Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Arrantzaleen Kofradiak, Ioseba Amunarrizek edo Izugarria Konpartsak jasoko du Urrezko Intsignia

2026-08-06
Hondarribiko Hiriko Urrezko Intsigniaren hartzailea aukeratzeko parte-hartze prozesua aurrera doa, herritarren iritzia oinarri duen ekimena azken fasera iritsi baita.

Hondarribiko Hiriko Urrezko Intsigniaren hartzailea aukeratzeko parte-hartze prozesua aurrera doa, herritarren iritzia oinarri duen ekimena azken fasera iritsi baita: azken bozketa ostiral honetan (abuztuak 7) hasiko da, eta, beraz, hondarribiarrek izango dute hitza erabakitzeko Jai Nagusietan herriko aitortzarik gorena jasoko duen pertsona edo erakundea nor izango den.

Hiriko Urrezko Intsigniaren bidez, Udalak herriaren garapenean, bizitza sozialean, kulturalean, ekonomikoan edo bestelako esparruetan ibilbide nabarmena egin duten pertsona eta erakundeen lana, konpromisoa eta ekarpena aitortzen ditu. Bada, herritarrek beren hautagaiak proposatu ondoren eta Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hautagaitzak aztertu eta baldintzak betetzen dituzten hautagaien artean, hiru aukeratu ondoren, aurten Hondarribiko Urrezko Intsignia eskuratzeko herriak proposatutako pertsona eta erakundeak honako hauexek dira: Arrantzaleen Kofradiak, Ioseba Amunarrizek eta Izugarria Konpartsak

Hori horrela, berriz ere herritarren txanda izango da, herriak izango du hitza, hiru horien artean hautatzeko aukera izango baitute. Bozketa abuztuaren 7tik 21era egingo da, ostiral honetatik aurrera, eta bozkatzeko aukera Udalaren webgunearen bidez edo BAZen izango da. 

Udalak herritar guztiak animatu ditu bozkatzera: “Urrezko Intsignia hondarribiarron aitortza da, eta, horregatik, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea. Herri gisa harro sentiarazten gaituzten pertsonak eta erakundeak balioan jartzeko aukera paregabea da”.

Hiru hautagaiak

Hondarribiko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hautagaitzak aztertu eta baldintzak betetzen dituzten hautagaien artean, hiru aukeratuko ditu: 

Arrantzaleen Kofradiak Hondarribiko itsasontzietan lan egiten duten arrantzaleak elkartzen ditu 1361. urtean sortu zenetik. Elkartearen helburu nagusia Kofradiako kideen beharrei erantzutea da, arrantzalea bere lanerako ahalik eta ondoen prestaturik egon dadin. Baina, aldi berean, Hondarribiko tokiko ekonomiaren eta itsas kulturaren garapenean funtsezkoa izan da. Kofradiak herriaren nortasuna sendotu du: itsas tradizioa belaunaldiz belaunaldi transmititzen laguntzen du eta Hondarribia itsasoari estuki lotutako herria dela sendotzen du.

Ioseba Amunarrizek 25 urte baino gehiago daramatza Hondarribiko traineruaren patroia izaten. 1991n sartu zen Hondarribiko Arraun Elkartean, eta 1993an Hondarribiko B traineruaren patroia izendatu zuten. Urte horietan bandera ugari eskuratu zituen, 2002an Ama Guadalupekoa traineru nagusiko patroi bilakatu arte. Lehen taldearen buru bezala, hiru aldiz aukeratu dute TKE Ligako patroi onena, eta garaipen garrantzitsuak lortu ditu, besteak beste, Kontxako Bandera eta Euskadiko Txapelketa. Urte luzez erakutsitako lidergoari, konpromisoari eta lan egiteko moduari esker, Hondarribiko arraunaren ikur bihurtu da, herriaren izena Euskal Herriko eta estatuko arraunaren lehen lerroan jarri baitu. Amunarrizek, beraz, herriaren harrotasuna indartu du eta belaunaldi berriei arraunerako grina eta eredua eskaintzen die.

Izugarria Konpartsa Hondarribiko erraldoien konpartsa da. Urte osoan zehar herriko eta inguruko jaietan parte hartzen du, baina, bereziki, Hondarribiko kaleak alaitzen ditu ospakizun berezietan, kalejira koloretsu eta ikusgarriekin. Izugarria non, jai giroa han. Konpartsak, ordea, festa baino askoz gehiago eskaintzen dio herriari. Herritarren arteko elkargunea da, belaunaldi desberdinak batzen dituena eta parte-hartzea eta auzolana sustatzen dituena. Bere jardueraren bidez, Hondarribiko jai giroa eta kultura herrikoia bizirik mantentzen laguntzen du, erraldoi eta buruhandien tradizioa belaunaldiz belaunaldi transmititu eta herriaren nortasuna aberastu.