Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Euskaraldiaren hirugarren edizioan aktiboki parte hartuko du Hondarribiko Udalak

Ekimena prestatzen hasteko lehen batzarra datorren asteazkenean, maiatzaren 18an, izango da

2022·05·09

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskaraldiak hirugarren edizioa biziko du. Hondarribiko Udalak parte hartuko du aurreko bi edizioetan bezala. Ekimenaren berri emateko prentsaurrekoa egin da, eta han izan dira Maria Serrano Euskara zinegotzia, Karmelo Goikoetxea Euskara Teknikaria eta Mertxe Gerriko, Euskaraldiaren dinamizatzaile izango den teknikaria.

“Hirugarren edizioa izango du aurten Euskaraldiak, eta nola ez, Udalak parte hartu egingo du. Alde batetik, Arigune moduan, eta bestetik, beharrezkoa den guztian laguntzen. Zentzu horretan, aurtengoan Udalak dinamizatzaile bat kontratatuko du, herritarren eta eragile desberdinen arteko erlazioan aritzeko, ahalik eta ekimen arrakastatsuena izan dadin” esan du Maria Serrano Euskara zinegotziak.

“Datorren astean, maiatzaren 18an, 18:00etan Udaletxeko Areto Nagusian egingo den batzarrera etortzeko deia luzatu nahi nuke. Hor hasiko gara lantzen aurtengo edizioa”.

Bi parte hartzaile mota

Mertxe Gerrikok esan duenez, “ilusioz hartu dut Hondarribian aurtengo Euskaraldia eta berekin lotuta doan herri batzordea dinamizatzeko ardura. Ariketa sozial honetan, bi parte hartzaile mota izango dira. Alde batetik, herritarrak (gutxienez euskara ulertzen duten 16 urtetik gorakoak, Ahobizi edo Belarriprest modura hartuko dute parte), eta bestetik, entitateak.

Mota ezberdinetako entitateek (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kultur eta kirol elkarteak, etab.) hartu ahal izango dute parte, euskaraz ulertzen duten pertsona taldez edo herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai diren kidez osatutako ariguneak eratuz.

Izena emateko epea, entitateen kasuan maiatzaren 16ko astean hasiko da eta norbanakoentzat berriz, irailaren 19ko astean. Lankidetza, herritar nahiz eragile guztien konpromisoa eta erakundeen babesa, ezinbestekoak dira hau aurrera eramateko. Horregatik, herritar gehiagorengana heltzeko, zein arigune gehiago aktibatzeko, lan egingo dugu. Bakoitzak bere buruari helburu zehatz bat jarri eta betetzen saiatzea, bide eraginkorra izango dela uste dugu” gehitu du Gerrikok.

“Era batean edo bestean, gurekin parte hartzea gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak” esan du Karmelo Goikoetxea Euskara Teknikariak.