Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Agenda 2030en Ekintza Plana onartu zuen atzo Plenoak

Atzo ia sei orduz luzatu zen urriko Ohiko Osoko Bilkurak Hondarribiko Agenda 2030en Ekintza-Plana onartu zuen. Eguneko Aztergaian 17 puntu zeuden, eta bilkuraren hasieran beste sei onartu ziren.
EAJren aldezko bozka, EH BILDUren abstentzioa, eta ABOTSANITZ zein PSE-EEren aurkako bozkekin atera zen aurrera. “2009an Hondarribiko Udalak I. Ekintza plana onartu zuen. Orduz geroztik, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareko (udalsarea 21) kide gara. Udalsarearen egonda, plan horien ezarpen maila ebaluatu genuen hainbat urteetan. Ondoren, 2017an Hondarribiko iraunkortasuneko I. Ekintza plana berrikusteko prozesua abiarazi zuen Udalak, eta ordutik hona lan asko egin da” esan zuen Juan Luis Silanes zinegotziak.
Plana 5 helburu estrategikoetan antolatzen da: Ingurunearen zaintza eta hiri osasuntsurako garapen iraunkorra bultzatzea, Pertsonen oinarrizko beharrak eta ongizatea bermatzen dituen hiri lagunkoia, herritarren heziketan laguntzen duen eta parte-hartzea zein bizikidetza bultzatzen duen kultura-hiri berritzailea, ekonomia eredu iraunkor eta lehiakorra eta natur baliabideen kontsumo eta erabilera arduratsuaren alde egitea.
PSE-EEk aurka bozkatu eta boto partikularra aurkeztu zuen. “Iruditzen zaigu oso dokumentu orokorra dela. Gauza asko esaten dira baina ez dira zehazten. Ez dugu dokumentu hau onartuko, eskeletu-fasean dagoela iruditzen zaigu eta”.
ABOTSANITZek aurka bozkatu zuen “zertarako Agenda 2030 gure kaleetan bizi direnak Irunera joan behar badute? Zertarako Agenda 2030 gure mugetan jendea itotzen bada orain?. Ez diogu funtsarik ikusten, anbiziosoagoa izan behar duela iruditzen zaigu eta ez diogu aldeko bozka emango”.
EH BILDUk abstentzioa eman zuen. “Ezin izan dugu ongi landu, hutsune batzuk ikusten dugu baina lan bat egin dela ere egia da”.
Garbiketaren inguruan
Plenoaren hasieran, Akartegi Guraso Elkarteko ordezkari batek hitza hartu zuen aurkeztutako mozioa azaltzeko. “Ikastetxeen garbiketa udal zerbitzua denez, ardura Udalarena dela uste dugu. Ez digu balio Udal Gobernu Taldearen jarrerak, hau da, lan gatazka bat dela esatea eta akordio bat lortzen dutenean orduan erabakia bere egingo dutela. Uste dugu Udalak bere ardura bete behar duela”.
Juan Luis Silanesek erantzun zuen. “Bi aldeekin elkartu gara eta elkartzen ari gara, bai langileen ordezkariekin eta baita enpresako ordezkariekin. Hezkuntza Sailarekin, Talaiako Zuzendaritzarekin, Akartegi Guraso Elkarteko ordezkariekin, irakasleekin eta gurasoekin elkartu gara eta elkartzen ari gara. Lan Sailari alegazioak eta helegitea aurkeztu dizkiogu oinarrizko zerbitzuak eskatzeko. Udalaren helburua garbiketa-zerbitzu egokia ematea da. Horretan aritu da eta horretan jarraituko du. Gainera, zerbitzu egokia emateko garbiketa-langileek lan-baldintza duinak behar dituzte, zerbitzu egokia emateko enpresak jarduera egokia izan behar du eta legez dagokion industria-onura behar du eta Udalak kontratuaren betetze-mailaren jarraipen egokia egin behar du”.
Mozioa ez zen onartu, EAJk aurka bozkatu zuen, eta ABOTSANITZ, PSE-EEk eta EH BILDUk alde egin zutelarik.
Jarraian aipatutako garbiketa kontratuaren luzapena bozkatu zen. Juan Mari Altuna zinegotziak esan zuenez, “jasota dagoen moduan, Udalak bi hilabete lehenago erabaki dezake luzatzea. Gu luzapen horren aldekoak gara, legezkoa delako hori egitea, eta administrazioak zerbitzua eskaintzeko kontratu bat behar duelako, hori gabe ezingo genuke eta zerbitzua eskaini. Gainera, adjudikazioa egin genuenean berme guztiak bete egin zirela argi esan behar da, eta kontutan hartu behar da ere, ziurgabetasun egoeran gaudela. Langileak eta enpresa negoziazio prozesuan ari dira. Ez badugu aurrera egiten, lan-arazoek hor jarraituko dute, arazo administratiboa hor egongo da eta arazoa oraindik handiagoa izango litzateke”.
ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDU luzatzearen aurka agertu ziren. Hiru alderdiek eritzi zuten “denbora badagoela oraindik elkarrizketa prozesuan jarraitzeko, eta kontratuaren luzapena abenduaren amaieran bukatu baina aurretik egitea. Gobernu Taldeak prozesua erabat baldintzatzen du erabaki honekin”. ABOTSANITZek boto partikularra aurkeztu zuen gainera, ez zelarik onartu.
Hamabigarren puntuan onartu zen Hondarribia Pilota Eskolari xisterak erosteko 11.100 euro onartzea, eta Hiriko hiru ikastxeei bakoitzari 3.000 euro ematea eskola kirolarako kamisetak erosteko. Denek alde bozkatu zuten.
Bi mozio onartu ziren
Denetara bi mozio onartu ziren. Lehena, ABOTSANITZ udal taldeak aurkezturiko proposamena eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzeari buruz. Bertan, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautuko duen Ordenantza izapidetzeko beharrezkoak diren neurriak abian jar ditzala eskatzen da. ABOTSANITZ, EAJ eta EH BILDU alde agertu ziren, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
Bigarrenik, ABOTSANITZ-PSE-EE eta EH BILDUk Puntaleko 5. Etxadiko etxeei buruz proposatutakoa denon aldeko bozkekin adostu zen. Eskatzen da jar daitezela haiek kontserbatzeko babes neurriak, eta Udal honek beharrezko kudeaketak egin ditzala Eusko Jaurlaritzaren aurrean bi eraikinak babesteko eskatzeko.