Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hirian zehar jarritako komun publikoak irekitzen hasi da Udala

Udalak hirian zehar jarri berri dituen komun publikoen irekiera hasi da. Instalatzeko obra zibilak eginda daude, eta azken baimenen esperoan, 6 komun berrietatik bi ireki egin dira, eta gainontzekoak datozen egunetan irekiko dira.
Udal Gobernutik jakitera eman denez, “udako hilabeteetan jartzen ditugun San Pedro kaleko komun probisionalak martxan daude, baita Benta eta Soroetakoak ere. Jarri berri ditugun sei komun autogarbigarri berrietatik bi ostiralean ireki ziren, Molla Ibilbidekoa eta hondartzakoa hain zuzen ere.
Amuteko kirol gunearen ondoko komunari dagokionez, Iberdrolak kontadorea jartzea falta da, eta Guadalupeko Santutegiaren atzekaldean dagoenarekin azken frogak egiten ari gara, uraren presioarekin arazoak izaten ari garelako eta azken ikutuen zain gaude.
Martxoak 8 plaza eta Mendeluko komunei dagokionez, Udaletik kokapena egokiena den edo ez aztertzen ari gara, lekuz aldatzea bideragarria den ikusi nahi dugu eta azterketa hori egiten ari gara. Espero dugu ahalik eta azkarren azterketa horren emaitzen berri izatea erabakia hartu ahal izateko.
“Martxo hasieran sei komun publiko instalatzeko obrei ekin zitzaien, herritarrak urteetan zehar egindako eskariari, azkenean, erantzunez. Hondarribiak hamar komun publiko izango ditu hirian zehar auzo desberdinetan banatuak, proiektu honekin oso urrats garrantzitsua eman da zerbitzu publiko honen indartzeak batez ere positiboki eragingo baitu emakumeengan, adinekoengan eta behar bereziak dituztenengan azken bi hauen kasuan komun publikorik ez izateak eragina izan dezake kalera irteteko edo ez irteteko erabakian”.
Sei komun kabina dira, autogarbigarriak, erabilera mistokoak, eta mugikortasun urritua duten pertsonei egokituak. Guztiek kanpoaldean pixaleku anizkoitza eta babes manpara izango dituzte. Erabiliko diren materialak kalitate handikoak, iragazgaitzak, erasoen aurkakoak, eta higadurarekiko erresistenteak izango dira.