Gaurkotasuna
Gaurkotasunaren xehetasuna
Hondarribiko Jaien balantzea egin du Udalak
2023·09·18
Herriko jaiak igaro diren honetan, Hondarribiko Udaletik gure esker ona adierazi nahi dugu. Eskerrak eman hondarribiarrei eta herriko elkarte desberdinei, zuen parte hartzea aberatsa eta ezin bestekoa delako.
Kultur egitarau zabala aurrera eraman ahal izateko udal langilegoaren eta erakunde desberdinen elkarlana azpimarratu behar dugu eta eskerrak eman ere. Aurrerantzean, eskaintza ahalik eta aberatsena izan dadin bide hortatik lanean jarraituko dugu.
Indar biziz ekin genion pregoi txikiari eta haurren lilurak kale nagusia koloreztatu zuen. Hasiera ofiziala iragarri zuen txupinak eta kanpai hotsek bere biziko eztanda sortarazi zigun denon bihotzetan, aurten herritarrek erabakitako Urrezko Intsigniak dizdira berezia izan baitu.
Hainbat eta hainbat joko, lehiaketa, erakustaldi, bazkari eta kontzerturen ostean, azken eguna, oroimenerako unea izan genuen, Sorotan Bele gogoan kontzertu berezi eta hunkigarria, Hondarribia Hiria Musika Bandarekin batera. Oroimen atsegina, gure herria adiskidetasunaren doinuan jarri zuten datorren urteari begira, etorkizun itxaropentsu baten atalaian.
Aurten jaietako hainbat ekintza piska bat inklusiboagoak egiten saiatu gara, mugikortasun urritua duten pertsonek jaietan hainbat lekuetan egon ahal izateko guneak ezarriz eta harrera ona izan dute. Datorren urtean zerbitzua hobetzeko lanean jarraituko dugu. Lehen aldiz ere eraso matxisten aurkako neurriak jarri dira, hala nola, 24 orduko arreta eskaintzen zuen telefono zenbaki berezia eta artatze gunea. Horrek, txosna gunearekin koordinazio talde bat osatzea ahalbidetu zuen. Ostalaritza elkarteak ere ekimen honetan parte hartu zuen.
Hobetu beharreko gaiak
Hobetu beharreko gaiak ere izan dira, eskailera mekanikoen matxurari ezin izan diogu nahi bezain azkar erantzun. Jai giro beteak, herritar, bizilagun eta bisitarien arteko talka ere badakar, elkarbizitza kaltetuz. Zabor pilaketa, hainbat kaleetako zarata neurrigabe eta erabilera egokiari buruz hausnartu beharra daukagu, guztiok.
Herriko hainbat guneetan komun kopurua indartu egin den arren, beste batzuetan faltan izan dira. Gainera ohartarazi beharrean gaude jai egunetako komun publikoak modu zakarrean erabiliak izan direla, honek suposatzen duen kalte pertsonal eta materialarekin.
Zoritxarrez, jaien bezperan indarkeria matxista bi kasu eman ziren. Irailaren 6ean, ekintza hauek salatu, gaitzetsi eta jai egunetan (zein egunerokotasunean) ez zela inolako indarkeriarik onartzeko elkarretaratzea egin zen.