Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiak berdintasunean, animalien ongizatean eta hirigintzan aurrera egiteko neurriak onartu ditu martxoko osoko bilkuran

Hondarribiko Udalak hainbat neurri garrantzitsu onartu ditu martxoko ohiko osoko bilkuran, berdintasuna, animalien ongizatea eta bizikidetza hobetzeko helburuarekin. Besteak beste, behin betiko onartu da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana, hasierako onarpena eman zaio etxeko animalien babesa eta ongizatea arautzen dituen ordenantzari, eta Santa Engrazia kaleko hirigintza-hitzarmena ere berretsi da.
II. Berdintasun Plana: 2029ra arteko ibilbide-orria
Hondarribiak pauso sendoa eman du berdintasunaren bidean. Udalbatzak behin betiko onartu du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana, Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin. EAJ-PNV eta PSE-EE planaren kontra agertu dira.
2026 eta 2029 urteen artean udalaren jarduna gidatuko duen dokumentu estrategikoa da plana, eta diagnostiko zorrotz eta parte-hartzaile batetik abiatu da, herrian dauden desberdintasun errealak identifikatzeko aukera emanez.
Planak lau ardatz estrategiko nagusi ditu: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, gizarte-antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta jasangarria, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak.
Urtez urte garatuko diren ekintzen artean, honakoak nabarmentzen dira: ikerketa feministarako beka sortzea eta indarkeria matxistari aurre egiteko tokiko protokoloa diseinatzea (2026); LGTBIQ+ diagnostikoa eta ekintza plana egitea eta jabekuntza eskola sortzea talde feministekin elkarlanean (2027); udal barruko berdintasun plana, sexu-jazarpenaren aurkako protokoloak eta diru-laguntza lerroak abian jartzea (2028); eta Emakumeen Etxearen beharra aztertzea eta zaintzaileen lan baldintzak duintzeko sentsibilizazioa lantzea (2029).
Era berean, zeharkako neurriak jasotzen dira udal jardunean genero ikuspegia txertatzeko, kirolean, hezkidetzan edo indarkeria matxistaren prebentzioan sakontzeko, besteak beste. Planak Alardea ere lantzen du berdintasunaren ikuspegitik, Emakunderen babesarekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea dela ulertuta.
Udalak berdintasunarekiko duen konpromisoa berretsi du, eta lanean jarraituko du politika publikoen bidez berdintasun erreal eta eraginkorra lortu arte, inor atzean utzi gabe.
Etxeko animalien babesa eta edukitzea arautzeko ordenantza
Bestalde, Udalbatzak hasierako onarpena eman dio, aho batez, etxeko animalien babesa, ongizatea eta edukitze arduratsua arautzen dituen ordenantzari.
Ordenantza berri honen bidez, udal araudia egungo lege-esparrura egokituko da, hala nola EAEko 9/2022 Legearen eta Estatuko 7/2023 Legearen ildora, 2006ko testu zaharkitua ordezkatuz.
Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “gaur egun Hondarribian 2.636 txakur eta 492 katu daude erregistratuta. Gero eta ohikoagoa da gure etxeetan animaliak izatea, eta ordenantza honek animalien ongizatea bermatzea, abandonua prebenitzea, identifikazioa eta esterilizazioa sustatzea zein tratu txarrak desagerraraztea ditu helburu”. Halaber, hezkuntza eta sentsibilizazioa funtsezko tresnatzat jotzen direla azpimarratu du.
Ordenantzak, EUDELen eredua oinarri izan arren, udalerriaren berezitasunetara egokitutako neurri zehatzak jasotzen ditu. Alde batetik, hondartzetan txakurren presentzia modu zehatzagoan arautuko da, ordutegi, tarte eta sasoien arabera, alkatetza dekretu bidez zehaztuko diren baldintzekin, pertsonen eta animalien arteko bizikidetza hobetzeko helburuarekin. Bestetik, katu koloniak kudeatzeko araudia jaso da, Hondarribiko Katuak Elkartearekin elkarlanean, Harrapaketa–Esterilizazioa–Itzulera metodoa sendotuz.
Ordenantzaren inguruan, udal taldeek balorazio positiboa egin dute. Ander Ribesek (EAJ-PNV) azpimarratu duenez, “ordenantza egokia da, eta denon artean ondo landu dugu. Ekarpenak zentzuz eta arduraz egin dira”. Bestalde, PSE-EEko Noemi Odriozolak nabarmendu du testuak “argi eta zehaztasunez jasotzen dituela eskubideak eta betebeharrak”. “Lan ona egin dela uste dugu, eta ordenantza hau beharrezkoa da udalerrian bizikidetza hobetzeko. Hala ere, badira oraindik garatzen jarraitu beharreko alderdiak, hala nola txakurrentzako aisialdi guneen sorrera”, azaldu du Odriozolak.
Lupe Queirugak (Abotsanitz), bere aldetik, etxeko animalien garrantzia azpimarratu du: “Gero eta pisu handiagoa dute gure gizartean, pertsonen osasun fisiko eta mentalean eragin positiboa dutelako, euskarri emozional gisa jarduten dutelako eta estresa zein bakardadea murrizten dituztelako. Hala ere, animalien eta pertsonen arteko elkarbizitzan egoera desegokiak ere gertatzen dira, eta ziur gaude ordenantza honek bide publikoan bizikidetza hobetzen lagunduko duela”.
Santa Engrazia kaleko hirigintza-hitzarmena
Hondarribiko Udalbatzak aho batez onartu du Santa Engrazia kaleko 22 eta 24 zenbakietako lurzatien jabeekin sinatutako hirigintza-hitzarmena, Arkolla 5.1 eremuaren garapenarekin lotuta.
Akordio honen bidez, urte luzez konpondu gabe egon diren azpiegitura arazoei irtenbidea emateko urratsa eman da. Izan ere, Arkollako bidean ez da inoiz urbanizazio planifikaturik egon: ez dago oinezkoentzako biderik, eta euri-uren hustuketan arazoak daude. Gainera, eremuaren geografia malkartsuak eta lurzoru publiko faltak zaildu egin dute esku-hartu ahal izana.
Testuinguru horretan, Udalak bi aukera zituen Estitxu Urtizberea alkateordeak azaldu duenez: “desjabetzeak egitea edo jabeekin akordioa lortzea. “Azken bide hori hautatu da, guztiontzat onuragarria den irtenbidea adostuz”.
Hitzarmenari esker, jabeek lurzati zati bat Udalari lagako diote, batez ere berdeguneak eta ekipamendu publikoak sortzeko. Lurzoru publiko hori lortuta, Udalak beharrezko azpiegiturak garatu ahal izango ditu: besteak beste, saneamendua Kosta Kalera konektatu eta oinezkoentzako bide seguruagoa palnteatzeko aukera zabalduko da.
Gainera, akordioak lurzatien eraikigarritasuna ere eguneratzen du: sestra gainean 152 m² eraiki ahal izango dira guztira, eta sestra azpian beste 100 m².
Urtizbereak nabarmendu du akordio hau garrantzitsua dela interes publikoarentzat, hirigintza-plangintza garatzea errazten duelako eta herritarren beharrei erantzuteko aukera ematen duelako. Era berean, eskerrak eman dizkie jabeei erakutsitako jarrera kolaboratzaileagatik.
EAJ-PNVko bozeramale Gonzalo Carrionek ere positibotzat jo du hitzarmena eta Arkolla eremua hobetzeko pausoa dela azpimarratu du, nahiz eta azken dokumentazioa berandu jaso izana deitoratu duen.