Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Bertako Produktuaren Asteak Hondarribiko ekoizleak eta tokiko elikadura izango ditu protagonista irailaren 28tik urriaren 4ra

Bertako ekoizleen lana ezagutarazi, tokiko produktuen kontsumoa sustatu eta lehen sektoreak herriaren ekonomian, kulturan eta paisaian duen garrantzia herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, Hondarribiko Udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean, Bertako Produktuaren Astea antolatu du beste urte batez. Irailaren 28tik urriaren 4ra, adin eta publiko guztientzako jarduerak eta tailerrak izango dira, haur, familia, heldu eta adinekoei bertako produktuen mundua modu praktiko, ludiko eta gertukoan ezagutzeko aukera eskainiz.
Tailerretan parte hartzeko izen-ematea irailaren 14tik 20ra egongo da zabalik, hondarribia.eus webgunean. Plazak mugatuak izango dira, eta eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa egingo da irailaren 21ean.
“Bertako Produktuaren Astea ez da soilik bertako produktuak ezagutzeko edo dastatzeko astea; gure herriko ekoizleen lana, ahalegina eta jakintza aitortu eta balioan jartzeko aukera ere bada. Atzean ditugun ekoizleek, baserritarrek, arrantzaleek, artisauek… gure herriaren nortasunaren parte den ondare bat gordetzen dute, eta ezinbestekoa da belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzea”, azaldu du Estitxu Urtizberea zinegotziak.
“Askotan, merkatuan edo gure etxeetan hain gertuko ditugun produktuen atzean dagoen lana ez dugu behar bezala ikusten. Aste honekin, produktutik harago joan nahi dugu: nork ekoizten duen, nola egiten den eta zergatik den hain garrantzitsua bertakoa kontsumitzea ezagutarazi nahi dugu. Izan ere, bertako produktua aukeratzea gure inguruko pertsonen lana babestea da, gure ekonomia indartzea eta, aldi berean, gure paisaia, gure kultura eta gure gastronomia zaintzea”, gaineratu du.
13 tailer eta jarduera
Astean zehar 13 proposamen izango dira, adin eta interes ezberdinetara egokitutako jarduerekin.
Astelehena
Amona Margarita okindegian, Martin Beramendirekin, haurrek ogia modu dibertigarri eta artisauan egiten ikasiko dute “Gure Okindegia” tailerrean. Helduek, berriz, Tatapas Gastrotekan izango dute hitzordua, Adur Arrieta eta Ioritz Imazekin. Benetako euskal gaztak dastatu eta gozatzeko aukera izango da.
Asteartea
Etxeko txikienek “Gozo-Gozo” tailerrean parte hartu ahal izango dute. Garuan, Mariana, Sandra eta Estitxurekin batera, azenario-pastel goxoa prestatuko dute, bertako osagaiak erabiliz eta errezeta urratsez urrats ezagutuz.
Helduei zuzendutako proposamena, berriz, Sebastian jatetxean egingo da. Jordi Comellasekin, parte-hartzaileek euskal pastel tradizionala egiteko sekretuak ikasiko dituzte.
Asteazkena
Familiei zuzenduta erleen mundu liluragarria eta eztiaren ekoizpenaren sekretu guztiak ikasteko aukera izango da Juan Mari Arabolaza eta Jesus Isidro Miquelezekin, Bidasoako Erlezain Elkartean.
Osteguna
San Gabriel egoitzan, bertako egoiliarrekin kontserba-tailerra egingo da. Iosu Carrionen eskutik, parte-hartzaileek Hondarribiko kontserben artisautza ezagutuko dute eta kontserba mota ezberdinak dastatuko dituzte.
Bestetik, Botika agroaldean, haur zein helduentzako jarduerak izango dira. Saioa Loidirekin eskulan koloretsu eta originalak sortuko dituzte haurrek, elementu ezberdinekin, “Kolorez blai!” tailerrean. Helduek, berriz, agroaldea bertatik bertara ezagutzeko bisita egingo dute Eneko Huarterekin. Bertako ekoizleen lana eta ekoizpen-prozesuak ezagutzeaz gain, produktuen jatorria eta tokiko ekoizpenak duen garrantziaz jabetzeko aukera izango dute.
Ostirala
Danontzat Gastrotekan, Gorka Irisarrirekin, “Sukaldea Bizirik” tailerra eskainiko da helduentzat. Merkatuko produktuekin sormena beste ikuspegi batetik landuko da bere sukaldean.
Larunbata
Astea amaitzeko, azokan bertan egingo dira hainbat jarduerara. Amaia eta Adurrekin, haurrei zuzendutako show cooking saioa izango da. Ondoren, Leire Etxaiderekin, loreen mundura modu sortzailean hurbiltzeko aukera izango dute haurrek, eta orri-markatzaileak egingo dituzte.
Horrez gain, Axalia tailer kreatiboaren eskutik, etxeko txikiek giltzatako bereziak sortu eta josteko aukera izango dute.
Azkenik, Landaolaren eskutik, azokako sasoiko osagaiak abiapuntu hartuta, herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskainiko zaizkie.
Urtizberearen hitzetan, “haurrek ogia egiten ikastea, familiek erleen mundua ezagutzea, gure gaztak dastatzea edo azokako sasoiko produktuekin sukaldatzea baino gehiago da. Horrelako esperientziek ezagutza eta oroitzapenak sortzen dituzte, eta herrian bertan dugun altxorra ezagutzen eta estimatzen laguntzen digute. Horregatik, herritarrak tailerretan parte hartzera gonbidatu nahi ditut, proposamenak probatzera, ekoizleak ezagutzera eta gure artean hain gertu dugun hori beste begi batzuekin deskubritzera”.