eginez gero, arriskua legoke baliozko ekimen batzuk kanpoan geratzeko. Gure helburua argia da: herritarrek egindako ahalik eta proposamen gehien errealitate bihurtzea”, azaldu dute Berme Taldeko kide Garoa Lekuonak eta Josu Alvarezek.
Horrenbestez, aurrekontu parte-hartzaileen bidez gauzatuko diren proiektuak ondorengoak dira:
- Puntaleko haur parkea berritzea – 87.120,00 €
- Guadalupen zabuak jartzea – 42.350,00 €
- Butroi pasealekuko komunen ordutegia zabaltzea – 4.071,57 €
- Akartegi auzoan bankuak jartzea – 1.815,00 €
- “Asto bidea” konpontzea – 18.150,00 €
- Bizikleta-bideen arteko loturen azterketa – 14.520,00 €
- Helduentzako gimnasia-aparatuak Biteri kalean eta Kasino Zaharrean – 14.371,78 €
- Hondarribiko euskararen inguruko azterlana – 17.545,00 €
- Bizikleten aparkalekua Jaizkibel Hiribidean – 1.085,37 €
- Alde Zaharreko parkinen seinalizazioa hobetzea – 5.747,50 €
- Zebra-bideen argiztapena Amuten eta Kosta kalean – 2.286,90 €
- Amute kirolguneko kartelak berritzea – 1.085,37 €
Halaber, badira beste hainbat proposamen, baldintzak maila apalagoan betetzen dituzten arren, udal sailetara bideratuko direnak haien bideragarritasuna aztertzeko. Proposamen horiek ez dira baztertzen, eta beste baliabide edo aurrekontu-ildo batzuen bidez gauzatzeko aukera aztertuko da.
Alkateak azpimarratu duenez, prozesu hau ez da inolaz ere hemen amaitzen: “Jasotako ideia asko udal sailetan lantzen jarraituko dira eta, ahal den neurrian, errealitate bihurtzeko bidea egingo dute”.
Ildo horretan, nabarmendu du egitasmo hau ez dela esperientzia puntual bat soilik, baizik eta ikasketa kolektibo bat ere izan dela, eta etorkizunean aurrekontu parte-hartzaileak sendotzen jarraituko dutela: “Parte-hartzea ez da ekimen isolatu bat; politika egiteko modu bat da, eta gure konpromisoa da hori gero eta gehiago indartzea”.
Era berean, Udalak jakinarazi du laster argitaratuko duela aurrera egin ez duten proposamenei buruzko trazabilitate-txostena, herritarrek beren ekarpenen ibilbidea ezagutzeko aukera izan dezaten. Txosten horretan proposamen bakoitzaren balorazioa eta erabakiaren arrazoia jasoko dira, gardentasuna eta kontu-ematea indartzeko helburuz.
Hondarribiko Udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten herritar guztiei, azpimarratuz prozesuak entzute ariketa baliotsua ekarri duela eta jasotako ideiak etorkizuneko politiketan kontuan hartuko direla.