Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribia Kultura: Herritarrak, sormena eta arte espazioak ehuntzen dituen kultura-sarea

2026-07-07
Uztailaren 9tik 12ra bitartean ospatuko da aurtengo Hondarribia Kultura programaren edizioa, “Kultura Uztartu” lelopean. Alde Zaharreko kale, plaza, txoko eta pasabide historikoak agertoki bihurtuko dira lau egunez, herritarrak eta bisitariak artearekin, musikarekin, dantzarekin, zinemarekin eta pentsamendu kritikoarekin harremanetan jartzeko.

Ondare historiko eta kulturala ezagutzeko gonbidapena izango da, baina baita Hondarribiaren gaur egungo sormen-indarra ezagutzeko aukera ere. 

Gaur egun, kulturaren antolaketa eta ereduen inguruko eztabaidak gero eta presenteago dauden honetan, Hondarribiko Udalak bestelako ikuspegi baten aldeko hautua egin du: gertutasuna, kalitatea eta bertako sormenaren sustapena uztartzen dituen kultur politika baten aldekoa.

Orain arte, kultur eskaintzaren zati handi batek kanpora begirako logikak izan ditu oinarri. “Hondarribia Kultura” programak, aldiz, bestelako norabidea hartu du: herritarrak erdigunean kokatu, herriko talentua aitortu eta indartu, eta kulturaren bidez komunitatea ehuntzeko tresnak sortzea.

Kultura ez dugu aisialdirako eskaintza hutsa bezala ulertzen. Herria egiteko tresna da. Harremanak sortzeko, pentsamendua pizteko eta komunitatea indartzeko espazioa da. Horregatik, kultur politikak herritarren beharretatik eta herriko errealitatetik eraiki nahi ditugu”, adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak.

Aurtengo edizioak diziplina, formatu eta jatorri askotako proposamenak bilduko ditu, kulturaren bidez loturak sortzeko helburuarekin.

Horren adibide izango da lehen aldiz egitaraura batuko den Maddalen Arte Gunearen parte-hartzea. Bertan, Itziar Basterretxearen “Erraietatik Saretzen” egonaldia eta IIIngles taldearen kontzertua uztartuko dira, sormen-prozesua eta zuzeneko esperientzia espazio berean elkartuz.

Era berean, Alakran konpainiaren “Makers Itinerantes” proiektua aurkeztuko da. Emanaldi puntual bat izatetik harago, Hondarribian datozen asteetan garatuko den lan-prozesu baten hasiera izango da, herriarekin lotura zuzena izango duen sorkuntza dinamika baten barruan.

Programak memoria eta errealitate sozialari ere lekua egingo dio. Horren adibide da “Faisaien Irla” filmaren proiekzioa, Bidasoa ibaian gertatzen den migrazio-drama pantailaratzeko eta hausnarketa kolektiborako espazio bat zabaltzeko.

Musikak ere protagonismo berezia izango du. Euskal Herriko proposamenen artean izango dira IOI Haatik, Amaia Miranda, Amorante, Gailu eta Lukiek, bakoitza bere hizkuntza artistiko propiotik abiatuta.

Kanpotik iritsiko dira, berriz, GOTA talde kataluniarra eta Txema Muñozen magia ikuskizuna, eta Estatuko hainbat lurraldetatik etorriko diren artistek osatuko dute eskaintza: Guadalupe Plata taldearen blues psikodeliko eta basatia, Lorena Álvarezen folklore garaikidea eta Pedro Pastorren azken lanaren mezu sozial eta konprometitua.

Hondarribiko sormen komunitatea ikusgarri egiteko tresna berriak

Hondarribiko Udalak urrats berri bat egin du herriko kultur ekosistema indartzeko eta bertako sormen-sarea hobeto ezagutzeko bidean. “Kultura Uztartu” programaz harago, azken hilabeteotan garatutako proiektu estrategikoetako batek argia ikusi du: herriko sortzaile, artista eta arte espazioen mapaketa

Udal Gobernuaren Planean jasotako konpromiso honen bidez, Hondarribian dagoen sormen-ehuna identifikatu, antolatu eta ikusgarri egin nahi izan da. Izan ere, herrian jardun artistiko eta sortzaile oparoa dago, askotarikoa eta bizia, baina sarritan sakabanatuta.

Mapaketa lanaren emaitza gisa, sortzaileen direktorioa eta arte espazioen gida osatu dira. Guztira, 52 sortzaile eta 17 arte espazio izango dira (Maddalen Arte Gunea eta Polborina barne). Tresna horien bidez, herriko kultur eragileen arteko harremanak sustatu nahi dira, herritarren ezagutza handitu eta etorkizuneko kultur proiektuentzako oinarri sendoagoak eraiki. 

Hondarribian badugu sormen komunitate aberats eta askotarikoa. Gure ustez, administrazioaren egitekoa ez da soilik kultur jarduerak programatzea; herrian dagoen talentua identifikatu, ezagutarazi eta elkar konektatzeko baldintzak sortzea ere bada. Mapaketa honek norabide horretan egiten du ekarpena”, adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak.

Sortzaile eta arte espazioen direktorioak, besteak beste, espazio bakoitzaren kokapena, kontaktua, sare sozialak, deskribapena eta eskaintzen dituen jarduerak jasotzen ditu. Tresna erabilgarria izango da bai herritarrentzat bai bisitarientzat, Hondarribiko sormen-ekosistema osatzen duten eragileak hobeto ezagutzeko: “Herriko sortzaileek beren profila izango dute Hondarribia Kulturaren webgunean, eta bertan beren jardunaren inguruko informazioa eskaini ahal izango dute. Era berean, herriko arte espazioek ere beren jarduera, eskaintza eta ezaugarriak erakusteko gunea izango da orrialde hori”.

Kultura, komunitatea eta herrigintza

“Kultura Uztartu” egitarauak eta herriko sortzaile zein arte guneen mapaketa-lanak ikuspegi bera partekatzen dute: kultura komunitatea eraikitzeko tresna dela ulertzea. Batetik, kultur jardueren bidez herritarrak elkartu eta sormena espazio publikora eramanez; bestetik, urte osoan zehar herriko sortzaileak eta arte espazioak ikusgarri egiteko baliabideak sortuz. “Horixe da Hondarribiko Udalaren apustua: kultura ez ulertzea ekitaldien programazio hutsera mugatutako jardun gisa, baizik eta harremanak sendotzeko, komunitatea indartzeko eta herriaren etorkizuna eraikitzen laguntzeko tresna gisa”, adierazi du Alonsok.

Kultura zinegotziak herritar guztiak animatu ditu uztailaren 9tik 12ra egingo den “Kultura Uztartu” egitarauaz gozatzera, eta, aldi berean, Hondarribia Kulturaren webgunean eskuragarri dagoen sortzaile eta arte guneen mapa ezagutu eta kontsultatzera.