Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Agenda • listado interior
Agenda
Eduki publikatzailea
Atzealdea NORA FERREIRA: HONDARRIBI.AR.T

1. Zure burua aurkeztu ezazu.
Ni Nora naiz, 28 urtekoa, duela bederatzi urte Madrilera bizitzera joan eta duela bi hilabete Hondarribira itzuli den pertsona.
Ez dut nire burua ogibide batekin identifikatzen; ez naiz “irakaslea”, ez naiz “estilista”, gauza asko egiten dituen pertsona bat baizik. Egun bizi garen sistemaren barruan, estilista gisa egiten ditudan lanekin egin ohi dut aurrera, baina neure burua emakume sortzaile bezala aurkeztuke nuke.
Arropak jostea eta kustomizatzea, koadroak margotzea, meditazioak egitea eta arropa-looken bidez pertsonaiak edo agertokiak sortzea dira gustuko ditudan gauzak. Gainera, egunero jaikitzen naizenean eta zer jantziko dudan erabakitzen dudanean, nire pentsamendu edo sentimenduak adierazten ditut. Niretzat nire janzkera adierazpen artistiko bat ere bada, eta horrek nolabaiteko nortasuna ere ematen dit.
Nor naizen galderaren erantzun egokiena, behar bada, hauxe izango litzateke: niregandik ateratzen dena naiz, nik sortutakoa, nik pentsatutakoa, nik sentitutakoa… eta hori adierazteko aukeratzen dudan bideak axola gabe.
2. Zure burua Hondarribiko gazte artista ala ekintzailetzat duzu? Zure ogibidea da zure sorkuntza Lanaken emaitza?
Bai, nire burua Hondarribiko gazte artista eta ekintzailetzat dut. Baina egia da zaila egin zaidala puntu honetara iristea. Hasieran gaizki sentitzen nintzen gauza konkretu bat ez egiteagatik, nire burua ogibide finko eta seguru batekin ez lotzeagatik. Gainera, inguruko pertsonen onespenik gabe, egiten nuenak zentzurik ez zuela uste nuen. Benetan pentsatzen nuen ez nintzela ezer sortzen ari.
Baina orain egiten dudanarekin ondo sentitzen ikasi dut. Alde batetik, gustuko dudan sektore batean lan egitea lortu dut, estilista moduan, eta bestalde, nire artean ikertzen jarraitzen dut. Batzuetan nire adierazpen artistikoak sare sozialen bidez jende askorekin partekatzen ditut, eta nire sentimenduen arabera, beste batzuetan zirkulu estuago batean adierazten naiz. Hau dena ulertu eta onartzeak kostatu arren, gaur egun benetan pozten nau.
3. Hondarribia herri txiki-ertaina izanik artearekin harreman estua du. Maiz artistak eta sormen lanak hiri handiekin lotzera jotzen dugu. Nola uste duzu baloratzen dela zure lana testuinguru honetan?
Denborarekin deskubritu ditut leku txiki batean hazteak dituen abantailak. Behar bada duela hamar urte gauza negatiboak baino ez nituen ikusten, nerabearen duda, ezjakintasun eta inseguridade guztien artean. Nire orduko usteetan, aukera onenak hiri handietan zeuden, informazio gehiago, adierazpen bide gehiago, era guztietako musika eta jendea ezagutzeko aukera… Egia da hiri haundietako esperientziek beste ezagutza mota batzuk erakusten dizkizula. Baina inpertsonalagoa izan daiteke, bere alde on eta txarrekin. Pixkanaka konturatu naiz leku txikiagoak norberaren hazkunde pertsonalean gehiago laguntzen duela, eta lortzen duzun barne-bake hori bereziagoa egiten duela.
4 .Zure sormen lanak publiko jakin bat du?
Ez bereziki, inoiz ez dudalako izan nire lanetan publiko finko bat helburu.
Gainera, nire sormen lan asko gauza zehatzak ez direnez, jendeari kosta egiten zaio ulertzen; batzuetan ez da hain erraza jakiten zeini edo zer eskaitzen ari naizen.
Askotan neure buruaren bidez, bizipen edo pentsamenduekin gauzak sortzen edo asmatzen ditut, helburu zehatzik espero gabe. Hasieran saiatzen nintzen sortutakoak azalpenen bidez jendeari azaltzen. Orain, aldiz, ezer espero gabe sortzen dut, eta jendeak informazioa nola jasotzen duen ikusten dut, ekimen hori bera sorkuntzaren parte bihurtuz.
Gainera, jendeaurrean jartzeak eta zure iritziak adierazteak, kritikak batzuk onartzea ere badakar.
5. Zer esango zenioke Hondarribiari?
Hondarribiari gure artean gehiago zaintzeko esango nioke! Artista gazteen artean laguntza-taldeak sortzera animatuko nuke Hondarribia, espazio sortzaileak eraiki eta gure sorkuntzak ikusgarriago egin ahal izateko.
Esango nioke, halaber, gauzak pixkanaka ikasten direla, eta inoiz ez dela ikasteaz amaitzen, beti egongo dela informazio berria gure zain. Gauza berriak xurgatu eta onartu behar ditugula, eta bide horretan, gazteetan jarri behar dugula arreta, beraiek baitira ideia berri eta irekiagoak ekarriko dizkigutenak,
Gazteak gara etorkizuneko bidea!

