Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea BAPEZ!, gazteen artean tabakoaren eta vapeoaren erabilera prebenitzeko kanpaina jarri du martxan Prebentzio Komunitario Zerbitzuak

Ekimen honen helburua da gazteen artean tabakoaren eta lurrungailuen kontsumoaren inguruko pertzepzioak berrikustea eta osasun-arriskuen gaineko kontzientzia indartzea, gaur egungo joera berriei arreta berezia jarriz.
Azken urteetan, baperrak eta errekuntza baxuko tabako-produktuak “kalte gutxiagoko” alternatiba gisa aurkeztu izan dira maiz gizartean eta sare sozialetan. Horrek, ordea, arriskuaren pertzepzioa murriztu du gazteen artean, eta zenbait kasutan kontsumoaren hasiera goiztiarra erraztu du. Lupe Queiruga Gazteria zinegotziak azaldu duenez, “gazteek gero eta goizago jasotzen dituzte tabakoaren eta vapeoaren inguruko mezu desitxuratuak, askotan sare sozialetan eta ingurune hurbilean. Horregatik, ezinbestekoa da informazioa eskaintzea”.
Testuinguru horretan, BAPEZ! kanpainak informazio argia, zorrotza eta eguneratua eskaintzea du helburu, gazteek erabaki informatuagoak eta osasungarriagoak hartu ahal izan ditzaten. Queirugak berak azpimarratu duenez, “BAPEZ! bezalako ekimenek aukera ematen dute gazteekin zuzenean hitz egiteko, euren errealitatetik abiatuta eta epaiketarik gabe. Prebentzioa da dugun tresnarik eraginkorrena, eta horretan jarraituko dugu lanean”.
Horrez gain, kanpainak kontsumo horien atzean dauden faktore sozialak ere azpimarratzen ditu: modaren eta estetizazioaren eragina, sare sozialetako irudikapen idealizatuak, taldearen presioa eta kide izatearen beharra. Elementu horiek guztiek jokabide horien normalizazioan eragin zuzena dute, eta horregatik prebentzio komunitarioaren lana funtsezkoa da.
Hezkuntza komunitatean egindako lana
Kanpainaren baitan, Hondarribiko DBHko ikastetxe guztietan tutoretza-saioak egin dira. Saio horietan, gazteek zuzenean jaso dute informazioa, beren esperientzietatik abiatuta hausnarketa kolektiboa sustatu da eta prebentzioaren inguruko elkarrizketa dinamikoak garatu dira. Ikasle bakoitzak kanpainaren identifikazio-txapa bat ere jaso du.
Hitzaldia Kultur Etxean
Kanpaina borobiltzeko, ekainaren 3an, 17:30ean, “Tabakoa eta baperra: informazioa, hausnarketa eta solasaldia” egingo da Kultur Etxean.
Saioan parte hartuko dute Maider Sierra osasun psikologoak, Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio arloko arduradun eta Aireberri —tabakoari aurre egiteko Euskadi eta Nafarroako elkartea— elkarteko presidenteak; eta Joseba Zabala osasun publikoko mediku eta Aireberriko kideak.
Ekitaldia herritar guztientzat irekia izango da, eta helburua da tabakoaren eta antzeko produktuen inguruko ezagutza zabaltzea eta prebentzioaren garrantzia gizartean indartzea.
“BAPEZ!” kanpainarekin, Hondarribiko Udalak gazteen osasuna eta ongizatea lehen lerroan jartzen jarraitzen du, prebentzioa, hezkuntza eta sentsibilizazioa oinarri hartuta.