Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Garbiketako aferan hitzartutako akordio batetara heltzeko deia egin die alkateak enpresa eta langileei
Udal eraikinetan garbiketa greba berri bat deitu da irailaren 1etik aurrera. Horren aurrean, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Udalaren jarrera jakinarazi nahi izan du, deialdi horretan aurkeztutako alegazioen berri emanez.
“Grebaren aurkako alegazioak aurkeztu ditugu. Langileen grebarako eskubidea argia dela uste dugu, eta, bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxe publikoetan higiene-baldintza egokiak eskaintzea, hezkuntza-zerbitzua behar bezala gara dadin. Baldintza horiek betetzea eskatzen dugu, derrigorrezkoa den hezkuntza-zerbitzu batean gainera, eta enpresari eta langileei eskatzen diegu akordio itundu batera iristeko”, nabarmendu du Sagarzazu alkateak.
“Udala garbiketako langileak ordezkatzen dituen sindikatuarekin eta garbiketaz arduratzen den enpresarekin bildu da. Negoziazio-prozesu horretan jarraitzeko eskatzen dizuegu. Lehen bilera PRECOn egin zen (Eusko Jaurlaritzaren Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzua, lan-gatazka kolektiboak konpontzeko), ekainaren 30ean, eta bigarrena irailaren 8an.
Emaitza aztertzeko prestasuna
Sagarzazuk adierazi zuenez, “negoziazio horren esparruan, Udala prest dago balizko akordioaren emaitza aztertzeko eta hobeto nola erantzun dezakegun ikusteko. Gogorarazi nahi dut 2021eko abenduaren 30ean sinatu zela garbiketa-zerbitzu berriaren egungo kontratua. Kontratu horretan, Udalak nabarmen handitzen du diru-kopurua (600.000 eurotik ia 1.200.000 eurora), pandemiaren ondoren aurreikusitako behar berrien ondorioz”.
Sagarzazu alkateak aitortu zuen “asko kezkatzen gaituztela Lehen Hezkuntzako Talaiako eraikin batzuetan dauden higiene-baldintzek. Ikastetxeko zuzendaritzak, hezkuntza-ikuskaritzak eta hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak kexak helarazi dizkigute, baldintzak ez direlako izan beharko liratekeenak. Kexa horien aurrean, grebaren aurkako alegazioak idatzi ditugu, eta horietan, funtsean, ikastetxeetako zerbitzuen ehuneko ehun betetzeko eskatzen da. Udaltzaingoarentzat, Udal Liburutegiarentzat eta Prebentzio Komunitarioko Bulegoarentzat ere funtsezko zerbitzuak eskatzen dira, herritarrei arreta ematen zaien guneak baitira”.
Joan den astean Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Hezkuntzako zinegotziak bilera irekia izan zuten ikastetxeetako irakasleen eta gurasoen klaustroarekin. “Etengabeko harremana dugu Talaiako zuzendaritzarekin eta gurasoen elkartearekin. Egoera azaldu genuen, daukagun informazioa jakinarazi eta alegazioak aurkezterakoan dugun jarrera erakutsi. Komunikazio-kanalak irekita mantentzen ditugu”.
Gogoratu behar da garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunak hiriko ikastetxe publikoetan (Bordari, Satarka eta Biteri), Loraitz Haurreskolan, Udaletxean eta Pampinot kaleko udal bulegoetan, Zuloaga Etxeko Liburutegian, Bake Epaitegian, Udaltzaingoaren bulegoetan, Udal Gordailuan, Soroeta HEPAn, Euskaltegian, Alhondigan, Udal Informazio Bulegoan, Itsas Etxea Auditoriumean eta Gazte Informazio Bulegoan ematen dituela zerbitzuak.