Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Aurrekontu- eta diruzaintza-aldaketak, txakurrak biltzeko zerbitzuaren jarraipena, kirol elkarteei dirulaguntzak eta Ikerketa Feministarako Bekaren oinarriak abuztuko ezohiko udalbatzan

2026-08-13
Gaur goizean egin da abuztuko ezohiko osoko bilkura, eta besteak beste, aurrekontu-kredituen aldaketak, diruzaintzako gerakinaren erabilera, txakurrak biltzeko zerbitzuaren jarraipena eta kirol zein berdintasun arloko hainbat proposamen aztertu dira.

Hondarribiko Udalak hainbat neurri eta proposamen aztertu ditu gaur goizean egindako abuztuko ezohiko osoko bilkuran. Besteak beste, aurrekontu-kredituen aldaketak eta diruzaintzako gerakinaren erabilera, txakurrak biltzeko zerbitzuaren jarraipena bermatzeko proposamena, kirol erakundeei dirulaguntza izendunak ematea eta Hondarribiko Ikerketa Feministarako Bekaren oinarriak hasiera batean onartzea izan dira bilkuran landutako gai nagusiak.

Aurrekontu-kredituen aldaketak eta diruzaintzako gerakinaren erabilera

Udalbatzak diru-partiden arteko kredituak aldatzeko onarpen proposamena gehiengoz onartu du, Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren abstentzioarekin; diruzaintzako gerakinarekin kreditu gehigarriak aldatzeko onarpen proposamena, aldiz, aho batez onartu da; eta konpromiso kreditua onartzeko proposamena gehiengoz onartu da, Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Hondarribiko Udalak Aurrekontu-kredituen aldaketen bidez, 691.000 euro bideratuko ditu hainbat inbertsio-partidatara, besteak beste, udal eraikinetara, nekazaritza-azpiegituretara eta futbol-zelaira. Horrez gain, diruzaintzako gerakina erabiliko da hainbat proiektu eta udal-jarduera finantzatzeko, besteak beste, kiroldegiko obrak, Solbesko bidegorria, auzo-bideak, babes ofizialeko etxebizitzak, skate parkea eta futbol-zelaiaren lanak.

Horrela, Udalak aurrekontuko baliabideak berrantolatu eta diruzaintzako gerakina erabiliko du hainbat inbertsio eta udal-jarduerari bultzada emateko. Igor Enparan Araneta alkateak aldaketak udalbatzako kide guztiek aho batez ontzat ematea oso garrantzitsua dela azpimarratu du: “Egin beharrak prest daude eta herritarren interesarako egin genezakeen gutxieneko esfortzua da”.

María Serrano Olascoagak, EAJ-PNVko zinegotziak, bere alderdiak kredituetan aldaketak behin baino gehiagotan eskatu duela onartu du, beraz, aldaketak pozik hartu ditzutela. PSE-EEko Josu Álvarez Yeregui zinegotziak, bere aldetik, zera onartu du: “Ez dut hiriari mesede egiten dion zerbaiten aurka bozkatuko; guztiok gaude herritarren alde”.

Txakurrak biltzeko zerbitzuaren jarraipena bermatzea

Bestalde, udalbatzak hasierako onarpena eman dio, gehiengoz onartua, txakurrak biltzeko zerbitzuari dagokion eragozpen etengarria kentzearen erabaki proposamenari. Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin.

Txakurrak eta abandonatutako edo arreta behar duten animaliak biltzeko zerbitzuaren jarraipena bermatzea proposatu da. Udalaren arabera, zerbitzua nahitaezkoa eta funtsezkoa da, eta ezin da eten.

Aldi berean, 2026rako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura zerbitzuaren benetako kostuari aurre egiteko nahikoa izan ez denez, aurrekontu-zuzkidura handitzea proposatu da, dagoeneko sortutako eta etorkizuneko kontratua indarrean jarri arte sortuko diren gastuei erantzuteko. Era berean, zerbitzua behin betiko erregularizatzeko kontratazio-espedientea izapidetzen ari da Udala.

Garoa Lekuona Izeta zinegotziak mahaigaineratu du, lehenengo aldiz, Hondarribiko Udalak animalien kudeaketari dagokion kontratazio publiko bat izango duela. Eta, gaineratu du, lege aldaketaren aurrean Udalak lan fina egin duela, ahalik eta azkarren egoera onartu eta bitartekoak jarri baititu.

Hondarribiko Ikerketa Feministarako Bekaren oinarriak

Hondarribiko Ikerketa Feministarako Bekaren oinarriei hasierako onarpena emateko proposamena gehiengoz onartu da, Abotsanitz, EH Bilduren eta EAJ-PNVren babesarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Estitxu Urtizberea Sorzabal zinegotziak azaldu bezala, ikerketa feminista eta Hondarribiko errealitatearekin lotutako ikerketa-proiektuak sustatzeko baliatuko da. Beka gutxienez 7.000 eurokoa izango da eta Berdintasun Sailak lehiaketa bidez esleituko du.

Ekimena Hondarribiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren barruan kokatzen da, eta proiektuak ikerketa feministan adituak diren pertsonek osatutako epaimahai batek baloratuko ditu. Horrela, Udalak ikuspegi feministatik ezagutza sortzea eta berdintasun-politikekin lotutako ikerketa sustatzea bultzatu nahi du.

María Serrano Olascoagak beka bat sortzea eta ikerketa sustatzea positiboa dela azpimarratu du, gizon eta emakumeen berdintasunean aurrerapausoak emateko.

Kirol erakundeei dirulaguntza izendunak ematea

Kirol alorrari dagokionez, Hondarribiko udalbatzak aho batez onartu du bi kirol erakunderi 17.628,99 euroko dirulaguntza izendunak ematea onartu da. Lupe Queiruga Oronoz zinegotziak Hondarribiko Itsaskari Baitak 12.088,51 euro jasoko dituela adierazi du furgonetaren motorra konpontzeko “ezinbestekoa baita haien jardunarekin jarraitzeko”, eta Hormabiko Zesta Kirol Elkarteak 5.540,48 euro, zestak/xisterak eta pilotak erosteko.

Bi dirulaguntzak udalaren aurrekontuaren kontura emango dira, eta erakundeek jasotako funtsen erabilera justifikatu beharko dute.