Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea “Bertatik bertara” kanpainarekin bat egin du hirugarrenez Hondarribiko Udalak, ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko

Ekimenaren helburu nagusia udan Hondarribira etortzen diren bisitariek lehen unetik bertatik euskararen herri batera iritsi direla sentitzea da, bai entzuten duten hizkuntzaren bidez, bai inguruko hizkuntza-paisaiaren bidez. Horretarako, ostalaritzaren laguntzarekin, euskararen presentzia eta ikusgarritasuna indartuko dira, bisitariak euskarazko hitz eta esamolde errazak erabiltzera gonbidatuz.
Kanpainaren baitan, parte hartzen duten taberna, jatetxe eta kafetegietan mahai gaineko euskarriak banatuko dira, eguneroko egoeretan erabil ditzaketen oinarrizko hitz eta esamoldeekin. QR kode baten bidez hiztegi zabalago batera sartzeko aukera ere izango da. Aurten ere hiztegitxoak ere banatuko dira establezimenduetan, bisitariek euskarazko lehen urratsak modu erraz eta atseginean egiteko baliabide gehiago izan ditzaten.
Kanpainak urtez urte indarra hartu du Hondarribian. Lehen edizioan 12 establezimenduk parte hartu zuten; bigarrenean, 32k; eta aurten, berriz, 39 taberna, jatetxe eta kafetegik egingo dute bat ekimenarekin. Garoa Lekuona Euskara zinegotziaren hitzetan, “hazkunde horrek agerian uzten du herriko ostalaritzaren gero eta konpromiso handiagoa euskararen normalizazioarekin eta Udalak arlo honetan egiten duen sustapen-lanaren eragina”.
Kanpainan parte hartzeko, establezimenduek hainbat baldintza bete behar dituzte, besteak beste, kartak edo menuak euskaraz eskaintzea eta bezeroei lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea. "Berez, gehiago dira baldintza hauek betetzen dituzten establezimenduak, 50etik gora, baina gure ahalmena ere mugatua denez, bisitari gehien biltzen diren eremuetan banatuko da materiala”, azaldu du zinegotziak.
Lekuonak nabarmendu duenez, garaiko kanpaina hau urrats garrantzitsua bada ere, Udalak urte osoan egiten du lan ostalaritzan euskararen presentzia sendotzeko: “Aurten pauso bat harago eman dugu. Herriko ostalaritzan euskararen egoera hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko ekintzak zehazteko asmoz, azterlan bat egin dugu. Guztira, 70 taberna eta jatetxek hartu dute parte lanketan eta emaitzek erakusten dute sektoreak euskararekiko jarrera positiboa duela, eta hori oinarri sendoa da aurrera egiten jarraitzeko. Establezimenduen %60k menuak edo kartak euskaraz eskaintzen ditu, eta horretan laguntzeko, azken urtean Udalak 17 karta itzuli ditu”.
Egindako lanketa horri jarraipena emateko eta emaitzak indartzeko, Hondarribiko Udalak "Borondate kontua bada, egingo dugu" kanpaina ere jarri du martxan. Horren bidez, kartelak banatu dira herriko ostalarien artean, bezero zein langileei euskaraz aritzera gonbidatzeko.
Hondarribiko Udalak nabarmendu du ostalaritza herriko eguneroko bizitzan eta bisitarien harreran funtsezko sektorea dela, eta, horregatik, euskararen erabilera sustatzen jarraituko duela, erakundeen, ostalarien eta herritarren arteko elkarlanaren bidez.
Parte hartuko duten taberna, jatetxe edota kafetegiak honako hauek dira:
ALDE ZAHARRA
- Andire Taberna
- Badia Taberna
- Bar Larra
- Batzoki Hondarribia
- Danontzat Gastroteca
- Kasino Zaharra
- Medievo
- Palacete
- Tatapas
- Ttopara Cafe
PORTUA
- Alcanadre
- Amona Margarita
- Ardoka
- Biondar
- Branka
- Enbata
- Gaxen
- Gran Sol
- Hamabost Cervecería
- Hondar Taberna Jatetxea
- Ignacio Taberna
- Itxaropena
- Itsaspe
- Kupela
- Lekuona
- Loretxu
- Maite Taberna
- Miramar
- Ondarribi Taberna
- Rafael
- Route 33
- Txantxangorri
- Zabala Jatetxea
KIROL PORTUA
- Basque Taberna
- El Curry Verde
- Ilcapo Hondarribia
- Kalima Jatetxea
- Santamaria Jatetxea