Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako indarkeriak salatzeko adierazpen bateratua
Herriko jaien atarian, eta azken aldian gertatutako eraso sexisten aurrean, Emakumeen aurkako sexu indarkeria matxistarik gabeko eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako indarkeriarik gabeko jaien aldeko adierazpen bateratua egin du Hondarribiako Udalak. ABOTSANITZ, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH BILDUk babestu dute.
0 tolerantzia emakumeen aurkako indarkeria matxistarekiko eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako indarkeriarekiko.
Udalak gogorarazi du emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea dutela eta jaiek emakumeen aurkako indarkeria martxista eta LGTBIQ+ fobikorik gabeko gozamen eta ospakizun gune izan behar dutela, jaien testuinguruan DENAK EZ DUELAKO BALIO.
Jaietako aisia eta gozamena emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko kideen eskubidea da, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko aukera izan behar dute. Jaietako indarkeria emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen askatasunaren, mugikortasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoa da, gizartean errotuta dagoen indarkeria sexistaren, homofobiaren, transfobiaren eta matxismoaren adierazlerik ankerrena.
Sexu-erasoak eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak, pertsonen giza eskubideen eta askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta ONARTEZINAK. Horregatik onartezina da erasotzaile batzuk, jaia inpunitate gune bilakatu nahi izatea, esparru hauetan erasoan jarraitzeko. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxista eta LGTBIQ+foboaren ondorio baizik. Horregatik, Hondarribiak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean, eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean, 0 tolerantzia agertu nahi du, Hondarribiak jai berdinzaleak nahi dituelako, askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jaiak, emakumeak aske diren jaiak nahi ditugu, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak aske diren jaiak nahi ditugu, eta ez ditugu onartzen, ezta onartuko ere inolako eraso sexista edo LGTBIQ+foborik.
Erasotzaileek ez dute tokirik gure herrian eta irmotasunez erantzungo diegu beti eraso sexistei eta eraso LGTBIQ+foboei. Gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari; Gizarte eta estamendu guztien jarrera aktiboa ezinbestekoa delako behin betikoz indarkeria matxistarekin, homofobiarekin eta transfobiarekin amaitzeko; jaiak libre eta bake giroan igarotzeko, LGTBIQ+ kolektibo pertsona bakar bat ere, emakume bat bera ere gehiago ez dadin erasotua izan, ez jaietan, ezta bere egunerokoan ere.
Bide horretan, gizonezkoak aktiboki behar ditugu MATXISMOaren eta LGTBIQ+fobiaren AURKAKO PAKTO BAT EGITEKO, haien erantzunkizunaz ohartarazteko, indarkeria matxista, homofoboa eta trasnsfoboa errotik ezabatzeko ez daitezen konplize izan erasoen, tratu txarren eta sexu-indarkeriaren aurrean.
Jaietan erasoen aurkako ekimenak eta guneak indartu ditu Udalak eta biharko gaitzespen-konzentrazioa deitu du.
Gaur irailak 6, 18:00etan. Udalak elkarreratzea deitu du, Martxoak 8 plazan arratsaldeko 18:00. Helburua da bart gauean gertatu diren bi eraso matxistak salatzea eta argi adieraztea pertsona guztiak jaiak modu librean bizitzeko eskubidea dugula eta ez dugula eraso sexista edo LGTBIQ+foboak onartuko.
Informazio guneak egun gehiagotan egongo dira. Emaginek emango du zerbitzua.
- Irailaren 3-4-5. 20:00tatik 23:00tara Azeri Elkarte azpiko plazatxoan.
- Jai egunetan: 6-8-9-10, gaueko 21:00tatik 00:00etara
Puntu Moreko kontzientziazio-lan horren barruan, honako hauek banatuko dira:
- Erasoen aurkako mezuak dituzten txapak eta pegatinak,
- Eraso matxista zer den eta haren aurrean zer egin behar den jasotzen duen liburuxka.
- Zerbitzuen gida indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.
Lehen aldiz artatze puntu bat egongo da, Itsas Etxean. Artatzea irailaren 6, 8, 9 eta 10, gaueko 00:00etatik goizeko 8:00ak arte.
Horretaz gain, egunean 24 orduz, arreta-telefono bat egongo da: 688 718 797