Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Hondarribiko Udal gobernuak biharko osoko bilkuran onarpenera eramango duen II. Berdintasun Plana aurkeztu du

Planak 2026–2029 aldian udalerriko berdintasun-politikak gidatuko ditu, eta helburua udalerriari berdintasun politika publiko egituratu, koherente eta iraunkorra eskaintzea da.
Diagnostikotik abiatutako plana
2024ko maiatzean hasi zen, diagnostiko fasea. Hilabeteetan zehar, udaleko zerbitzuak, langileak eta tokiko eragileak entzun dira: datu kuantitatiboak bildu, elkarrizketa sakonak egin eta talde-dinamikak garatu dira, ondoren informazio hori guztia aztertzeko.
Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, diagnostiko hori ez da egoera deskribatzera mugatu: “Udal-bizitzako hainbat esparrutan dauden desberdintasun zehatzak identifikatzeko aukera eman du. Garrantzitsua da hori aitortzea, izan ere, urte luzez berdintasuna ez da behar bezain sakon landu gure udalerrian, eta horrek hainbat gabezia eragin ditu”. Alkatearen arabera, egoera hori onartzea “ez da ahultasunaren seinale, aurrera egiteko ezinbesteko baldintza baizik”.
Diagnostikoak, gainera, izaera parte-hartzailea izan du. Udaleko arlo ezberdinek eta Hondarribiko hainbat elkartek parte hartu dute planaren diseinuan, eta horri esker dokumentu errealista eta tokiko testuingurura egokitua osatu da. “2025eko martxoan planaren diseinuari ekin genion. Eta hemen ere, metodologia argia eta irekia izan da: lan-saioak, lehentasunen definizioa, udal taldeen ekarpenak, eta herritarrei zein elkarteei irekitako partaidetza epea. Zirriborro desberdinak landu dira, ekarpenak jaso, aztertu eta txertatu dira”, azpimarratu du Enparanek.
Izan ere, Plan honen indargune eta ezaugarri nagusia horixe da: ez dela kanpotik ekarritako eredua, baizik eta bertako errealitatetik abiatuta eraikitako tresna.
Lau ardatz estrategiko eta 124 ekintza
Planak guztira 124 ekintza jasotzen ditu, lau ardatz estrategikotan egituratuta:
- Gobernu Ona: genero ikuspegia udal-jarduera osoan zeharkako printzipio gisa txertatzea.
- Emakumeen ahalduntzea: autonomia ekonomikoa, partaidetza sozial eta politikoa eta eskubideen erabilera eraginkorra sustatzea.
- Gizarte-antolaketa eta zaintza: erantzunkidetasunean oinarritutako eredu bidezkoago eta iraunkorrago baterantz aurrera egitea.
- Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak: prebentzioa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta erakundeen arteko koordinazioa indartzea.
Ardatz horiek ez dira modu isolatuan ulertzen, baizik eta elkarren artean lotuta, udal-politika guztiak zeharkatzen dituen ikuspegi integral baten barruan.
Gainera, planaren garapena bermatzeko, gobernantza-egitura zehatza ezarri da: berdintasun teknikaria, talde eragile politiko-teknikoa, Berdintasun Mahaia eta udal talde guztien ordezkaritza duen UDAL KUDEAKETA BATZORDEA. Era berean, jarraipen eta ebaluazio sistema hiru mailatan egituratu da: ekintzen gauzatzea, urteko ebaluazioak eta azken inpaktuaren balorazioa, adierazle objektiboetan oinarrituta.
Berdintasuna, betebehar instituzionala
Udal gobernuak argi utzi nahi izan du berdintasuna ez dela aukera bat, betebehar bat baizik. “Administrazio publikoek ezin dute neutral mantendu; desberdintasunak daudenean, ez jardutea ere jarduteko modu bat da, eta kasu honetan desberdintasunak mantentzea dakar”.
Testuinguru horretan, Emakunde-ren jarraibideak funtsezkoak izan dira plana lantzeko. “Jarraibide horiek argi eta garbi ezartzen dute berdintasun-politika publikoek desberdintasunak zuzentzeko neurri zehatzak jaso behar dituztela, eta eremu guztietan aplikatu behar direla, baita gizarte eta kultura arloan ere”, azaldu du Enparanek.
Planak gai esanguratsu bati ere heltzen dio: Alardea. “Egindako diagnostikoak agerian utzi du azken urteetan Alardearen inguruko gatazkak eragin zuzena izan duela udalerriko berdintasun-politiken garapenean, eztabaida ugari bereganatu baititu eta beste esparru batzuetako lanketa zaildu duelako”, adierazi du Estitxu Urtizberea alkateordeaka.
Testuinguru horretan, planak gaiari berariazko tratamendua ematea erabaki eta hasierako zirriborroan bi ekintza-ildo nagusi jaso ziren: batetik, Alardearen inguruko gatazkaren konponbidean aurrera egitea, berdintasunari lotutako auzi gisa ulertuta; eta, bestetik, alarde parekidearen alde emakumeen eskubideen defentsan pairatutako indarkeria aitortzeko moduak aztertzea.
Udal ordezkariek azpimarratu dute Alardea Hondarribian sakon errotutako tradizioa dela, herriaren nortasunaren parte eta balio sozial eta emozional handikoa. Hala ere, onartu dute badirela parte-hartzearen eta genero-rolen inguruko eztabaidak, eta hor kokatzen direla planak jasotzen dituen jarduera-ildoak. “Berdintasun-politikek desorekak dauden esparru guztietan jardun behar dute, baita kultur arloan ere”, azaldu du Urtizbereak.
Emakunderen txostenak berariaz ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, parte-hartzean dauden desorekak direla eta. Desoreka horiek politika publikoetatik aztertu eta landu behar dira, eta txostena loteslea da. “Beraz, Alardea Planean sartzeak ez dio Udalaren erabaki diskrezional bati erantzuten. Aplikatzen ari garen berdintasun-esparrutik eratorritako betebehar bati”.
Garoa Lekuona bigarren alkateordeak ere azpimarratu du Udal gobernua ez dela aukeratzen ari gai hori jorratu ala ez: “Hori egitea eskatzen dion esparru bat betetzen ari da. Jarrera argia da eta gainera legeak hori exigitzen digu. Gizarte ohiturak ez dira estatikoak; denboran zehar eboluzionatzen dute, eta hala jarraituko dute. Eta bilakaera horrek bateragarria izan behar du gaur egun aitortzen ditugun oinarrizko eskubideekin, besteak beste, berdintasunarekin”.
Enparanek, gainera, nabarmendu du prozesuan ez dela bazterketarik, betorik edo diskriminazio politikorik egon: “Politika publikoetan parte hartzeko prozesuak ez dira uniformeak. Espazio irekiak eta espazio teknikoak uztartzen dituzte, bakoitzak bere funtzioarekin. Antolaketa hori funtzionamendu-irizpideei dagokie, ez irizpide ideologikoei”.
Amaitzeko, Udal gobernuak azaldu du planaren helburua ez dela gatazka konplexuak berehala konpontzea, baizik eta “norabide argi, koherente eta iraunkor bat ezartzea gizarte-eraldaketarako”. Ildo horretan, azpimarratu dute hori dela erakunde publiko baten ardura: “oinarri legalarekin eta etorkizuneko ikuspegiarekin jokatzea, testuingurua konplexua denean ere”. Horretarako, udal talde guztiei dei egin die konpromisoz joka dezaten, Hondarribiko Udalaren II. Berdintasun planak ahalik eta babes zabalena izan dezan.
Informazio erlazionatua