Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Euskal Jaien 100. urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu du Hondarribiko Udalak

2025-11-07
Hondarribiko Udalak Euskal Jaien mendeurrena ospatuko du azaroaren 8tik abenduaren 17ra, sei asteko egitarau zabal eta parte-hartzailearekin. Urteurren borobil honek aukera emango du Hondarribiaren herri nortasuna zer izan den, zer den eta zer izan nahi duen elkarrekin aztertzeko, ospatzeko eta hausnartzeko.

Gazteria, Kultura eta Euskara sailek, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, dantza, kanta, bertsoa, literatura, erakusketak, bisitak eta mahai-inguruak barne hartzen dituen egitarau zabala prestatu dute. Egitarau zabal honek iragana, oraina eta etorkizuna lotzea du helburu, eta horrela, generazio guztiek parte hartzea. 

Egitarauaren oinarrian euskara dago, Euskal Jaiak eta hizkuntza elkarrekin lotutako bi elementu direlako. Euskal Jaien sorrera 1851. urtean kokatzen da, Urruñan, Anton Abadiaren ekimenez. Hasieran pilota izan zen festaren ardatz nagusia, eta 1853tik aurrera olerki lehiaketa ospetsua gehitu zitzaion, lore-joko bihurtuz. Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz  1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean, dagoeneko Euskal Jaiak izenpean antolatu ziren. Hondarribiko Udalak, 1925 urtea oinarri hartuta, 1975 eta 2000 urteetan ospatu izan ditu Euskal jaiak. 2025ean, 2000 urtean bezala,  urtemuga euskararen egunaren bueltan antolatu da, udazken amaieraren giroan.

Urteurrenek eman ohi duten atzera-begirakoak argi uzten du, nahiz eta formak aldatu, ospakizun hauen funtsa bere horretan mantendu dela: euskara plazara ateratzeko, sortzeko eta erabiltzeko borondatea. Udalak eta herriko hainbat eragilek norabide horretan lanean jarraitzen dute, hizkuntza gutxitua izanik, euskarak beti behar duelako bere aldeko haizea, jarrera, egoera soziolinguistikoaren inguruko kontzientzia eta, bereziki, hiztunak.

Testuinguru horretan, eta izan garena, garena eta izan nahi duguna kontuan hartuta, egitarauak aukera emango du denboran zehar bidaiatzeko eta gaur egungo erronkei heltzeko. Gogoan izan behar da gaur egun Hondarribian euskararen kale-erabilera %16koa dela; beraz, urteurren hau aukera egokia da eguneroko lanei bultzada emateko eta herri nortasuna indartzeko.

Egitarauaren barruan, ohiko ekimenez gain —bertso-afaria, Euskararen Eguna, Euskal Azoka edo Bordari-Satarka Literatur Lehiaketa—, espresuki sortutako jarduera bereziak ere antolatu dira, hala nola Anton Abadia Zikloa. Ziklo horren baitan, azaroaren 28an “Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara” antzezlana eskainiko da; azaroaren 29an Abadia gaztelura bisita gidatua egingo da, irteera Sabin Arana kaleko autobus geltokitik eginez; eta abenduaren 13an “Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna” mahai-ingurua izango da, Koldo Ortega, Harkaitz Cano eta Antxoka Agirreren parte-hartzearekin.

Bestalde, egitaraua osatuz, azaroaren 12tik abenduaren 10era Nestor Basterretxearen “Basterretxea Hondarribian” erakusketa izango da Arma Plazan; azaroaren 8an “Amama” dantza-ikuskizuna eskainiko da; azaroaren 22an bertso-afaria izango da Itsaslur elkartean; azaroaren 29an Bertso-bazkaria izango da Arkolla auzoan eta egun berean Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa antolatuko da Itsas Etxean. Abenduaren 3an Kriseilua eta herriko ikastetxeen kantaldia ospatuko dira Itxas Etxea Auditoriumean; abenduaren 8an, astelehenez, “Karmele” filma proiektatuko da; abenduaren 13an Euskal Azoka eta Gazte Olinpiaden euskararen proba egingo dira; eta abenduaren 14an ospatuko dira Bordari-Satarka lehiaketaren 40. urteurrena eta 2025eko sari banaketa Kultur Etxean, baita eguerdiko kantujira eta Itsu Koplak ekitaldia ere. Egitarauari amaiera eman eta festa giroa biribiltzeko, abenduaren 17an Iñigo Muguruzaren “Zorion Festa” kontzertua izango da Itsas Etxea Auditoriumean.

Euskal Jaiak 1925-2025 egitaraua

Azaroa

Abendua

  • Abenduak 3: Kriseilua eta Herriko eskolekin kantaldia
  • Abenduak 8: Karmele filma
  • Abenduak 13: Euskal Azoka
  • Abenduak 13: Gazte olinpiadak, euskara froga
  • Abenduak 14: Bordari-Satarka literatur lehiaketaren 40. urteurrenaren ospakizuna eta 2025eko sariak banatzeko ekitaldia
  • Abenduak 14: Kantujira: Bentazaharreko mutiko alaiak
  • Abenduak 14: Itsu koplak
  • Abenduak 17: Zorionak Iñigo - Matah y Beleren kontzertua