Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Biteri kaleko 42 babes ofizialeko etxebizitzetan izena emateko epea zabalik da, martxoaren 27tik maiatzaren 4ra

2026-03-27
Gaurtik, martxoaren 27tik, zabalik da Biteri kalean kokatutako 42 babes ofizialeko etxebizitza (BOE) eskuratzeko izen-emate epea.

Gaurtik, martxoaren 27tik, zabalik da Biteri kalean kokatutako 42 babes ofizialeko etxebizitza (BOE) eskuratzeko izen-emate epea. Eusko Jaurlaritzako Etxebide zerbitzuak sustatutako etxebizitza hauek Hondarribian etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko helburua dute, eta interesa duten pertsonek maiatzaren 4ra arte eman ahal izango dute izena.

Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, “66 badira ere eraikitako etxebizitzak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzak, Visesa eta Alokabideren eskaerari erantzunez, behin-behinean 24 etxebizitza esleipen-prozeduratik kanpo uztea erabaki du. Etxebizitza hauek, Muliate sustapeneko erabiltzaileen aldi baterako birkokapenerako bideratuko dira, haien etxebizitzetan konponketak egin bitartean”.

Etxebizitza hauek erregimen orokorreko babes publikoko etxebizitzak izango dira, eta esleipena alokairu edo jabetza baldintzen arabera egingo da, indarrean dagoen araudiari jarraituz. Izena emateko, ezinbestekoa izango da Etxebide-n alta emanda egotea, Euskadiko etxebizitza eskatzaileen erregistroan, eta ezarritako baldintza guztiak betetzea.

Parte hartzeko baldintzak

Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

  • Errolda: Gutxienez urtebeteko errolda jarraitua izatea Hondarribian, edo azken hamar urteetan bost urtekoa (etenekin). Salbuespenak izango dira mugikortasun murriztua duten pertsonak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.
  • Etxebideko eskaera: Etxebizitza babestuen eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea, alokairu-eskatzaile gisa eta Hondarribia udalerria hautatuta. Mugikortasun murriztua dutenek edozein udalerritan eman dezakete izena.
  • Diru-sarrerak: 2024ko diru-sarrera haztatuak 9.000 eta 46.463,29 euro bitartekoak izatea. Salbuespenak egongo dira kolektibo jakin batzuentzat, hala nola desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktimentzat.
  • Bizikidetza-unitatea: Gehienez 7 kide izatea.

Izen-emateko moduak

Interesa dutenek hiru bide hauetako edozein erabil dezakete:

  1. Telematikoki: Etxebideren webgunearen bidez.
  2. Aurrez aurre: Zuzenean bulegoan (hitzordua eskatuta), Andia kalea 13, Donostia.

Erakundeen arteko lankidetza

Proiektua Visesa-rekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez garatu da. Hitzarmenean adostu bezala, Hondarribiko Udalak lursaila doan lagatzeaz gain, obraren amaierako kostuaren %15eko ekarpena egingo du, gehienez ere 1.486.784,48 eurora arte.

Erakundeen arteko lankidetza estuari eta konpromiso partekatuari esker izan da posible proiektu hau. Hain zuzen ere, hori da gure etxebizitza politikaren oinarrietako bat: administrazioen artean lankidetzan aritzea, herritarren beharrei erantzuteko”, adierazi du Igor Enparan Araneta alkateak.

Era berean, nabarmendu du ekimen hau “urrats garrantzitsua” dela eta etorkizuneko garapenetarako abiapuntu izan daitekeela: “HAPO onartuz gero, elkarlan horren lehen fruitua litzateke. Aurrera begira, beste proiektu batzuetan ari gara lanean, hondarribiar guztiei etxebizitza duin eta eskuragarria eskaintzeko asmoz”.

Izen-ematearen inguruko informazio guztia: https://www.etxebide.euskadi.eus/webetxe00-content/eu/contenidos/noticia/insc_42_hondarribiabiteri_vpo/eu_def/index.shtml