Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiak Mugikortasunaren Europako Astea ospatuko du irailaren 19tik 22ra
Hondarribiko Udala, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean, gaur egun nagusi diren mugikortasun- eta hirigintza-ereduei buruz hausnartzen dabil. Horretarako Mugikortasun Mahaia eratu da, mugikortasunarekin lotura duten gaia hauek herritarrekin partekatu eta lantzeko. Bertan, herritarrek bere kezka eta proposamenak plazaratzeko aukera dute, eta, momentu honetan, hiru egitasmo lantzen ari dira: herri busaren ezarpena, herriko terrazak arautuko dituen ordenantzaren idazmena eta aparkalekuen azterketa.
Mugikortasunaren Mahaiak, espazio publikoan oinezkoen, bizikleta erabiltzaileen eta auto-gidarien arteko elkarbizitza hobetzea du helburu, eta, dagoeneko, hainbat ekimen jarri dira martxan: Ttipi-ttapa sentsibilizazio kanpaina, herritarrak udalerriko distantziaz kontzientziatu eta oinezko mugikortasuna sustatzeko; Talaia Alaia, eskola-inguruneak hobetzeko eta seguruagoak, osasungarriagoak eta inklusiboagoak izan daitezen; hiri barruan autoen abiadura murrizteko hartu diren neurriak; edota, modu apalagoan, bizikletak aparkatzeko egokitu diren guneak, Amuteko bizikletak garbitzeko gunea.
Testuinguru honetan antolatu da Mugikortasunaren Europako Astea. Irailaren 19tik 22ra ospatuko da, eta, lau egunetan, askotariko herritarrak erakartzeko egitaraua prestatu dute Udalak eta Balaztak, eta gaur goizean aurkeztu dute Estitxu Urtizberea alkateordeak eta Gorka Obeso Balaztako ordezkariak.
Lehenengo jarduera emakumezkoei zuzendutakoa izango da, irailaren 19an, osteguna, 18:30etatik aurrera Talaia Biteri eskolan. Emakumeak txirrindan: kaleak eta errepideak gureak ere badira! izena eman dioten ikastaroa da, eta, helburua, tresna ezberdinak emanez, emakumeak ahalduntzea bizikleta erabiltzaileen artean dagoen genero aldea murrizteko. “Ez da bizikletan ibiltzen irakasteko ikastaroa, errepidera saltoa eman ahal izateko behar besteko tresnak emango ditugu. Emakumeak errespetu gehiago dio errepideari, datuek horrela diote. Errepideak berak, edo, auto-gidarien jarrera agresiboak, ez du erakargarri egiten. Errespetu hori kentzeko, edo, gutxitzeko, baliabideak eskaintzea da gure asmoa”, azaldu du Urtizbereak.
Ikastaroan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Udaletxeko webgunean egin behar da, eta, Urtizbereak aurreratu duenez, eskaera egiten duten emakumeentzat zaintza zerbitzua eskainiko da.
Irailaren 20an beste bi jarduera izango dira; bata, ikasleei zuzendutako, eta, bestea, adineko pertsonei. Bizibusarekin hasiko da programazioa, eta, Talaia Bordari ikastetxeko ikasleei egun horretan eskolara bizikletaz joateko gonbidapena da. Horretarako, hainbat geltoki izango ditu: Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza (8:30 ), - Gernikako Arbola plaza (8:35), Martxoak 8 plaza (8:40), Donostia kalea, eskailera mekanikoen ondoan (8:45) eta Sokoako errotonda (8:50). Asmoa da, Bizibusa 8:55ean iristea Talaia Bordari ikastetxera.
Jarduera ez da berria. Duela urte batzuk, Guraso Elkarteak eta Balaztak abian jarri zuten ekimena, eta, hilean behin antolatzen zuten. Baina bertan behera geratu zen, eta, Mugikortasunaren Europako Astean, ekimena berreskuratzeko saiakera bat egingo da. “Badakigu zenbait ikaslek badutela eskolara bizikletaz joateko ohitura, baina badira gurasoak seme-alabak bizikletan bakarrik joatearen beldur direnak ere. Horregatik, gure asmoa da ohitura hori handitzea”, azaldu du Obesok. Bizibusa Balazta elkarteak gidatuko du.
Eguneko bigarren jarduerak adineko pertsonak izango ditu jo-puntu. Tipi-tapa ibilaldi osasungarria astero egiten bada ere, “balioan jarri” nahi izan da. “Zahartze aktiboa sustatzeko helburuarekin adineko pertsonak ariketa fisikoa egitea garrantzitsua da, besteak beste, ongizate fisikoa eta mentala hobetzeko. Gainera, halako ekimenak harreman sozial berriak eraikitzeko aproposak dira”, nabarmendu du Urtizbereak. Hitzordua goizeko 11:00etan da, Itsas Etxea Auditoriumetik hasita, eta, gutxi gorabehera, ordu eta laurdeneko irteera izango da.
Programazioa igandean amaituko da, irailaren 22an, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean. Egun horretan egingo da Mugikortasun Astean horren ohikoa den Bizikleta Martxa eta bukatu osteko bazkari herrikoia. “Familian egiteko ekimena da, herriko kaleetatik zehar burutuko dena, partehartzaileen arteko bazkariarekin amaituko dena”, jakinarazi du Balaztako ordezkariak. Martxa Gernikako Arbola plazatik abiatuko da, 10:30ean, eta, bazkaria, 13:00etarako dago aurreikusia, Mendelun.
Eguneko beste jarduera 2024 urteko Mugikortasunaren Europako Asteko nobedade nagusia da, Mendeluko Amutalde kalean ospatuko den auzo-festa. 11:30ean hasita, umeentzako hainbat jarduera eta jolas antolatu dira: balanzbike zirkuitoa, txikientzako ezy roller eta mini motoen zirkuitoa, puzgarriak, playmais tailerra, aurpegi margoketa tailerra, musika, etab. Aurten, berrikuntza gisa, Foru Aldundiaren bitartez Mendeluko errepidea ixtea lortu da, festa hori ospatu ahal izateko.
Mendelu auzoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena den errepide batek zeharkatzen du. Trafiko dentsitate handia duen errepidea izanik, Hondarribia eta Irun lotzen dituena, Mendeluko auzo izaera erabat baldintzatzen du. Gainera, ez dago egokitua oinezkoentzako eta bizikleta erabiltzaileentzako. Udalak errepide hori bere eskumena izatea nahi du, “beste mugikortasun eredu bat ezartzeko, jasangarriagoa, oinezko eta bizikleta erabiltzaileei erraztasunak jarriko dizkiona”, azaldu dute. Festa honekin, nolabait, “Udalak errepidea kale bihurtzeko duen ahalmena aldarrikatu nahi du”.
Aipatutako jarduerak ostegunetik igandera izango badira ere, astean zehar adinduek hiriko kaleetatik zehar trizikloan paseatzeko aukera izango dute Bizikletaz adinik ez jarduerari esker. Urtean zehar Nagusikleta ekimenaren baitan egiten da Nagusilan eta Balazta elkarteen elkarlanari esker, eta, batez ere, Betharram eta San Gabriel egoitzetako egoiliarrak dira erabiltzaile nagusiak.