Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Tatapas Gastrotekaren "Entre redes y trigales" pintxoak ordezkatuko du Hondarribia Erdi Aroko Pintxoen Nazioarteko XVIII. Lehiaketan

Arantza Ayalak (Laia Erretegia), Xabi Izaguirrek (Arraunlari Berri) eta Gonzalo Bustok (Estebenea) osatutako epaimahai profesionalak bereziki baloratu ditu proposamenaren originaltasuna, Erdi Aroarekiko koherentzia eta kalitate gastronomikoa. Epaimahaiko kideen hitzetan, “aurtengo edizioa ere lehiatua izan da; sormen, teknika eta Erdi Aroko kontzeptuarekiko koherentzia maila oso handia erakutsi dute parte-hartzaileek. Azken erabakia hartzea ez da erraza izan”.
Estitxu Urtizberea Merkataritza eta Turismo zinegotziak parte hartu duten establezimendu guztiak zoriondu ditu egindako lanagatik. “Parte-hartzaile guztiek erakutsi dute berritzeko eta harritzeko gaitasuna dutela, Erdi Aroko espirituari eutsiz. Aurkeztutako proposamenen maila altuak Hondarribiko ostalaritzaren kalitatea islatzen ditu. Ziur nago "Entre redes y trigales" enbaxadore bikaina izango dela Valencia de Alcantaran".
Herri-epaimahaiaren saria
Aurten zortzi establezimenduk hartu dute parte: Batzoki, Tatapas, Danontzat, Mika, Badia, Enbata, Itxaropena eta Hondar. Herri-epaimahaiaren saria Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarriren "Lamiak Arrautza" pintxoak eskuratu du, botoen % 25,27 eskuratuz.
Herritarren parte-hartzea ere nabarmena izan da.Guztira, 182 kupoi baliodun eta 683 zigilu erregistratu dira. Aurreko edizioarekin alderatuta, kupoien kopurua %5 hazi da, eta zigiluen kopurua, berriz, %8. Gainera, kupoien %38k hiru zigilu baino gehiago izan dituzte, eta emandako botoen %45 Hondarribiko herritarrenak izan dira.
"Parte-hartzeari buruzko datuek lehiaketa honek hondarribiarren eta bisitarien artean duen harrera ona berresten dute. Erregistratutako kupoien eta zigiluen kopuruak gora egin izanak erakusten du ekimenak hazten eta sendotzen jarraitzen duela urtez urte, gure agenda gastronomikoaren hitzordu garrantzitsu gisa", nabarmendu du Urtizbereak.
Bestalde, pintxo irabazlearen alde bozkatu duten herritarren artean egindako zozketan, Raquel Montiel izan da saritua. 50 euroko bonua eskuratu du, Danontzat Gastrotekan gozatzeko.
Hondarribiko Udalak parte hartu duten establezimendu guztien, epaimahai profesionalaren eta herritarren inplikazioa eskertu nahi ditu. Mila esker guztioi!

