Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Hondarribiko Alkatearen adierazpena herriko jaiak direla eta

2024-09-03
Beste urte batez, jaiak ospatzeko unea iritsi zaigu eta, horrekin batera, hondarribiarrontzat horren estimatua den irailaren 8a bizitzeko aukera. Herritar guztiek jaiak soseguz eta lasaitasunean bizitzea da Alkatetza honen helburua, eta urte guztian eginiko lanketaren ondoren, aurtengo jaietan giro partehartzailerantz eta errespetuzkorantz aurrera egitea espero dugu.

Beste urte batez, jaiak ospatzeko unea iritsi zaigu eta, horrekin batera, hondarribiarrontzat horren estimatua den irailaren 8a bizitzeko aukera. Herritar guztiek jaiak soseguz eta lasaitasunean bizitzea da Alkatetza honen helburua, eta urte guztian eginiko lanketaren ondoren, aurtengo jaietan giro partehartzailerantz eta errespetuzkorantz aurrera egitea espero dugu.

Jakin badakigu ere, urtero, data horiek hurbiltzen diren heinean, zalantzak eta tentsioak eragiten dituzten egoerak sortzen direla. Baina badakigu, era berean, festa honetan parte hartzen dugun guztiok gure onena jarriko dugula egun hauek bere osotasunean bizi ahal izateko. Erakundeoi dagokigu espazio publikoaren erabilera amankomuna arautzea, eta, besteak beste, irailaren 8an burutuko diren ekitaldi ezberdinen ordutegiak eta ibilbideak finkatzea. 

Ikusirik erabaki batzuen nondik norakoak zalantzak sortu dituztela horien berri eman nahi dugu. Alardean parte hartzeko, Hondarribiko Alardeko Jaizkibel Konpainiak eta Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak leku eta ordutegi berak eskatzen zituzten eta elkarrizketa saiakera askoren ostean ikusi dugu momentu honetan eragileen arteko akordioa ez dela posible. Lanketa prozesuaren eta erakunde bezala dugun eskumenaren emaitza dira 2024/2329 eta 2024/2337 dekretuak, abuztuaren 22koak, non baimena ematen zaien ordutegi berezitu batekin eta baita hauek burutzeko beharrezkoak diren entseguei. Aipatutako bi dekretuek bateragarri egiten dituzte ekimenak. Hala ere, eskatutako argibideak eta gaur bertan jaso dugun Udaltzaingoaren arrisku-ebaluazio txostena direla medio, 2024/2440 eta 2024/2449 Dekretuak eman dira, 2024/2337 osatzen eta argitzen dutenak. 

Udal ebazpen hauetan, espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta modu egokienean egiteko saiakera zintzoa burutu da Udaletxetik, baina azken egunek erakutsi digute agian etorkizunerako zuzenagoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzeko saiakera egin behar dugula. 

Argitu beharra dago ere, Alkatetza Dekretu guztiak publikoak direla, baina ez direla argitaratzen, administrazio prozedurak hala arautzen duelako. Hala ere, edozein herritarrek du Dekretuak ikusteko eskubidea, beti ere eskaera bat egiten badu erregistro orokorretik. 

Legearen aurreikuspenek hala agintzen ez badute ere, azken egunetan jasotako eskaera kopurua ikusirik eta udal zerbitzuen lana errazte aldera, 2024/2329, 2024/2337, 2024/2440 eta 2024/2449 Dekretuak udal egoitza elektronikoan, iragarki taulan zintzilikatuko dira herritar guztiek era erraz batean eskuragarri izan ditzaten. 

Beste behin, arduraz jokatzeko eskatu nahi dugu Alkatetzako kideok, guztion erantzukizuna baita jai egun alaiak, sosegatuak eta partehartzaileak bermatzea. 

Gora Hondarribia!