Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Arrantzale Auzoa berriritartzeko lanak hasi ditu Udalak
Atzo otsailaren 3an hasi ziren ofizialki Arrantzale Auzoa berrurbanizatzeko lanak, eta 15 hilabete iraungo dute. Hala adierazi du Estitxu Urtizberea Hiri eta lurralde antolakuntzarako zinegotziak.
“Duela egun gutxi amaitu ziren Santiago kaleko 1etik 21era egindako berrurbanizatze lanak, eta oraingoan Portu auzoaren bihotzean dagoen Arrantzale Auzoaren txanda dator. Obra handia da, 15 hilabete iraungo du, aurrekontua 2.861.454,95 eurokoa da, eta Urbycolan enpresa izango da obrak garatuko dituena.
Proiektu honekin, duela urte batzuk hasitako Portu auzoaren berrurbanizatzeari amaiera ematen zaio, Almirante Alonso kalean hasi eta Matxin Artzu, Bernat Etxepare, Zuloaga, San Pedro eta Santiago kaleak berriritartu ondoren.
Amaitu berri den Santiago kalean bezala, “proiektuaren helburua irisgarritasuna bermatzea eta espazio publikoaren kalitatea hobetzea da. Oinezkoentzako espaloiak zabaldu egingo dira, eta oztopo arkitektonikoak kendu. Oro har paraleloan doan San Pedro kalearen irizpide bera jarraituko da.
Horrekin batera, Txingudiko Zerbitzuekin lankidetzan, ezinbestekoak diren eta ikusten ez diren lurpeko azpiegiturak egokituko dira: saneamendu eta ur hornidura sareak, baita telefono eta argindar azpiegiturak ere. Argiztapenean ere hobekuntzak egingo ditugu eta hiri-altzariak berrituko dira. Gainera, komun publiko finko berri bat jarriko da Gran Sol tabernaren atzealdean”.
Hiru fasetan banatua
Urtizberea zinegotziak zehaztu duenez, “proiektuak 15 hilabete iraungo du eta hiru fase izango ditu. Atzo hasitako lehenengo fasean, Gran Sol eta Itxaropena tabernen artean dagoen plazatxoa eta inguruak berrituko dira. Ezustekorik egon ezean, maiatz amaierarako egina egotea aurreikusi da.”
Jarraian, plaza amaitu ondoren, Arrantzale Auzoko 1-13 tartean egingo dira lanak. Fase hori aurtengo uda partean egitea espero da.
“Hirugarren fasea, arrantzale auzoko 13 zenbakiaren ingurutik San Pedro kalea berritu zen azken punturaino iritsiko da. Fase hau, 2025eko udazkenean hasi eta 2026ko martxora arte iraungo du” zehaztu du zinegotziak.
Auzotarrak eta ostalariak
“Auzotar eta ostalariei begira, plazan bertan lanei buruzko zalantzak argitzeko informazio puntu bat egongo da. Horretaz gain, lanak hasi aurretik, Gobernu Taldea auzotar eta 1.go fasean lanak jasango dituzten ostalariekin batzartu gara, proiektuaren informazioa helarazi eta euren kezkak aztertzeko. Asmoa da pixkanaka gainontzeko ostalari eta komertzioko jabekideekin ere biltzea” amaitu du Estitxu Urtizbereak.