Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko San Pedro kalean Ongizatearen Plaza egingo da bi egunez

Ongizatearen Plaza ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, bi egunez egingo da Hondarribiko San Pedro kalean. Uztailaren 29an eta 30ean tailer praktiko, solasaldi, hitzaldi edo mahai inguruak egingo dira, eta, besteak beste, nahi ez diren bakardadeak, ongizatea zaintzeko komunikaziorako gakoak, kirolaren onura ongizatean eta inklusioan edota elikadura osasuntsua landuko dira.
Lehenengo eguneko aurkezpenean bertan izan dira Hondarribiko alkatea, Igor Enparan Araneta eta Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza. Alkateak azpimarratu du pertsonen arteko harremanak direla Hondarribiko komunitatearen oinarri sendoena, eta, horregatik, herritarren ongizate emozionala lantzeko gero eta interes handiagoa ikusten dela: “Ongizatearen Plazak aukera paregabea eskaintzen du hausnarketarako. Herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko gunea izateaz gain, elkartasunaren balioa indartzeko topagunea ere da”.
Alkateak ongizatea ez dela soilik banakakoa, “ikuspegi kolektibotik” eta “gizarte-kohesiotik” eraikitzen den zerbait baizik, gaineratu du. Bide batez, landuko diren gaiak Udalarentzat balio handia dutela azpimarratu du: “Hondarribiko Udalean konpromisoa dugu sare sendoagoak eraiki, harremanak erraztu eta, besteak beste, adinekoek gure herrian duten bizi-kalitatea hobetzeko”.
Diputatu nagusiak herritarrak gonbidatu ditu bi egunez Ongizatearen Plazako elkarrizketara batzera, ideiak partekatu, hausnartu, eta baita gozatzera ere. Era berean, pertsonen ongizateari modu indibidualetik soilik ezin zaiola heldu ere azpimarratu du Mendozak, “denon artean eraiki beharra daukagu, ikuspegi komunitario eta kolektibo batetik”.
Duela urtebete hasi zen Ongizatearen Plaza, eta ekimenaren bederatzigarren geldiunea da Hondarribia. Bi egun osoz San Pedro kalea, Arrantzale auzoaren parean, ekintza ugariz beteko da Ongizatearen Plazarekin.
Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/hondarribia