Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira egitarau zabala antolatu du Hondarribiko Udalak

Jarduerak ostiral honetan bertan hasiko dira, eta hilaren 25era arte luzatuko dira, herriko auzo eta gune ezberdinetan. Helburua argia da: indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzea, hausnarketa sustatzea eta herritarrak sentsibilizatzea, kultura, kirola eta elkargunea tresna gisa erabilita.
Lehenengo hitzordua ostiral honetan izango da, azaroaren 14an, Emeki Emakume Elkartearen eskutik, “Argi hitz egiten” izeneko sexualitatearen eta harreman afektibo-sexualen inguruko ziklo intergenerazionalaren bigarren saioarekin. Azaroaren 16an, Mendeluko kirol gunean “Me too” umorezko antzerkia eskainiko da, kultur ekitaldiak auzoetara zabaltzeko asmoz.
Astelehenean, berriz, egitarauko ekitaldirik berezienetako bat izango da Kultur Etxean: “Hemen bai, borroka egiten da” dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia. Dokumentalak El Salvadorreko emakumeen borroka eta erresistentzia erakusten ditu, indarkeria matxistaren eta sistema patriarkalaren aurrean egindako lana azpimarratuz. Istorio hunkigarriak eta testigantza pertsonalak uztartzen ditu, emakumeek justizia sozialaren, berdintasunaren eta bizitza duinaren alde daramaten borrokaren lekuko zuzena eskainiz. Proiekzioaren ostean, El Salvadorretik bertara etorriko diren emakume aktibista eta elkarteetako ordezkariek solasaldia eskainiko dute, euren esperientziak eta ikuspegia partekatuz. Saioa irekia izango da, eta publikoak galderak egin eta hausnarketan parte hartzeko aukera izango du.
Azaroaren 21ean “Lohi gorria” antzezlana izango da Itsas Exean, eta azaroaren 22an, Emekik antolatuta, Josladin Bixi-Bixi emakumeen pala topaketa izango da. Arratsaldean, “Musas y fusas” kontzertua eskainiko da Kultur Etxean.
Asteburuari begira, azaroaren 23an egingo da III. Emakumeak korrika, Emekiren eskutik eta astelehenean, azaroaren 24an, Kasino Zaharrean, Hondarribiko emakumezkoen VIII. Xake Ttopara txapelketa jokatuko da, Emeki eta Hondarribia Marlaxka Xake Klubaren elkarlanari esker.
Azkenik, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, hainbat ekimen izango dira egun osoan zehar. Goizeko 11:00etan, Martxoak 8 plazan “Sare morea osatzen” ekimena egingo da, eta 18:00etan, kontzentrazioa eta performancea izango dira bertan, M8 Asanblada Feminista Bidasoak deituta. Ordu berean, Gaztelekuan “Niri-nik” jarduera egingo da gazteentzako.
Igor Enparan Araneta alkateak azpimarratu duenez, “azaroaren 25ak ez du data sinboliko hutsa izan behar. Egun honek gizarte gisa daukagun erronka agerian jartzen du: emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea. Horretarako, ezinbestekoa da erakundeon eta herritarren arteko elkarlana, eta konpromiso kolektiboa sustatzea. Emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa da, eta guztion ardura da egoera hau amaitzea. Udalak konpromiso sendoa dauka berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde, eta egitarau honek sentsibilizazioa, hausnarketa eta elkartasuna bultzatu nahi ditu.”
Gainera, Enparanek herritarrei dei egin die “ekitaldietan parte har dezaten, hausnar dezaten eta elkarrekin indarkeriarik gabeko Hondarribia eraikitzen jarrai dezagun”.
Azkenik, Udalak gogorarazi du laguntza eta arreta zerbitzuak 24 orduz eskuragarri daudela:
- Hariberria (sexu indarkeria kasuetarako): 900 840 188
- SATEVI (informazio eta arreta zerbitzua): 900 840 111