Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribian kontsumitzen jarraitzeko bono denda kanpaina berria

Udalak bat egin du Euskadi Bono Denda kanpainaren edizio berri batekin. Horretarako, Udalak 40.000 euro jarri ditu bonoetan erabili ahal izateko. Aurkezpena gaur bertan egin da Udaletxean, eta han izan dira Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotzia, eta hiriko zenbait dendari.
“Bertako merkataritzaren alde egiten ari garen apustuan beste ekimen bat da hirugarren bono denda kanpaina hau. Aurten 40.000 euro jarri ditu Udalak herritarrek bertan kontsumitu dezaten. Ez da ahaztu behar pandemia iritsi zenetik abian jartzen den hirugarren kanpaina dela. Udalak apustua egiten du hiritarrek bere hirian kontsumitu dezaten, bertoko merkataritzaren garrantzia handia dela jabetuta gaude eta” esan du Maria Serrano zinegotziak.
16 urtetik gorako hondarribiar bakoitzak 5 bono izango ditu kanpainan parte hartzen duten komertzioetan gastatzeko. 30 euroko erosketarekin 10 euroko deskontua egongo da.
Dendarientzat izena emateko epea irekita
Atzotik maiatzak 26 arte parte hartu nahi duten saltokientzat izena emateko epea zabalik dago, eta gero, erosketak egiteko bi epe zabalduko dira. Lehena ekainaren 2tik uztailak 3ra, eta bigarrena uda pasatakoan, urriaren 1etik abenduak 4 arte” zehaztu du Serranok.
Amuitz Merkatarien Elkartearen izenean Carol Fagoagak hitz egin du. “Saltokientzat oso positiboa da halako kanpainak egitea. Denok oso emaitza onak lortzen ditugu eta pozik gaude halako ekimenekin. Hiritarrari gure hirian gastatzeko bideak errezten ditu eta bide honetatik jarraitzea gustatuko litzaiguke”.
Informazio guztia www.hondarribia.eus gunean dago.