Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Elkarte eta sortzaileen beharrak ezagutzeko prozesua abiatu du Hondarribiko Udalak

Hondarribiko Udalak herriko elkarte, artista eta sortzaileen beharrak ezagutzeko prozesua abiatu du, udal espazioen erabilera partekaturako aukerak aztertzeko helburuarekin. Horrela, herrian dauden baliabideen erabilera optimizatu, elkarte eta sortzaileen jarduna erraztu eta haien arteko elkarlana sustatu nahi ditu Udalak.
Horretarako, elkarte eta banakako sortzaileei beren proposamenak aurkezteko deia egin die. Besteak beste, elkarteen jarduerak, proiektu artistikoak garatzeko edo kultur tailerrak antolatzeko tokia behar dutenek izango dute beren beharrak azaltzeko aukera.
“Hondarribiko elkarteek eta sortzaileek herriko bizitza sozial eta kulturalean egiten duten ekarpena funtsezkoa da. Horregatik, lehen fase honetan haien beharrak zuzenean ezagutu nahi ditugu, eta dituzten espazio-beharrei erantzuteko aukerak aztertu. Udal espazioen erabilera partekatua sustatuz, baliabideak hobeto aprobetxatzea eta elkarteen, artisten eta sortzaileen arteko elkarlana indartzea bilatzen dugu. Lehen urrats honetan, garrantzitsuena haien proposamenak ezagutzea eta, elkarlanean, etorkizuneko aukerak lantzea da”, azaldu du Ortzi Alonso kultura zinegotziak.
Alonsok argitu duenez, hasierako fase honen xedea beharrak eta ideiak biltzea da. Beraz, proposamen bat aurkezteak ez du bermatzen udal espazio bat erabiltzeko aukera, ez eta horretarako lehentasunik ematen ere. Espazioen erabilera aukera eta baldintzak ondorengo fase batean zehaztuko dira.
Behin proposamenak aurkezteko epea amaitutakoan, interesa adierazi duten elkarte eta sortzaileekin harremanetan jarriko gara. Helburua izango da beharrak partekatzea eta espazioen antolaketan zein kudeaketan parte hartzeko aukerak lantzea.
Beharrak aurkezteko epea azaroak 3tik, abenduak 3ra izango da. Horretarako, www.hondarribia.eus webgunean eskuragarri den galdetegia bete eta gardentasuna@hondarribia.eus helbidera bidali beharko da.