Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Etzakit eta Pantxoa eta Peio, Hondarribiko Jai Nagusietan

Hondarribiko Udalak uztailaren amaieran iragarri zituen Jai Nagusietako musika kontzertuak. Bada, 13 kontzertu horiez gain, Euskal Herriko beste bi artista ezagun entzuteko aukera ere izango da: Etzakit taldea eta Pantxoa eta Peio.
Biak ala biak izen handiko proposamenak dira euskal musika eszenan, eta badute beste ezaugarri komun bat ere: urte luzez eszenatokietatik urrun egon ondoren, berriro itzuli dira oholtzara. Hala, euskal musikaren eszenan izan diren bi itzulera esanguratsu Hondarribian ere gozatzeko aukera izango da.
Aurten ere, Jai Nagusietako egitarauan adin eta gustu guztiei begirako eskaintza anitza eta orekatua osatu nahi izan dela aurreratu zuen Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, horregatik, herriko taldeei zein Euskal Herriko eta nazioarteko artistei egin zaie lekua. Iragarritako bi kontzertu berriak programazioaren parte izatea pozgarria dela gaineratu du Kultura zinegotziak: “Etzakit eta Pantxoa eta Peio bezalako izenak egitarauan txertatzea bereziki pozgarria da, bi proposamenek gure musikaren historian izan duten garrantziagatik, baina baita itzulera hauek Hondarribian bizi ahal izango ditugulako ere”.
Irailak 8, Bentan - ETZAKIT
1990eko hamarkadan euskal musikaren eszenan eragin handia izan zuen Etzakit taldeak. Hernanin sortu zen taldea eta trikitia eta popa uztartzeko modu bereziak berehala egin zuen ezagun. Urte gutxiko ibilbidean ehunka kontzertu eskaini zituen Euskal Herriko plazetan eta aretoetan, 2000. urtean etenaldia iragarri arte.
Aurten, 26 urteren ostean, taldea oholtzara itzuli da. Hainbat kontzertu eskaini ondoren, besteak beste San Ferminetan eta Donostiako Aste Nagusian, Hondarribiko Jai Nagusietan ere izango da Etzakit.
Irailak 11, Bentan - PANTXOA ETA PEIO
Pantxoa eta Peio euskal kantagintzaren historiako izen garrantzitsuenetakoak dira. Lapurdiko bikoteak 1970eko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari, eta hamarkada luzeetan zehar euskal musikaren ondarean leku berezia hartu duten abesti ugari sortu ditu. Haien hainbat kanta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, eta gaur egun euskal musikaren klasikoen artean daude.
2011n etenaldia egin zuten, eta aurten berriro elkartu dira ibilbide luzeari amaiera emateko. Azken Dantza izeneko azken bira 2027ko urtarrilean amaituko da, eta bidean Hondarribiko Jai Nagusietan ere izango dira, irailaren 11n.
Jai Nagusietako gainerako kontzertuen inguruko informazioa hemen.