Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Euskara ZUGAN, NIGAN, GUGAN

Adierazpen instituzionala
Euskarak bide luzea egin du. Luzeena, agian, Europa zaharrean. Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.
Zein da sekretua? Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena? Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin. Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.
Debekuen aurrean, eutsi genuen. Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen. Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da. Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna. Euskararentzat aukera berriak zabalik daude. Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.
Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua. Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen. Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da. Horregatik, unea da. Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea. Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea. Euskararen ezagutza zabaltzeko unea. Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea. Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.
Horregatik, 2025eko Euskararen egunean, gugandik abiatuta, ondorengo konpromiso hauek hartzen ditu Hondarribiko Udalak:
- Udal politiketan euskara erdigunean jartzea.
- Hizkuntza politikan atzera urratsik ez egitea.
- Euskarak behar duen jauzian Udalari dagokiona egitea, eta horretarako bitartekoak jartzea.
Abotsanitz - EH Bildu - EAJ-PNV - PSE-EE