Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Maider Goikoetxearen “Herritik irten gabe” erakusketa ikusgai Maddalen Arte Gunean

Gaur, Cuestaren Harira programaren bigarren egonaldia aurkeztu dute Maddalen Arte Gunean: Maider Goikoetxearen “Herritik irten gabe”. Proiektu honek artistaren ibilbideko hainbat garai biltzen ditu, denboran zehar sortutako piezak eta begirada pertsonalak elkarrizketan jarriz.
Goikoetxearen hitzetan, “arte pausatu eta meditatu” baten aldeko lana da. Horrela, 1998 inguruan sortutako Heidi bezalako proiektuetatik hasi eta 2026ko Zurda lanera arteko ibilbidea jasotzen du erakusketak, ia 28 urteko tartean sortutako piezak elkarren gainean jarriz. Erakusketan, Hondarribiko Kai Zaharrean bildutako harriak, azulejuak eta maskorrak ere ageri dira, azken bi urteotan egindako argazkien protagonista bihurtuta. Testurak eta kolorea dira ardatz nagusiak, eta material ezberdinen bidez pausaren eta meditazioaren ideia lantzen da.
“Gainjarri” kontzeptuak ere pisu berezia du: gauza bat beste baten gainean jartzea, osorik edo zatika, eta denboran edo espazioan bat etortzea. Ideia horren inguruan egituratzen da erakusketa, ikusleari begirada lasai eta sakona eskatuz.
Erakusketaren komisario Sandra Cuestak azpimarratu duenez, “programa honen bidez ez da soilik sortzaileen lanen erakusketa bultzatzen, baizik eta proiektu artistikoen arteko loturak eta ibilbide partekatuak ere balioan jarri nahi dira. Maider Goikoetxearen kasuan, bereziki interesgarria da urteetan zehar eraikitako lanen arteko elkarrizketa hori, denboraren eta sorkuntzaren arteko gurutzaketa agerian uzten duelako”.
Halaber, Harira proiektuaren ildoa jarraituz, proposamen artistiko bakoitza musikarekin lotutako egitasmo batekin uztartzen da. Kasu honetan, Ane Segurolak “Saguxar” kontzertua eskainiko du. Apirilaren 24an izango da, 20:00etan, Maddalen Arte Gunean bertan.
Bestalde, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Maider Goikoetxearen lana aukera paregabea da arte pausatu eta sakon batez gozatzeko”. “Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Maddalen Arte Gunera hurbiltzera eta proposamen hau gertutik ezagutzera”. Halaber, Alonsok gaineratu du Maddalen Arte Gunea “erreferentziazko espazio gisa” sendotzen ari dela, tokiko sortzaileei ikusgarritasuna emanez: “Gure helburua da kultur espazioak sendotzen jarraitzea. Gune hau ez da helmuga bat, abiapuntua baizik”.
“Herritik irten gabe” erakusketa maiatzaren 15era arte egongo da ikusgai Maddalen Arte Gunean. Bisita ordutegia honakoa izango da:
- Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara.
- Larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
- Igandetan, 11:00etatik 13:00etara.