Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Biteri kaleko haur parkea estaltzeko partehartze proiektua aurrera doa

Aurrekontu partehartzaileetan botu gehien jaso zituen ekimena da, eta lehiaketa publikoa aste honetan bertan deitu du Udalak

2022·05·13

Biteriko haur parkea estaltzeko proiektua aurrera doa. Hala, haur parkearen estalkia eraikitzeko oinarrizko proiektua eta zuzendaritza fakultatiboa erabakiko dituen deialdia egin da aste honetan bertan. Hala eman dute aditzera Txomin Sagarzazu Alkateak eta Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak.

“Gogoratu nahi dut Hondarribiko Udal Gobernuak 2022ko aurrekontuak osatzeko herritarren partehartzea lortzeko lanean abenduan hasi ginela. Orduan iragarri genuen gure herrian burutu litezkeen 5 proiektu mahai gainean jarriko genituela, eta horien artean bat hautatu beharko zutela herritarrek. Urtarrilean epea ireki genuen udal web gunean, baita presentzialki egiteko aukera ere Udal Liburutegian, Amute-Kostako eta Mendeluko auzo elkarteetan, San Pedro kaleko azokan eta Kiroldegian.

“Denetara 710 herritarrek eman zuten botoa, eta %35ak haur parke bat estaltzeko eritzia erakutsi zuten. Eskerrak eman nahi diegu herritarrei, bide batez gogoratu ere Udal Gobernu Taldean gizarte zibilarekin lanketa desberdinetan ari garela aspaldian. HAPOaren bilerak, Kosta kalean egindakoak, Mugikortasun Mahaia, Euskaraldia antolatzeko egingo ditugunak…. XXI. mendeko gobernantza ereduek abian jarri dugun ekimenetik oso hurbil dago, eta orain arteko lanketarekin jarraituko dugula ziurra da” esan du Sagarzazu Alkateak.

Maria Serrano Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotziak eman du informazio gehiago. “Behin haur parke bat estaltzeko proiektuak botu gehien lortu zituenean, Udalean departamento desberdinen artean Hondarribian dauden 14 haur parkeren artean baldintza egokienak zituena zein zen aztertu genuen, irisgarritasuna, lur horien titularitatea, kokapena… kontutan izanik. Hala, Biterikoa egokiena zena ikusi zen”.

Lehiaketa publikoa martxan

“Hurrengo pausua izan zen apirilean egindako 2022ko aurrekontuaren lehen kreditu aldaketan beharrezko diru kopurua gordetzea. Apirilaren 28an egin genuen, eta aste honetan bertan konkurtso publikoa deitu da haur parkearen estalkia eraikitzeko oinarrizko proiektua eta zuzendaritza fakultatiboa esleitzeko. Irabazten duen enpresak proiektua idatzi egingo du eta hurrengo urratsa lanak esleitzea izango da. Gogoratu aurkezteko epea maiatzaren 25ean itxiko dela” gehitu du Serranok.

“Udal Gobernu Taldearen asmoa adjudikazioa egin eta ahalik eta azkarren lanean hastea da. 2022an egina egongo zela hitza eman genuen eta gure eskuetan dagoena egiten ari gara”.